Hasi dituzte asteazken osasuntsuak

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko urriaren 15a

115 pertsonatik gora elkartu dira, 11:00etan, Trianguloa plazan, ibilbide osasuntsuen lehenengo hitzorduan.

Zailtasun eta distantzia ezberdineko zortzi ibilbide diseinatu dituzte herrian zehar Tolosako Udalak martxan jarri duen 'Mugi Tolosa' egitasmoaren baitan eta gaurkoan ibilbide motzena egin dute Triangulora gerturatu direnek.

Ibilbide motzena ezagutzeaz gain, kaleetan dauden seinaleen berri ere eman zaie bertaratutako guztiei eta zalantzak eta galderak ere erantzun dizkiete. Animatu direnei Alondegiako osasun parke berria aurkeztu zaie asteazken honetako ibilbidearen barruan eta parkeak eskura jartzen dituen aukera guztiak probatu ahal izan dituzte.

Ibilbidea amaitu ostean, fruta eta jogurta itxaroten zituzten parte hartu dutenek Tolosa&Co eta Super Eko-ri esker eta asteazkenero indarrak hartzeko zerbait eskaintzeko asmoa dago ibilbideak osatu eta gero. Maiatzean aurkeztu zen Tolosa kale biziak egitasmoaren barruko egitasmoetako bat da honako hau.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!