Geldirik ez egoteko zortzi ibilbide Tolosan

Mikel Iraola 2014ko urr. 2a, 16:24

Osasuna hobetzeko zortzi ibilbide proposatzen dituen 'Mugi Tolosa' egitasmoa abiaratuko du Tolosako udalak urriaren 15ean. Zailtasun eta distantzia ezberdineko txangoak egingo dituzte asteazkenero.

Kale biziak proiektua, espazio publikoak herritarrentzat egokitzeko eta hauek bizitzeko esparru bihurtzeko ideiarekin abiatu zuen Tolosako Udalak pasa den maiatzean. Orain arte kaleen erakargarritasuna eta irisgarritasuna landu dute hainbat egitasmoren bitartez. Bada, oraingoan, bizi ohiturak eta osasuna hobetzea du jomuga udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, Osakidetzaren eta beste hainbat eragileren laguntzaz, 'Mugi Tolosa' egitasmoaren bidez.

Zailtasun eta distantzia ezberdineko zortzi ibilbide diseinatu dituzte herrian zehar, "sedentarismoari bizkar eman eta ohitura osasuntsuak" berreskuratzeko. Ibai Iriarteren esanetan, proiektu honek "zahartzaro oparoago bat" izaten lagunduko du: "Bizi kalitatea dugu helburu. Populazioa gero eta helduagoa da, eta kolektibo honi begira proiektu garrantzitsua iruditzen zaigu".

Taldean, hobe
Ez da hori egitasmo honen helburu bakarra, pertsonen arteko harremanak ere landu nahi baitira. "Osasuna ez da soilik fisikoa, ongi eta gustura sentitzea ere bada, eta horrek zerikusia du harremanekin". Hori dela eta, ibilbide horiek elkarrekin egiteko hitzorduak jarriko dituzte. Hasiera batean, asteazkenero bilduko dira 11:00etan Trianguloan. Norberak, bere beharren eta baldintzen arabera aukeratuko du ibilbidea.

Ibili ahal izateko laguntza behar dutenek ere parte-hartzeko aukera izango dute modu horretan, izan ere, bolondres moduan arituko dira hainbat eragiletako kideak. Iturriza, Harizpe eta Beti Gazte jubilatu elkarteak; Ilarki elkartea, Goienetxe Fundazioa, Gurutze Gorria, Uzturre Asistentzia Gunea eta Nagusilan adin nagusikoen boluntarioek egingo dute lan hori. Gaitasun gutxien dutenek lehentasuna izango dute laguntza hori jasotzeko.

Parte-hartzaileei txartel bat emango zaie, eta itzuli bakoitza egitean zigilua jarriko zaie. Modu horretan, jarraipen bat eman nahi zaie bertaratzen direnei. Gainera, ibilaldi guztiak osatzen dituenak oparitxo bat jasoko du.

Ibilbideez gain, parkeak
Guztia ez da ibiltzea izango. Izan ere, beste mota bateko ariketa fisikoa egin ahal izateko osasun parkeak jarriko dituzte Lizardi plazan eta Alondegian. Urriak 15a baino lehen prest egongo dira eremu hauek. Bestalde, ibilbide horietan ez galtzeko kolore ezberdinetako seinaleak jarriko dira.

Egitasmo honen inguruko eskuorriak banatuko ditu udalak datorren astean eta jubilatu etxe, osasun etxe eta kiroldegietan ere eskuratu ahal izango dira. Medikuek ere banatuko dute informazio hau, eta hartatutakoei ibiltzea aholkatuko diete: "Anbulatorioan edo botikekin lantzen ez ditugun beste alor batzuk lantzeko aukera ematen digu honek" azaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!