Tolosako 46. Abesbatza Lehiaketa

«Euskarak ukraineraren arima bera duela sentitzen dugu»

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko aza. 4a, 10:42

Galina Gorbatenkok, Glier musika institutuko abesbatzako zuzendariak emakume zorrotza dirudi, diziplinaduna. Emaitza oparoak dakartza, ordea, lanerako ohitura horrek, ez baitu lehen aldiz Tolosako Abesbatza Lehiaketa bisitatu.

Espero ez zuten arren, hiru txapelarekin eta garaikur batekin etxeratuko dira, eta txapeletako bat lehiaketako handiena izango da, gainera: Europako Abesbatza Sari Nagusian parte hartzea ahalbidetuko diena.

Zorionak, hainbeste txapela non gordeko dituzun pentsatu al duzu?

Eskerrik asko! Ez dakit, Tolosan irabazitakoekin hamahiru garaikur ditugu, eta armairuren bat aurkitu beharko dugu, guzti-guztiak gorde nahi ditugu eta.

Halako arrakasta espero al zenuten?

Egia esan, ez genuen irabaztea espero, gure aurkariak ez baikenituen ezagutzen. Gainera, emanaldi bakarra ikusteko aukera izan dugu, ostiral arratsaldekoa; beste guztiak oholtzaren atzetik entzun ditugu. Horrela, beraz, gainerako parte hartzaileen inguruan aurretik genekien apurra izan dugu erreferentzia bakar.

Euskarazko Esperantzari leiho bat obra behartua hobekien interpretatu duen taldea izan da zurea. Saria jasotzean, gainera, hunkitu ere egin zara.

Bai, bai, noski. Oso gustuko dugu euskarazko kantuak abestea, batetik, hemen etxean bageunde bezala sentiarazten gaituztelako; era berean, euskarak ukraineraren arima bera duela sentitzen dugu. Hala ere, saria irabaztearekin amestea ez da nahikoa, eta obra era perfektuan interpretatu nahi genuen, batez ere, ikus-entzuleentzat.

Tolosako Abesbatza Lehiaketa amaituta, segituan itzuliko zarete zuen herrira, ala emanaldiak eskainiko dituzue Euskal Herrian?

Astillerora goaz orain, eta handik zuzenean itzuli egingo gara gure herrira, bai. Izan ere, lehiaketaren aurretik kontzertu asko eskaini ditugu Nafarroan, Bizkaian eta Zaragozako (Espainia) Borjan. Zazpi lekutan izan gara, eta Tolosarekin, zortzi herri izan dira guztira.

Eta zer moduz ibili dira abesbatzako neskak? Gustatu zaie?

Hemen izan ginen lehen aldian Hondarribian izan ginen, eta oso ondo egon ginen. Aurten Zarautzen hartu dugu ostatu, eta aterpetxea bikaina da. Herria oso gustuko dugu; ez da oso handia, eta hondartzatik gertu dago aterpetxea, beraz, paisaia bikaina da. Bainurik ezin izan dute hartu neskek, ordea, debekatu egin baitiet, ahotsa zaintzeagatik; egonaldia zoragarria izan da, dena den.

Datorren urtean Tolosa ordezkatuko duzue Tours-en (Frantzia), Europako Abesbatza Sari Nagusian. Nola aurre egingo diozue erronka horri?

Lan gogorra izango da, zalantzarik gabe. Gainera, sari nagusia jokatuko dugun egunetan azterketa garaian izango dira neskak, unibertsitatean. Beraz, jai egun horiek irakasleei arrazoitzeko agiriak eta dokumentuak egin beharko ditugu Glier musika eskolatik, eta zuzendariaren izenean.

Erlazionatuak

Abesbatza Lehiaketako sari banaketa, iruditan

Itzea Urkizu Arsuaga 2014 aza 02 Tolosa

Bestondorik uzten ez duen ospakizuna

Itzea Urkizu Arsuaga 2014 aza 02 Tolosa

Kantu molderik magikoenak, Europa ekialdetik

Itzea Urkizu Arsuaga 2014 urr 31 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!