Partaidetza bilatzen duen webgune berria martxan da

Tolosaldeko Ataria 2014ko uzt. 14a, 13:01
Martxan da Tolosako Udalaren webgune berria. Herritarren eta udalaren arteko harremanak estutzea du helburu, besteak beste. Herritarrekin komunikatzeko tresna gisa ulertzen du udalak webgunea, eta www.tolosa.eus atariak komunikazio hori bi noranzkoetan izatea ahalbideratuko du.

Tolosako Udala .EUS domeinuaren aitzindarietakoa izan da, eta domeinua martxan jartzearekin batera, ordea, harago joan nahi izan du udalak web orria garatuz.
Udalak zerbitzu asko eskaintzen ditu, eta informazio asko kudeatzen du eta horretarako bide da webgunea.  XIX. mendeko modernitate garaiei erantzuten dieten baliabideak izan behar dituela udalak adierazi du Ibai Iriarte alkateak. Webgune berria tablet edota mugikorretara egokitzen da, eta sare sozialen bidez ere informazioa trukatzeko aukera izango da. Informazio guzti horren erakusleiho izan behar duela gaineratu du: agenda, eguneko informazioa,... Baina informazio honek bi norabideetakoa izan behar duelakoan dago udala. Herritarren kexa, iradokizunak,... jasotzeko ere balio behar du.
Parte hartzen atala sortu dute webgunearen eskuin aldean, kexa eta iradokizunak bideratzeko.  Herritarrek beraz, publiko egin ditzakete Internet bidez beraien iritziak. Horretarako, ordea, behar-beharrezkoa izango da izen-abizenekin erregistratzea. Anonimotasuna ekidin nahi du udalak, baina erabiltzaileen deituren lehen hizkiak baino ez dira publiko egingo. Udalaren erantzunak ere publiko izango dira. Gainera, publiko egiten diren kexa edo iradokizunei, beste herritar batek ere erantzuteko aukera izango du. Kexa edo iradokizuna idazterakoan erabiltzaileak gaia aukeratu beharko du horretarako atalean bertan agertzen den gai zerrendatik aukeratuz. Bestela, Parte hartzen atalean sartuta, azken iruzkinak ikusteko aukera izango da, nola parte hartu, ohiko galderak edota erabilpen baldintzekin batera.
Orain artean, udaleko hainbat gunek beraien web orria zuten, eta horiek guztiak bateratu egin dituzte informazio guztia atari batetik modu errazagoan jaso ahal izateko, bai tolosarrek eta baita kanpotarrek ere.
Udaleko langileek sortua izan da euskarri berria, zerbitzu eta sail ezberdinekin hitz egin eta beharrak jaso ondoren. Iriartek software librean egina izan dela nabarmendu nahi izan du: «Software librean sinesten dugu, eta gainera udal langileek egina denez ez dugu inongo enpresarekiko menpekotasunik izango garatzen jarraitzeko».
Webguneak dinamikoa eta baliagarria izan behar duela adierazi dute, eta baliagarria izan dadin herritarren iritziak ere bilduko dituzte hobetzen joateko. «Ez da tresna estatikoa izango, zerbitzu berriak eta aplikazio berriak eskaintzen jarraituko dugu hurrengo hilabeteetan, eta herritarrek esango digute baliagarria den edo ez», gaineratu du Iriartek. Azken finean, www.tolosa.eus webgunea ezagutzeko hoberena atalez atal begiratuz ikustea da, eta herritarrak horretara gonbidatu ditu, eta  baita twitter edota facebook bidez jarraitzera

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!