Juan Garmendia Larrañaga

Juan, itzal zabaleko zuhaitza

Erabiltzailearen aurpegia Ibai Iriarte 2015ko urt. 8a, 13:55

Herri baten etorkizuna, iragana ezagutuz, iragana begiratuz eraiki beharra dago eta Tolosak zein Euskal Herriak horretan iaioa zen ikertzaile fin eta nekaezina galdu  du bart. Juan Garmendia Larrañaga, Tolosako seme kuttuna hil da.

Bere azken egunera arte lanean, azken arnasara arte, bere ikerketa, bere artxibo eta bere iraganeko dokumentuak argitara eramateko gogoz zegoen lagunak, pertsonak, agur esan digu.

Niretzako, ohore bat, gozamen bat izan da Juanito ezagutu izana, garai bateko kontuez hitz egitea, bere gogo, ilusio eta herri honekiko zein euskararekiko zuen maitasuna ikustea. Artxiboetan sartzen zituen orduak, herriz herri emandakoak,  argitara ateratzen zituen altxor galduak eta batez ere, bere publikazio bakoitzaren inguruan, bere bueltan elkartzen ziren lagunek erakusten zioten maitasunak, herritar kuttuna zela erakutsi didate.

Ezin ahaztu, iraganari so ezik, etorkizuneko Tolosaren alde, Euskal Herri euskaldunaren alde eginikoak, Lizardi elkartearen sortzaile eta, horren bidez, euskararen hazia erein eta Laskorain Ikastola sortuz, garaiko ekaitz ilunaren erdian. Mila esker benetan Juan, zuk, eta zuk bezalako beste zenbait euskalzalek landatutakoaren kimu gara eta.

Orain gogoan dut, abendu erdialdean bere etxera bisitan joan nintzen azkenekoan, aurkeztu nahi zuen bere azken publikazioaz nola aritu ginen hizketan, nola eusten zion bizitzari, nola jarraitu nahi zuen lanean. Ikertzaile, etnografo, baina batez ere herri honen sustraiei gogorki lotua zegoen gizon batek egin digu ihes, baina bidean, izugarri luze, zabal eta sakona den obra utzi digu. Eta hori da finean, bere itzal luzearen ispilu, hori, lan horren segida, bera oroitzeko bide.

Juan Garmendia Larrañaga ez da soilik Tolosako seme kuttuna Udalak izendatu zuelako, tolosarrok hala sentitzen genuelako baino, eta hori, hori gutxi batzuek lortzen duten ohorea da.

Agur eta ohore, Juan Garmendia Larrañaga!

Ibai Iriarte San Vicente, Tolosako alkatea

Erlazionatuak

Juan Garmendia Larrañaga hil da

Rebeka Calvo Gonzalez 2015 urt 08 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!