Kaleak, hara eta hona joateko bideak baino askoz ere gehiago

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 20a, 21:35
Tolosako Udalak 'Kale biziak' aurkeztu du, espazio publikoak herritarrentzat egokitzeko

Kaleak herrietako guneak lotzen dituzten bideak dira, baina askotan kaleak berak bilakatzen dira herrigune. Hain zuzen ere horixe da Tolosako Udalak sustatu nahi duena, eta Tolosa kale biziak egitasmoa plazaratu berri dute. Espazio publikoak bizitzeko, gizartea kohesionatzeko nahiz jende anitza elkartzeko lekua dela azpimarratuz, Garikoitz Lekuona parte-hartze teknikaria, Ibai Iriarte alkatea eta BOX.A arte elkarteko Vanessa Alzate eta Ibai Luke izan dira, Berdura plazako agerraldian.

Kaleak leku batetik beste joateko bideez gain, «askoz ere gehiago» dira udalaren arabera: «Hainbat adin, izaera, genero eta ohitura dituen jendea elkartzen da bertan». Horrela, horiek guztiek Tolosako espazio publikoak hartzeko proiektua martxan da jada; kaleak hartzearekin batera, bizi kalitateari ere eragingo dio Tolosa kale biziak egitasmoak, gainera.

Helburu horretara iristeko hirigintza ezinbesteko elementua dela kontuan izan du udalak eta, horrela, Tolosa kale biziak beste hainbat proiektu txikiren aterkia izango da.

Aterki horren azpiko egitasmo bakoitzak bere nortasuna izango du eta, ondorioz, hartzaileak ere askotarikoak izango dira; lanketetan ere islatuko dute aniztasun hori.

Tolosa kale biziak planak parte-hartze prozesuak oinarri izango ditu, herritarrekin eta udal-teknikariekin. Modu horretan, jada abian ziren egitasmoei jarraipena emateko, epe motzekoak martxan jartzeko eta epe zehatzik ez dutenak diseinatzeko ildoak zehaztuko dituzte, guztiek batera.

Oraingoz sei proiektu zehaztu dituzte, kaleei bizia emateko asmo horretan. Aurrera begira, ordea, «egindakoak baloratu eta proiektu berriak lantzea» izango da jomuga.

Tolosarrak, plazara

Sei egitasmoetan lehena iaz abiarazitako irisgarritasun planarekin jarraitzea izango da, besteak beste, mugikortasun arazoak dituztenei bizi-kalitatea bermatzeko.

Bizi-kalitatearen harira, hirugarren adinekoek Tolosako kaleak har ditzaten Ibilbide osasuntsuak martxan jarriko dute: «Zahartzaro aktiboa eta osasuntsua nahi dugu eta, sendagaiez gain, proposamen berriak egin nahi dizkiegu adinekoei». Horrela, herrian barrena egiteko ibilaldien zirkuitua osatuko dute, zailtasunaren arabera sailkatuta.

Irailetik aurrera, berriz, haur tolosarrek hartuko dute kale bizien protagonismoa, Haurren hiria egitasmoaren eskutik. 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilei entzun nahi diete, eta Tolosa nola ikusten duten jakin. Horretarako, Francesco Tonucciren proiektua oinarritzat hartuko dute, ikasturteen erritmora lantzeko.

Bide beretik, Alde Zaharrari begirako bi proiektu hizpide izan ditu udalak. Batetik, igogailurik gabeko etxe asko daudela nabarmendu dute eta, halaber, trasteleku eta garajeak bakanak dira herriko gune horretan. Horri Alde Zaharreko bizilagunen adina gero eta helduagoa dela gehituz gero, datozen urteotan etxe asko hustu egingo direla aurreikusi dute. Beraz, bizilagunei egunerokorako zerbitzu bat eman nahi diete, «koherentziaz». Horrela, jada aztertzen ari dira bizikletentzako nahiz haur-gurdientzako aparkalekuak egokitzea.

Bigarrenik, epe luzeagoa duen proiektua da Alde Zaharreko patioak irekitzearena. Solana, Korreo eta Letxu kaleek eta Plaza Zaharrak ixten duten eraikinen barnealdean plaza bat dago eta, betidanik, negozio pribatuek hartu izan dute lur hori, biltegi gisa. Hori kudeatzea izango da erronka handiena, beraz, gunea irekitzeko; besteak beste, Tolosako Txokolate Museoa bertan dago. Hainbat eragilerekin elkarlanean ariko dira azken proiektu hori fintzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere landu beharreko afera izango da.

Azkenik, Ferialekua herriari irekitzeko ideia ere sendotzen ari da. Orain arte karrozak gordetzeko erabiltzen zuten arren, beste txoko bat aurkitu diete, eta Ferialekua balio-anitzeko gune bilakatu nahi dute. Lapiko Fest-ek abiarazitakoarekin agenda osatu nahi dute orain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!