Eutsi Goiari! (zaharra)

Tolosa Eskubaloia puzzlea osatzen ari da

Asier Imaz 2014ko azaroaren 4a

Estatuko lehen mailan, eskubaloian, zazpigarren jardunaldia jokatu da asteburuan. Tolosak etxean jokatzen zuen, puntu kopuru bera zeramatzan Anaitasunaren aurka. 

Nafarrak talde gogorra osatzen dute, eta datu guztien arabera, lehia borrokatua aurreikusten zen. Horregatik, 27-23ko emaitzarekin oso gustura zeuden etxekoak. Urtzi Otegi: «Garaipena lortuta ongi. Anaitasuna oso talde zaila da, eta oso pozik gaude».
Tolosa Eskubaloi taldeko atezain berriak, partidaren gakoa atzean egon zela dio: «Partida defentsan egin dugun lanagatik irabazi dugu. Azken aste hauetan oso ondo ari gara defendatzen, eta 23 edo 24 gol bakarrik jaso ditugu azken partidetan. Erasoan gero eta hobeto gaude, baina batez ere defentsako lana azpimarratuko nuke».
Azken bost partidak irabazita, sailkapen nagusian geldialdirik izan ez duen bideari ekin diote, goraka. Urtzi Otegik ere horrela onartzen zuen: «Poliki-poliki, baina goraka goaz. Liga ez genuen ongi hasi, lehen partida galduz eta bigarrena berdinduz. Baina neurri batean normala izan zen. Jokalari berri asko gaude aurten, eta kantxan elkar ulertzen ikasten gabiltza oraindik. Hala eta guztiz ere, lehen esan bezala gero eta hobeto gaude, eta poliki-poliki goraka goaz».
Otegi bera Bidasoatik etorri da aurten, Tolosa Eskubaloi taldearen atea zaintzera. Puzzlea osatzea entrenatzailearen lana dela dio atezainak, baina baita jokalariena ere. «Pixkanaka-pixkanaka elkar ulertzen goaz; ea noraino iristen garen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!