Inauteriak 2015. Inauterizaleak

«Inauteriak sakratuak dira niretzat»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko ots. 7a, 10:00

Inauterizale amorratua da Olatz Ibañez tolosarra; txiki txikitatik bizitu ditu festa hauek.

Inauteriak iritsi zain egoten da Olatz Ibañez (Tolosa, 1987). Koadrillarekin urtero mozorrotzen da, baina lana dela eta disfraza prestatzen azken momentuan ibiltzen da beti.  

Nola bizitzen dituzu inauterien aurreko egunak?
Normalean, urtero korrika eta presaka ibiltzen gara inauterietako aurreko egunetan, lana dela eta asteburuetan bakarrik baitugu denbora dena prestatzeko eta azkenean segituan iristen da!

Karroza edo konpartsaren batean ateratzen zara?
Bai, urtero lagun taldeak konpartsa ateratzen dugu.

Mozorroturik ateratzen al zara?
Nola ez, hori Tolosako inauteriez hitz egiterako garaian ez da ezta galdetu behar!

Zein egunetan?
Egunero, egun bakoitzerako mozorro ezberdin bat prestatzen dugu urtero.

Zein da atera dituzun mozorroetatik gehien gustatzen zaizuna?
Iazkoa urrunegi joan gabe oso ona izan zen, txikitako Hipopotamo tragabolas jokoaz atera ginen eta jendeari asko gustatu zitzaion. Loreak filmaren zuzendaria Zinemaldirako film labur batean ari zen lanean eta bertan atera ginen!

Betidanik bizitu dituzu inauteriak, txiki txikitatik?
Bai, txikitatik gurasoekin eta haien lagunekin karroza batean atera izan naiz, nire aita inauterizale amorratua izan da beti, beraz beti bizi izan ditut inauteriak era berezi batean.

Imajinatzen al duzu Tolosa inauteririk gabe?
Inoiz, ezta munduko imajinazio guztiarekin.

Zer da inauterietatik gehien gustatzen zaizuna?
Dena. Ezin nizuke gauza bakar bat esan, inauteriak gauza askoren nahasketa dira, nahasketa lehergarri bat eta Tolosan egonda bakarrik ulertu daiteke horrek denak sortzen duen giroa.

Egunero ateratzen zara?
Bai, inauteriak egun sakratuak dira eta lanean beti jai hartzen dut.

Zertaz mozorrotuko zara aurten?
Aurten lagun bakoitzak Disney-ko pelikula bat aukeratu du eta pelikula bakoitzeko pertsonaia maltzurraz aterako gara.

Zer esango zenioke Tolosako Inauteriak ezagutzen ez dituen bati?
Tolosako Inauteriak ezagutzen ez dituen edonori, aukera izanez gero noizbait etorri behar duela esango nioke. Tolosako Inauteriak ondo pasatzeko aukera ezin hobea da, musika, mozorroak, giro ona, txarangak, karrozak... hori bai, lotsa etxean utzi beharra dago, jendea paperean asko sartzen baita eta inoiz ez dakizu kaletik zer aurkituko duzun edo zer pasako zaizun!

Motzean

  • Egunik onena: Ostegun Gizena eta Zaldunita.
  • Txaranga doinu bat: Jeiki Jeiki.
  • Gustuko mozorro bat: Niretzat ez dago gauza politagorik ume txikiak animaliaz mozorrotuta ikustea baino; hartzaz, lehoiez... 
  • Eguna ala gaua: Eguna.
  • Inauterietako une bat: Ostegun Gizeneko txupinazoa, oilo-ipurdia jartzen dit urtero une horrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!