Juan Garmendia Larrañaga

Erreakzioak: Juan Garmendia Larrañaga goraipatuz

Tolosaldeko Ataria 2015ko urt. 8a, 13:24

Luis Aranburu, Joxe Mari Iturralde, Ander Letamendia, Edorta Kortadi eta Kike Amonarrizek gertutik ezagutzen zuten Juan Garmendia Larrañaga. Haren inguruan mintzatu dira. Sare sozialetan ere etengabeko mezuak izan dira goiz osoan zehar.

JOXE MARI ITURRALDE:
"Urte askotan harreman handia izan nuen berarekin. Berak egin duen lana ezin da segituan neurtu. Zubi lana egin du bere garaiko eta gaur egungo belaunaldiekin. Berarekin mundu bat betirako galdu da. Oso zaila izango da jarraipena ematea, horrelako pertsonalitateak desagertu direlako, independente eta askeak. Zirkulu guztietatik aparte, influentziarik gabe, egiten zuen lan eta horrelako gutxi daude orain".

LUIS HARANBURU:
"Gizon handi bat izan da, zubigintzan aritua Gerra aurreko eta ondorengo euskaldunen artean. Bera izan zen Barandiaranekin batera Eusko Ikaskuntza berpiztu zuena. Langile porrokatua izan zen, eta heriotzak ere lanean harrapatu du. Entsegu bat egiten ari zela badakit. Bere produkzio intelektuala ikusgarria da. Nabarmenduko nuke baita lagun izateko erraztasuna".

ANDER LETAMENDIA:"Bi familien arteko harremana aspaldikoa izan da. Azken egun hauetan berarekin izan naiz eta bera konturatzen zen. Pena eman zidan. Harritu nintzen ez zuelako gogorik bere zirriborro batzuk txukuntzeko. Eta esan zidan ez ziola axola. Beti oso langilea izan da. Ondarea izugarrizkoa da, eta gauza asko ez dira galdu Euskal Herrian bere lan horri esker".

 
EDORTA KORTADI: "Nekazal mundua jasotzen eta errekuperatzen egon da bere bizitza guztian zehar. Nekazal mundua eta Inauteriak landu ditu, batez ere. Oso gizon herrikoia zen, eta Tolosako festetan beti mozorrotzen zen. Gizon askea zen oso, eta horregatik, harremana zuen alderdi poltiko desberdinetako jendearekin".
 
 
KIKE AMONARRIZ: "XX. mendeak Tolosan eman duen kulturgilerik handienetako bat joan zaigula azpimarratuko nuke. Juanitok egin duen lana erraldoia da. Betirako galduko zen ondare ikaragarria utzi digu jasota hurrengo belaunaldien esku bai hizkuntza, historia, etnografia edo inauterieei dagokienez. Juanito gainera, pieza klabea izan da euskararen berreskurapenean Tolosan. Bera izan zen euskal kulturgintzaren sustatzaile nagusietako bat frankismoren urterik ilunenetan eta baita Ikastolaren sortzaileetako bat ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!