Unai Arroyo: "Arantza kendu dut kros motzeko txapelketa irabazita"

Asier Imaz 2015ko ots. 4a, 16:31

Unai Arroyo Tolosa Atletismoa Taldeko korrikalaria da. 21 urterekin, igandean, Euskal Herriko Kros Motzeko txapela jantzi zuen, Eneko Agirrezabalaren aurretik helmugaratu ondoren. 

Iaz, bigarren postuan amaitu zuen lasterketa, baina aurten, baldintza gogorretan, lehen postua lortu du tolosarrak. «Arantza hori banuen, eta behin aterata, gustura nago», onartu zuen Arroyok.

Lasterketa Azpeitiak jokatu zen, 45, kilometro inguruko ibilbidean, igandean. Eguraldi txarrak zirkuitua lokazti bilakatu zuen, eta lanak zaildu. «Hasieran ez nintzen ongi atera, eta buruko taldean jartzea kosta egin zitzaidan. Behin hori lortuta, hiru geratu ginen. Eneko eta David elkarri begira zeuden, eta erasoa jotzea erabaki nuen. Indarrak neurtzeko», dio tolosarrak. Ongi atera zitzaion ordea, eta aldea zabaldu zuen; helmugara bitarte mantendu zuena.

Otsailaren 15ean Euskal Herriko Kros Txapelketa jokatuko da Elgoibarren, distantzia luzean. Bertan izango da Unai Arroyo, Azpeitian lortutako errepikatzeko asmoz, baina ez da erraza izango, aurkari gehiago egongo baitira bertan.

Tolosa Atletismoa taldeko beste korrikalariei dagokienez, Azpeitian txukun ibili ziren, nahiz eta ibilbidearen egoera kontuan hartuta, gustura korrika ibili ez zenik ere izan zen. Taldeka, hirugarren sailkatu zen Tolosa Atletismo Taldea, bigarren postutik urbil, eta Reala, Bidasoa edo Goierri Garaia bezalako talde indartsuen aurretik.

Unai Arroyo lehen postuan sailkatu bazen, Ander Ortiz tolosarra bosgarren izan zen. Bi urte lesioak direla eta geldik egon ostean indar handiz dator aurtengo urtean Ortiz.  Ondoren, 15. postuan, Juan Luis Gomez Gallego helmugaratu zen. Segundo gutxira Sergio Roman Bermejo iritsi zen, Tolosako taldearen sailkapena itxiz, 22. postuan.

Beteranoen lasterketa aurretik izan zen, eta bertan, Tolosa Atletismoa Taldeko korrikalari ugari atera ziren.  Taldeko lehena Iosu Diez izan zen 24.postuan. Ondorengo biak, elkarrekin helmugaratu ziren, eta sprinta eta guzti bota zuten: Asier Altuna eta Javier Rodriguez 32. eta 33. postuetan iritsiz. Taldekideak izanagatik, lehiakor ibili ziren. Enrique Piedra izan zen Tolosako beteranoen taldea itxi zuen korrikalaria, 42. postuan. Taldekako sailkapena kontuan hartuta, urdinak zazpigarren gelditu ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!