IRPH

Jose Maria Erauskin: «Askok injustizia onartu behar dute justizia ordaintzeko dirurik ez dutelako»

Iñigo Terradillos 2013ko abe. 11a, 13:00

Jose Maria Erauskin. /GOIENA.NET
Stop Kaleratzeak plataformako abokatuak 'Kaleratze mehatxua gurean!' izenburupean hitzaldia emango du bihar, Ibarrako Subegi kultur elkartean, 19:00etatik aurrera

Stop Kaleratzeak plataformako kaltetuei formazio juridikoa ematen edota auzietan defendatzen hainbat abokatu ari dira era boluntarioan lanean. Horietako bat da Jose Mari Erauskin, farmazialaria, eta zuzenbidea ikasitakoa. Bihar Ibarrako Subegi kultur elkartean izango da, 19:00etan, etxegabetzeen inguruan hitz egiten.

Zergatik gertatzen dira etxegabetze kasuak?

Etxegabetzea prozesu baten ondorioa eta emaitza da. Ordainketarik egin ez delako gertatzen da. Ordainketarik egin ez izana maileguaren ezaugarriengatik izan ohi da askotan. Ikaragarriak diren ezaugarri horiek ezin ditu mailegua eskatu duenak bere gain hartu. Beste ezaugarri batzuekin, ordea, ordaindu ahalko luke. Zoru klausulen edota neurrigabeko IRPH indize edo komisioen ondorioz gertatu ohi da ordainketa egin ahal ez izatea.

Azken horiei erreparatzen diezue bereziki plataforman.

Ordaindu ahal ez izatera iritsi aurreko egoeran lan handia egiten dugu, etxegabetzera ez iristeko helburuz. Bankuek ez dezaten abusatu saiatzen gara, askotan, esan bezala, jartzen dituzten gehiegizko klausula horiek direlako ordaindu ezin izanaren arrazoia, eta ez ordaintzetik etor daitezke etxea bahitzea eta etxegabetzea. Esaterako, bere hipotekan Euribor +1 duen pertsona batek lauko zoru klausula du. Euribor +1 ordaindu ordez (1,5), zoru klausula aplikatzen diote, eta 2,5eko desberdintasun horren ondorioz hileko kuota ezin ordaintzera iritsi daiteke. Kontratatuta duen interesarekin ordaindu ahalko luke, baina neurrigabeko klausularen ondorioz aplikatzen zaion interesarekin ezin du. Beraz, hipoteka horrek pertsona hori etxegabetzera darama.

Neurrigabeko klausula horien artean IRPHa nabarmentzen duzue.

Kutxabanken IRPHa da neurrigabeko klausulen beste adibide argi bat. IRPHa une honetan, 3,9an dago. Aitzitik, bere ordezkoa den Euribor +1, 1,5ean. Bien arteko alde horren ondorioz, batez beste, 300 eta 400 euro bitarte gehiago ordaintzen ari dira hileko hipoteka Gipuzkoan. Pertsona batzuk ezin dute 300-400 euro gehiago ordaindu. Gure lana klausula horiek ekidin, eta etxegabetzera ez iristeko bitartekoak jartzea da.

Hipoteka askok al dituzte neurrigabeko klausulak?

Bai. Mailegu guztiek dituzte neurrigabeko klausulak, Espainiako Estatuak ez duelako bete horiek izatea ekiditeko bere obligazioa. 1993. urtean Europatik zehaztu zen, Europar Batasuneko estatuek kontsumitzaileen maileguetan neurrigabeko klausulak ez egotea zainduko zutela. Era berean, zehazten zen hartu beharreko neurri guztiak hartuko zituztela klausula horiek ez aplikatzeko, eta klausula horiek mailegu edo kontratuetan sartuko balira ez zirela aplikatuko zehazten zen. 1993an neurrigabeko klausulen inguruan agindu hori eman zitzaion Europatik Espainiari, eta Espainiak ez du bete. Ez du kontsumitzaileen interesen alde egin, eta neurrigabeko klausulez beteta daude kontratuak. Ondorioz, herritarrek, euren dirua, denbora, energia eta, kasu batzuetan, osasuna erabili behar dute, epaitegietara jo eta inoiz existitu beharko ez luketen neurrigabeko klausula batzuk kentzen saiatzen. Espainiak, beharko luken moduan, neurriak jarri izan balitu, ez litzateke sekula hori gertatuko.

Betidanik izan al dira klausula mota hauek?

Bai. Zoru klausula, esaterako, neurrigabekoa da. Pertsona batek hipoteka bat negoziatzen duenean, bi interes mota hartzen dira kontuan. Izan daiteke interes iraunkorra eta aldaezina hipoteka osoan, edota aldagarria den interesa. Interes aldagarria igo edo jaitsi egin daiteke faktore baten eraginez. Hori bankuak eta maileguaren eskatzaileak adosten dute. Faktore horietako bat Euriborra izan daiteke. Euriborra igotzen bada, gehiago ordaindu beharko du hipotekaren kuota, eta jaisten bada, berriz, gutxiago. Euriborra kanpotik datorren indize bat da, beraz, hasiera batean, bai bankua bai eta eskatzailea ere, maila berean daudela dirudi. Baina, ez da horrela. Bankuak zoruarena moduko klausula bat gehitzen duelako, eta ondorioz, Euriborra jaitsi izanagatik, kuota ez zaio jaitsiko neurri berean. Esaterako, zoru klausula lau bada, ez du inoiz %4 baino gutxiago ordainduko. Hori tranpa da, bankuak eta biok interes aldakor bat adostu dugun arren, ni ez naizelako inoiz jaitsieraz baliatzen, baina, bai ordea bankua. Orduan, bankuak nolabait orekatzeko, %18ko sabai klausula jartzen du. Baina, bankuak berak ere badaki %18ra ez dela sekula iritsiko.

Zer egin beharko luke Espainiak?

Europatik datorkion agindu baten ondorioz, notarioen eta erregistratzaileen bitartez ekidin egin beharko lituzke neurrigabeko klausula horiek dituzten maileguak. Beraz, notarioarenera hipoteka bat inskribatzera joatean, neurrigabeko klausulak dituela esan beharko luke, eta horiek kendu gabe ezin dutela onartu. Baina, Espainiak ez du inoiz Europako agindu hori betetzeko prozedura martxan jarri.

Honen guztiaren errudun nagusia, beraz, Espainiako Gobernua al da?

Hala da. Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy dira errudunak. 1993. urtetik lau gobernu desberdin izan dira Espainian, eta lauretatik inork ez du Europatik zetorren agindu hori bete. Ondorioz, bankuari egin diote mesede eta familiak kaltetu dituzte. Gainera, orain, familiek ikusi dutenean euren eskubideak aldarrikatzera epaitegira joan daitezkeela, tasak jarri ditu gobernuak justiziara joatea ere herritarrek ordaintzeko.

Trabak trabaren gainetik, beraz.

Eta familia asko daude ez dutena dirurik epaitegietara jotzeko. Beraz, injustizia onartu beharrean aurkitzen dira, justizia eskatzeko dirurik ez dutelako. Espainia osoan 400.000 etxegabetze kasu eman dira. 400.000 familia etxerik gabe kalean geratu direnak, eta gainera bizi osorako zorrarekin.

Alderdi politikoek zer dute esateko horren aurrean?

Kontuan hartu behar da, alderdi politikoak direla berankor handienak. Bankuekin zor handienak beraiek dituzte, beraz, euren kontrako legedia ezarriko balute alderdiak euren jabetza diren egoitzak galtzeko arriskuan egongo lirateke. Alderdiek euren kontuak eta jabetzak arriskutik at jartzeko beste aldera begiratzen dute, bankuek familiak kaleratzen dituzten bitartean. Alderdiren bat etxegabetu duen bankuren baten kasurik ez da sekula gertatu. Bestalde, alderdien eta bankuen artean dauden ezkontzak nabarmentzekoak dira: EAJ Kutxabankekin edota La Caixa CIUrekin edo Caja Canarias Coalicion Canariarekin, esaterako. Alderdi horiek ez dituzte banku horien eta euren neurrigabeko jarreren aurkako neurriak hartzen.

Horren aurrean, zer egin dezake herritarrak?

Herritarrek alderdien aurka egin behar dute. Alderdiak herritarrak ordezkatzeko aukeratuak izan dira, eta ikusten dugunez, bankuaren interesak ordezkatzen dituzte. IRPHaren afera dago, adibidez: 2009. urtean eskatu zion Europak Espainiari indize hori kentzeko, eta Espainiak eta Kutxabankek aplikatzen jarraitzen dute. EAJk gehiengoa du Kutxabanken kontseiluan, beraz, EAJren afiliatuek galdetu beharko diote euren alderdiari zergatik babesten duen neurrigabekoa den indize bat, eta zergatik herritarrak babestu ordez Kutxa babesten duen.

Eta epaitegiek zer diote?

BBV bankuaren neurrigabeko zoru klausulak Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi dira, eta honek neurrigabekoak direla eta kendu egin behar direla esan du. Baina, ez dela klausula horrengatik aurrez jaso duten dirua itzuli beharrik adierazi du, diru asko litzatekeela argudiatuta, eta hori guztia itzuli beharko balu, arriskuan jarriko lukeelako bankuaren bideragarritasuna. Hori adar jotzea da. BBVk urteetan lapurtu egin baitigu. Ez dena posible da Espainiako presidenteak harrokeriaz esatea Espainiak ez duela banku erreskaterik behar, eta beste alde batetik entzun behar izatea bankuek ezin dutela dirua itzuli ez dutelako. Familiei lapurtutako dirua itzuli behar zaie, eta bankurako erreskatea bere poltsikotik ordaindu dezala presidenteak. Gainerakoan, herritarrak dira erreskatea ordaintzen ari direnak.

Hipotekarekin zalantzak dituen herritar batek zer egin dezake?

Stop Kaleratzeak plataformara joan, eta bertan azalduko diote neurrigabeko klausulak ote dituen. Ondoren, norberak ikusi beharko du komeni zaion epaitegira jotzea, ordaindu beharko lukeena eta itzuli beharko lioketena kontuan hartuta.

Eta bankutik etxegabetze gutuna jaso duenak?

Plataformara jo prozesua gelditzeko dauden aukerak aztertzeko, salaketa bat jarriz neurrigabeko klausulengatik, adibidez. Arazoa ez da soilik etxea galtzea, arazoa da etxea galdu, eta gainera, 100.000 euroko zorrarekin geratzea.

Etxea ordainean ematea litzateke aukera.

Zure etxea emanez zorra ordaintzea litzateke aukera hori. Baina, Kutxabankek, esaterako, ez du onartzen inoiz etxea ordainean ematea. Beste banku batzuk, asko borrokatu eta gero onartzera iristen dira, baina, Kutxak ez du sekula onartu, nonbait, aurrekaririk ez sortzeko.

Euskal Herrian zenbat etxegabetze kasu egon dira?

Oso zaila da zehaztasunez jakitea. Askok nahiago dute ezkutuan ematea, inork egoera ezagutu ez dezan. Etxegabetzeak indarrez egin diren kasuak ezagutzen ditugu, baina era boluntarioan euren etxeetako giltzak utzi dituztenenak ez. .

Kasuak areagotuz joatea izango da joera?

Bai. Langabezian eta prestazioa jasotzen egon daiteke jende asko orain, baina, prestazio hori bukatzean, egoera okertu egingo da.
 

Etxegabetze arriskuan dagoen ibartarraren egoera aztertuko dute

Desjabetze arriskuan dagoen herritar baten egoeraren berri izan zuen Ibarrako Udalak duela bi aste. Bankutik etxea galtzeko arriskuan zegoela ohartarazten zion gutuna jaso zuen ibartar gazteak ohiko bilkuran bere egoera azaldu zuen zinegotzien aurrean, eta zorra etxea ordainean emanez kitatzea eskatzen ziola bankuari esan zuen. Ibarrako Udalak, bere aldetik, ibartarrari elkartasuna eta babesa azaltzeaz eta egoera salatzeaz gain, kaltetuak hipoteka duen Nova Caixa Galicia bankuari etxebizitza ordainean ematea exijitu eta prozesuan laguntzeko eta bankuko zuzendaritzarekin biltzeko konpromisoa hartu zuen.

Bada, herenegun izan zuten bilera Ibarrako Udaleko ordezkariek Tolosan bulegoa duen Caixa Galicia bankuan. Jexux Peñagarikano Ibarrako alkatearekin batera, ibartar kaltetuaren abokatua izan zen bankuko ordezkariekin hitz egiten. Bankuari egoera azaldu eta eskaeraren berri eman ostean, alde guztiek egoera berriro ere aztertzea adostu dute. Beraz, erabaki berria iritsi bitarte luzatuko da kasua.

Bitartekaritza lana

Tolosan etxegabetze arriskuan zegoen herritar baten kasua etxea ordainean emanez konpondu zen iragan urtean, udalak Santander Central Hispano Bankuarekin eginiko bitartekaritza lanari esker. Bankuak bertan bizi zirenei etxebizitza alokatzea eskaini zien.

Tolosako Udalak herriko banketxeekin sinatua du hitzarmena, eta ondorioz, banketxeek hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituzten eta etxegabetze arriskuan aurkitzen diren kasuen berri eman behar diote udalari berehala. Bestalde, egoera horretan dauden herritarrei irtenbide egokia bilatzen laguntzeko eta bankuarekin bitartekaritza lana egiteko prest dagoela gogoratzen du udalak.

Elkarrizketa Ataria irratian

Gai honen inguruan hitz egin dugu Xabi Soto, Stop Kaleratzeak plataformako kidearekin Ataria irratian. Entzungai duzue elkarrizketa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!