Denboraldia kili-kolo hasi zuen Aimar Agirresarobe triatletak. Baina azken hilabeteetan buelta ematea lortu du, eta amaiera honetara indartsu iritsi dela dio tolosarrak. Asteburuan Herrialde Katalanetan izan da Agirresarobe, eta bertan, Half Empuria-Brava proba irabazi du erakustaldia emanez, eta ezusteko emaitza lortuz.
Zer esan nahi du Half distantziak.
Agian jendeak Ironman distantzia gehiago ezagutuko du. Half horren erdia litzateke.
Empuria-Bravan irabaztea espero al zenuen?
Aurrean ibiltzea espero nuen, baina ez horrela irabazterik.
Ezustekoa izan da, beraz.
Bai eta ez. Indartsu nengoela banekien, forma fisiko onean eta aurrean ibiltzeko aukerekin. Espero ez nuena bigarrenari horrenbesteko tartea ateratzea zen.
Urduritasunik izan al zenuen?
Asteburu arraroa izan da. Ostiral gauean joan ginen eta larunbatean zirkuitua ikusi genuen. Jende ezezagun asko zegoen eta lasai hartu nuen. Normalean nerbio puntu bat izaten dut, baina alde horretatik arraroa izan zen, oso lasai sentitu nintzen; lasterketa gogor bat egiteko mentalizatuta.
Tarteak amaieran bakarrik ez, proba hasieran ere izan ziren, baina ez zure alde. Igeriketan Hector Ruizen lana azpimarratu behar da.
Bost minutuko aldea atera zigun igeriketan. Baina bi gauza argitu behar dira: alde batetik, Espainiako txapelduna dela distantzia luzeko igeriketan, eta munduko hamahirugarrena. Bestetik, erreleboetan lehiatu zela bera. Igerian egin eta txanda bere lagunari eman zion, beraz.
Bere atzetik zer moduz moldatu zinen?
Bosgarren edo seigarren amaitu nuen. Gero bizikleta hartu eta buruan jarri nintzen, laugarren kilometroan edo. Hasiera batean bizikletari puntua hartu gabe nenbilen, baina azken aldian eroso sentitzen naiz. Atzetik banekien besteak bizi-bizi ibiliko zirela ni harrapatu nahian, baina itzuli bakoitzean tartea handitzen joan nintzen. Ondoren korrikakoa etorri zen, eta gustura, indartsu sentitu nintzen.
Garaipenak aurrera begira konfiantza emango dizu, ezta?
Postu onak egin ditut aurten, baina ez nintzen erabat gustura sentitzen egindako lanarekin eta nire buruarekin. Azken asteetako lanak, ordea, bere fruituak eman ditu eta momentu onean iritsiko naiz Espainiako Txapelketara. Hala eta guztiz ere, ez naiz iritsiko gustatuko litzaidakeen bezala, baina hori denoi gertatzen zaigula uste dut. Indartsu nago, eta alde horretatik ongi.
Triatleta bezala izen bat egin duzula dirudi, batez ere azken proba honetako antolatzaileen oharra ikusita.
Etxean edo kanpoan lehiatzea pixka bat desberdina da. Hemen entrenatzean eta... finean herri txiki bat gara eta denak ezagutzen gara, eta ni bat gehiago sentintzen naiz. Azken urte pare honetan pixka bat ezagunagoa egin naiz hemen, baina besterik ez. Kanpora lehiatzera joaten garenean, jendea argazkiak ateratzen eta hasten da nirekin. Alde horretatik da desberdina.
Eta kuriosoa?
Bai. Ni ere idolo edo horrelakoen atzetik ibili izan naiz, edo inguruan ikustean hunkitu. Ni ez naiz horrelakoa sentitzen, baina beste batzuentzat eredu izatea kuriosoa da.