Bera leaburuarra izan arren, inauteriak txikitatik bizi izan ditu eta egun ere inauterietan erabat barneratuta igarotzen ditu egun hauek.
Posible al da tolosarra izan gabe inauterizalea izatea?
Bai, oso posible da; nahiz eta leaburuarra izan betidanik bizi izan ditut inauteriak Tolosara jaitsiz eta ikastolan ere eragin zuten gure zaletasuna.
Zer dira zuretzat Tolosako Inauteriak?
Tolosan dauden festarik onenetakoak. San Joanak eta hor daude, baina inauteriek beste xarma bat dute. Mozorroekin beste modu batera ikusten da herria.
Noiz hasten zara inauteriak prestatzen?
Mozorroetarako ideiak botatzen nahiko goiz hasten gara, baina egia esan gero azkeneko momentuan bukatzen ditugu gauza guztiak. Azkenean, denboratxo bat pasatzen dugu inauteriekin bueltaka.
Txarangaren atzetik saltoka ibiltzen den horietako al zara?
Bai, eztarria ere bertan uzten dut! Giro berezi bat ematen diote txarangek inauteriei eta saltoka ibiltzen naiz.
Egun guztietarako mozorro ezberdinak prestatzen al dituzu?
Igandean beti kuadrillan edo lagun taldean ateratzen gara. Horretarako, ideia bat proposatzen dugu eta horren inguruan mozorro ezberdinak prestatzen ditugu; norberak etxean daukanarekin edo erosi nahi duenarekin. Astelehenean aisialdi taldearekin ateratzen gara, beraz hor dena prest izaten dugu. Eta asteartean buruak ematen duena. Egunean bertan ikusten dugu bakoitzak zer jantzi nahi duen edo etxean zer duen, eta horren arabera mozorrotzen gara.
Normalean mozorro landuak prestatzen dituzue ala etxeko gauzekin moldatzen zarete?
Normalean etxeko gauzekin edo ingurukoei eskatuta moldatzen gara. Hala ere, ideia bat badaukazu buruan eta hori lortu nahi baduzu, erosi egiten duzu.
Kazkabarra aisialdi taldearekin ateratzen zara astelehenean. Egun berezia izaten da?
Bai, ume askorekin antolatu behar izaten dugu eta horrek lan asko suposatzen du, baina egun berezia da. Ni ere umea nintzela, taldean ateratzen nintzen, ilusioarekin. Eta orain begirale bezala beste modu batera bizi dut, baina hala ere, festa berdinarekin jarraitzen dugu.
Eta inauteriak amaitzen direnean, zer?
Klasera bueltatzen gara, neke handiarekin. Hurrengo asteburua lasai hartzen saiatzen naiz, deskantsatzeko eta eztarria errekuperatzeko.
Motzean
Zein da egunik onena?
Ez dakit zer esan. Egun guztiek dute bere xarma: osteguna txilabarekin, besteetan mozorroekin... Denak dira egun bereziak.
Inauterietako une bat.
Txarangaren atzetik ibiltzen garen unea, lehen musika hotsa entzutean.
Eguna ala gaua?
Eguna nahiago dut.
Inoiz ahaztuko ez duzun mozorro bat.
Lehengo urtekoa oso presente daukat. Ijito ezkontza parodiatu genuen, eta oso ondo pasa nuen. Paperean erabat sartuta ibili ginen.