IRPH

Epaileak arrazoia eman die IRPH indizeagatik kaltetutako tolosarrei

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 7a, 08:44
Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indiziea bertan behera utzi duen lehen epaia eman da gaur. Donostiako epaitegiak beraz, arrazoia eman die Juan Miguel Goya eta Karmen Lopez tolosarrei. Sententziaren arabera, Kutxabankek era desegokian kobratutako interesak itzuli beharko dizkie. Horren ordez, Euribor indizea aplikatuko diete, aldagaiak barne. Epaiketako gastuak ere ordaindu beharko dizkie Kutxabankek. Gisa honetako lehen sententzia da, eta kaltetu guztiei bidea ireki diela azaldu dute STOP IRPH Gipuzkoa plataformatik. Entzun, albistea jakin bezain laster Juan Miguel Goyari eginiko elkarrizketa

IRPH indizea bertan behera utzi duen lehen epaia eman da jakitera. Donostiako epaitegiak beraz, arrazoia eman die Juan Miguel Goya eta Karmen Lopez tolosarrei. 2013ko urrian jarri zioten salaketa Kutxabanki, euren etxebizitzaren hipotekan aplikatzen zieten IRPH indizea «neurriz kanpokoa» dela argudiatuta, eta baliogabe utzi zezatela eskatu zuten. Era berean, atzera eginezko izaerarekin zor dietena itzultzeko eskatu zuten, hau da, indize hori interes tipo ofizialen artean agertzen ez denetik, eta salaketa horretan ere arrazoia eman die epaileak. Kutxabankek 20 eguneko epea du orain, helegitea aurkezteko.
Espero zutena baino gehiago luzatu da sententzia, izan ere, bi hilabete igaro dira Donostiako epaitegitik igaro zirenetik. Hala ere, itxaroteak «merezi» izan du tolosarrentzat, euren aldekoa izan baita epaia. Kutxabankek era desegokian kobratutako interesak itzuli beharko dizkie, eta aurrekoaren ordezkoa den Euribor indizea aplikatuko diete, aldagaiak barne. Halaber, epaiketako gastuak ere ordaindu beharko dizkie Kutxabankek. Gisa honetako lehen sententzia denez, kaltetu guztiei bidea ireki diela azaldu dute Stop IRPH Gipuzkoa plataformatik.  
Zer da IRPH indizea?
Milaka dira euren hipoteka IRPH indizeari lotuta duten familiak. Indize «manipulagarria» dela eta «zaharkituta» dagoela salatu izan du Stop Kaleratzeak elkarteak, eta ez da agertzen interes tipo ofizialen artean. Hala ere, aplikatzen jarraitzen dute, eta ondorioz, ordaindu beharko luketena baino 300 eta 400 euro inguru gehiago ordaintzen ari direla kaltetuak diote plataformatik.
Finantza erakunde ugari egon dira  IRPHa aplikatzen, baina Kutxa litzateke kasu gehien dituena plataformaren esanetan. «Euriborra ezegonkor eta oso altu zegoen garaian sartu zuten  IRPHa, eta Kutxa bezalako finantza erakundeek egoera baliatu zuten,  IRPHa pixka bat altuagoa zen arren, egonkorragoa eta ziurragoa zela esanez. Euriborra inoizko baxuenean jarri den unean, ordea, ez dute hori aplikatu nahi izan», salatu dute.
Milioitik gora kaltetu
2004 urtea baino lehen IRPH entitateak izeneko indizea aplikatzen zen, eta horrek «familiei oraindik eta diru gehiago kobratzea» ekartzen zuenez, 2005ean IRPH Kutxen indizea erabiltzen hasi ziren. 2012ko apirilean Gardentasunerako eta Banketxeetako Bezeroen Babeserako Ministerio Ordenak indize ofizial berriak zehaztu zituen, eta bazirudien IRPH Kutxen indizea erabat desagertuko zela, baina, urtebetera egikarituko zela zioen. Urtebete igaro zen, eta Espainiako Gobernuak beste sei hilabetez atzeratu zuen afera, «aztertzeko». Epe hori ere igaro zen, baina, eta artean IRPHak jarraitu egin zuen. Hain justu 2013 urteko iraileko BOEn irakurri ahal izan zen azaroaren 1era arte ez zela desagertuko. Horren arabera, azaroaren 1etik aurrera, indize alternatiboak aplikatzen hasi beharko lirateke banketxeak. Stop Kaleratzeak elkartetik, ordea, tranparik ere badela data horrekin azaldu zuten: «hipoteken %80 urrian errebisatzen dira, eta beraz, azaroaren 1ean aplikatzen bada neurria, eta hipotekak ordurako errebisatuak badaude, datorren urteko urrira arte ez lirateke berriro errebisatuko, eta orduan aplikatuko litzateke aldaketa. Urte bete gehiagoz luzatuko zen familia askoren arazoa, hortaz». Horren arabera, 2014ko urrira arte jaraituko lukete familia askok euren hipoteketan HMEI indizearekin.
Banketxeek «diru gosea» dutela eta indizea horregatik ez dutela desagerrarazi adierazi dute. IRPHak kaltetutakoen elkarteak eta Kaleratzeak Stop plataformak IRPH familia asko kalera eramaten ari den indize «kriminala» dela salatu dute, eta orotara milioitik gora familia egon daitezkeela kaltetuak uste dute.

 

Irakurri epaia PDF formatuan (Gazteleraz)

Juan Migel Goya IRPH kaltetua

«Kutxaren administrazio kontseiluan EAJk ahalbidetu du IRPHrekin segitzea»

Oso pozik daude Juan Migel Goya eta Karmen Lopez tolosarrak. Atzo jaso zuten sententzia, eta aurreikusi baino hobea izan da emaitza.
Nola jaso duzue epaia?
Poz handiarekin. Espero genuen IRPH indizea neurriz kanpokoa denez balio gabe utziko zutela, baina, ez genuen espero atzera eginezko izaerarekin zor digutena itzultzea esango zuenik sententziak.
Zenbat diru itzuli beharko dizue Kutxabankek?
Ez dakigu ziurtasunez, milaka euro izango dira. 2011. urtetik aplikatu beharko liguketela IRPHI indizearen ordezkoa, hau da, Euribor + 1 eskatzen genuen. Beraz, ordutik ordaindu behar ez genuen kopuru hori itzuliko zaigula dio epaiak. Horri interesak ere batuko zaizkio, eta epaiketaren gastuak ere bai.
Kutxak zer egingo du orain?
Helegitea jartzeko 20 egun ditu, eta ziur gaude jarriko duela. Guk dakiguna da, aurrera egingo dugula, eta Bruselara Europako parlamentura joan behar badugu joan egingo gara.

Beraz, orain Kutxak egiten duenari itxarotea dagokizue?
20 egun hauetan zer gertatzen den itxarongo dugu.
Epai honek aurrekaria sortuko du, zuen egoera berean herritar asko daudelako. Garrantzitsua da, beraz.
Euskal Herrian nahiz Espainian estreinako aldiz sententzia batek IRPHa bertan behera utzi du, beraz, orain atzetik etorriko dira kaltetu guztiak. Izan ere, gure kasuan indize hori neurriz kanpokotzat jo badu epaile batek, indize hori duten guztientzat ere horrela izango da.
Zenbat izan daitezke zuen egoera berean dauden herritarrak?
Gipuzkoan 14.000 direla IRPHak kaltetuak kalkulatzen da. Espainian, berriz, milioitik gora direla uste da.
Ordaindu beharko zenukeetena baino gehiago ari zineten ordaintzen. Zenbat gehiago?
Gure kasuan, ia 300 euro gehiago ari ginen ordaintzen. Hipoteka handiagoa dutenen kasuan, kopuru hori handiagoa da. Beraz, kontuan hartzen badugu milaka eta milaka direla kaltetuak, diru askoren inguruan ari gara hitz egiten. Historiako iruzur handiena dela esan izan dugu beti, eta orain ari da pixkana azaleratzen.
Aspalditik beharko luke IRPH indizea baliogabetua eta haren ordezkoa martxan.
Bai. 2009an Europatik eskaera iritsi zen bere ordezkoa aplikatzeko, ez zela garbia eta manipulagarria zela argudiatuz. PSOEren eta PPren trikimailuekin atzeratu ahal izan dute gaur egunera arte.   
Erantzukizun politikoa zenbaterainokoa da afera honetan?
PSOEren gobernuak hau guztia kendu ahal izan zuen, bere eskuetan izan zuen, baina, gobernu aldaketarekin PPren eskuetan utzi zuen. Hala ere, berez, gaur egun eta hemen, EAJren eskuetan dago. Kutxaren administrazio kontseiluan eurenak izan dira IRPHarekin jarraitzea ahalbidetu duten bozkak. Erruduna, hemen, beraz, EAJ da.
Andoni Ortuzar Euskadi Burubatzarreko lehendakariak esan berri du bera ere IRPH indizeak kaltetua dela.
Gezurra da. Agian izango du indize hori, baina, garbi esan du Kutxarekin ez duela. Beraz, litekeena da IRPH Kutxak ez den bste bat izatea, eta hori ez dago desagertua.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!