Badatoz mozorroa janzteko egunak, gogotsu zaude?
Hori gutxi esatea da. Inauterietan bizitzen denak ez du parekorik eta, tolosar batentzat, egun horiek iritsi aurreko asteak ikaragarri luzeak dira. Pentsa, bi ikaskidek apustua egin didate, ea klasean inauteriei buruzko ezer esan gabe egoten naizen mozorrotzen naizen lehen egun arte. Lan zaila oso…
Azken bi urteotan eguraldiak ez du gehiegi lagundu. Eguzkiarekin, inauteriak ere askoz hobe, ezta?
Eguzkiarekin askoz hobe, noski! Karrozek, txarangek eta festak, oro har, ez duelako ikusgarritasunik galtzen. Hala ere, tolosarrok egunotan beste kasta batekoak bihurtzen omen gara, eta euri, elur nahiz kazkabarra, ez dugu kalera irteteko arazorik izaten.
Festak hamaika aurpegitatik bizitzen dituzu zuk.
Bi fase izan ohi dituzte nire inauteriek: ostegunetik igande goizera, festaren alde musikalaz bustitzen naiz eta, ondoren, mozorroen aldera pasatze naiz. Ostegunean Pintxana txarangarekin ospatzen dut eguna eta ostiralean, aldiz, gaueko danborradan hartzen dut parte. Larunbat goizean Udaberrikoekin irteten naiz eta, arratsaldean, bandarekin danborradan klarinetea jotzen. Azkenik, igande goizean Dianarekin amaitzen da nire lehen inauteri-tartea, instrumentua jotzeaz nekatuta.
Baina indarrik izaten duzu artean.
Bai. Mozorroen munduan murgiltzen naiz gero, igande eta asteartean lagunekin eta, Astelenitan, Kazkabarra aisialdi taldearekin, aprobetxa daitezkeen festa ordu guztiak aprobetxatzeko asmoz.
Mozorroa denborarekin prestatzea gustatzen zaienetakoa zara?
Ez galdetu zergatik, baina inoiz ez dugu izan mozorroa denborarekin prestatzeko zorterik. Diruz larri ibiltzen garela-eta, etxean ditugun trapuekin mozorrotzea erabakitzen dugu. Inauteriak amaitu eta beti aipatzen dira horrelakoak: «Hurrengo urterako mozorroa gehiago landu beharko genuke», «Lehenago hasi beharko genuke prestatzen»,… Gezurra galanta!
Eta, jantzi dituzun mozorro guztien artean, ba al duzu bereziki kuttunik?
Duela hiruzpalau urte Kazkabarran Pirritx, Porrotx eta Marimototsen mozorroa aukeratu genuen, eta niri azken pertsonaia egokitu zitzaidan. oso gustura ibili nintzen, eta errepikatu izan dut mozorroa.
Ados al zaude 'Txarangarik gabe inauteririk ez' leloarekin?
Guztiz ados. Beti esan ohi dut niretzat txarangak inauterien %70 direla. Ni bezalako txarangafrikientzat, txaranga doinuak entzun eta oilo ipurdia jartzen zaigunontzat, txarangarik gabeko inauteriak pentsaezinak dira. Errepertorioa ezagutzen dugu, kantatzea eta dantzatzea gustatzen zaigu… Gora txarangak eta txarangafrikiak!
Txaranga entzuteko berezi-berezia den une bat, inauterietan?
Bi aukeratuko nituzke. Lehena, dudarik egin gabe, ostegun gauean, Aroztegieta kalean, Rondilla kalean… Txarangak pasatzean geratzen den inauteri usaina errepikaezina iruditzen zait. Jendea alai, festa gogoz, ezin hobea. Bigarrena, aldiz, zezenen ondoren, Berdura plazako dantzaldian: mozorro eta kolore festa, txarangetako musikak alaituta. Une horretan biltzen dira, normalean, txarangak eta euren doinuak benetan errespetatu eta maitatzen dituztenak.
Zer duzu nahiago, txarangan jotzea edo jotzen ari direla entzun eta salto egitea?
Ikaragarrizko zortea dut, txarangaren bi aldeez gozatzeko aukera izaten baitut inauterietan. Biak dira bikainak, baina, bat aukeratzekotan, txarangen atzetik saltoka joatea aukeratuko nuke. Kalera irten eta txaranga-doinuren bat entzutean, ziztu bizian hurbiltzen naiz zein txaranga den jakiteko; ez dut denborarik galtzen atzetik saltoka hasteko.
Gai polemikoagoetan sartuz, karrozen zarata inauterien arazotzat duzu?
Ez dut uste arazo bat denik. Karrozetako musikak baimendutako mugak betez gero, ez luke arazorik egon beharko. Hori bai, helarazi egin behar da inauteriak errespetuan oinarritutako festak direla, eta denok dugula ondo pasatzeko aukera. Garai berrietara moldatzea garrantzitsua iruditzen zait, baina horretarako denon konpromisoa ezinbestekoa da.
Zerbait falta al zaie Tolosako inauteriei?
Ez dakit. Beti izango da hobetzekorik. Inauteriak, beste festa guztiak bezalaxe, eboluzionatzen ari dira, eta horrek dakartzan aldaketak onartu behar ditugu. Benetan, bihotzez espero dudana zera da, tolosarren gozatzeko eta ondo pasatzeko grina inoiz ez galtzea.
Hausterre eguna urteko egunik tristeena al da?
Ezta inola ere. Hausterre deskantsuan igarotzen dut, eta lagunekin inauteriek utzi dizkiguten anekdotak errepasatzea gustatzen zait. Hausterre egunean hurrengo urterako inauterietako zenbat egun falta diren kontatzen hasten den horietakoa naiz ni!
MOTZEAN
Egun bat?
Ostegun Gizena.
Goiza ala gaua?
Goiza bilakatzen den gaua eta gaua bilakatzen den goiza, adibidez?
Mozorroa edo txilaba?
Txilaba.
Kantu bat?
Galtzaundi.