Juan Garmendia Larrañaga

Juan Garmendia Larrañaga hil da

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko urt. 8a, 10:10
Juan Garmendia Larrañagaren azken liburuaren aurkezpena, pasa den ekainean

Tolosako antropologo, etnografo eta idazlea 88 urterekin hil da. Eusko Ikaskuntzako eta Euskaltzaindiako ohorezko bazkidea zen. 1926. urtean jaio zen Tolosan, eta Letra eta Merkataritzako ikasketak egin zituen. Tolosako Udalak 1998. urtean izendatu zuen seme kuttun eta iaz Ondare saria jaso zuen. 

1926. urtean jaio zen Tolosan Juan Garmendia Larrañaga etnografo, historialari eta idazlea. Letra eta Merkataritzako ikasketak egin zituen eta beste hainbat izendapenen artean Eusko Ikaskuntzako eta Euskaltzaindiako ohorezko bazkidea zen. Tolosako Udalak 1998. urtean izendatu zuen seme kuttun eta iaz Ondare saria ere jaso zuen.

Ezagutu zutenek bere laguntasuna nabarmendu dute, eta apala, xumea, fina, zintzoa eta ona bezalako hitzak erabili dituzte behin eta berriz bere heriotzaren berri izatean. Tolosarra zen, tolosar petoa askorentzat, «herriko seme kuttun izendapena merezimendu osoz eman zioten», dio Ander Letamendia mediku eta familiako lagunak. Herriko elkarte eta talde askotako kide ere bazen; Txinpartako kidea zen eta bertan Urrezko Domina ere eman zioten Letamendiarekin batera, Casinoko kide zen, Andia elkartean erreferentetzat zuten, Lizardi elkarteko sortzaileetariko bat izan zen, baita Laskorain Ikastolakoa ere...
Lan mardula utzi du Garmendia Larrañagak. Etnografo eta historialari bezala liburu asko idatzi zituen eta Joxemiel Barandiaran, Koldo Mitxelena, Julio Caro Baroja edo Jorge Oteiza bezalako pertsonaiekin aritu izan zen.

Askotariko gaiak jorratu zituen hala nola artisautza, inauteriak, jaiak, jokoak, edo mito eta kondairak. Eusko Ikaskuntzak 2003an sinatu sinatu zuen hitzarmena Garmendia Larrañagarekin Tolosako ikertzailearen lan eta artxibo guztiak biltzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin batera Eusko Ikaskuntzaren eta Euskomedia fundazioaren bidez herritar guztien eskura jarri zuten bere lanaren zati handi bat. Guztira 53 monografia eta 300 artikulu baino gehiago. Luis Haranburu Altunak editatu zizkion lan guzti horiek, eta 8 ale potolo izan zirela du gogoan. «Eta gerora ere lan asko egin du, lan ugaria eta porrokatua. Langile porrokatua izan zen, bere bizitza guztia eman zuen lanean, eta heriotzak ere lanean harrapatu du», gaineratu du. Horixe bera esan du ere Letamendiak: «Azken egunetan egon nintzen berarekin eta pena handia sentitu nuen, esan zidan bazituela zirriborro batzuk garbitzeko, baina ez zuela gogorik, ‘eta gainera ez zait inporta eta horrek kezkatzen nau’, esan ziten. Lanean aritu zen azken momentura arte».

Zubigilea zela esan du ere bat baino gehiagok; belaunaldien arteko zubigilea. Zubi lana etnografian eta antropologian egin zuela diote, baina baita maila instituzionalean ere. «Bera izan zen Barandiaranekin Eusko Ikaskuntza berpiztu zuen gizona, eta horretan ere zubi lana egin zuen», esan du Haranburuk.
Liburu ugari idatzi ditu tartean Monografía histórica de la villa de Tolosa (1969), Euskal eskulangintza (6 liburuki, 1972-1980), Iñauteria (1973), eta Neguko festak (2000).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!