IRPH

Juan Migel Goya, IRPH indizearen kaltetua: «Historiako iruzur handienaren aurrean gaude»

Iñigo Terradillos 2013ko urr. 22a, 11:33

Juan Migel Goya eta Karmen Lopez senar-emazteak, euren alaba Maddirekin. I. TERRADILLOS
Lehenengo aldiz Kutxabanki salaketa jarri diote, hipoteka batean «neurriz kanpoko» klausulak izateagatik.

Tolosar familia batek salaketa jarri du Donostiako epaitegian Kutxabanken aurka. Euren etxebizitzaren hipotekaren kontratua finantza erakunde horrekin sinatua dute, eta neurriz kanpoko klausulak dituela salatzen dute. Horrekin batera, atzera eginezko izaerarekin, zor dietena itzultzeko eskatzen dute. Juan Migel Goyak, Karmen Lopezek eta euren alaba Maddik osatzen dute familia. Goyak azaldu duenez, dagokiena baino ia 300 euro gehiago ari dira ordaintzen hilean.
Zergatik jarri duzue salaketa Kutxabanken aurka?
Bere garaian ziria sartu ziguten gure hipotekarekin, beste milaka familiari bezala, eta hilabete asko borrokatzen igaro eta gero, beste pauso bat emateko unea dela pentsatu dugu. Bankuek beti irabazi izan dute, baina, uste dugu ez duela zertan horrela izan. Legezkoa den zerbait eskatzen dugu.
Zer salatzen edo eskatzen duzue?
Oso neurriz kanpokoa eta kriminala den IRPH indizea gomendatu ziguten. Gauza da, 2012ko apirilean desagertua behar zuela, eta ondorioz, gure hipotekan jartzen duen ordezkoa, hau da, Euriborra aplikatuko beharko ligukete. Baina, ez da horrela izan. Gure kontratuan zehazten duen Euribor +%1 aplikatzea eskatzen dugu, eta atzera eginezko izaerarekin zor edo lapurtu digutena itzultzea.
Zer espero duzue gertatuko dela?
Aurrera ateratzea, eta justizia egitea espero dugu. Azaroaren 1etik aurrera legez kontrakoa litzateke gure kontratuetan jartzen duena, beraz, guk eskatzen duguna betetzea espero dugu. Guretzat funtsezkoa IRPHa behin betiko kendu eta Euriborra berehala aplikatzen hastea da. Zor guztia itzultzea baino errazago ikusten dugu hori. Hala ere, gure abokatuak esan digunez, banaka egindako salaketa denez, eta ez taldeka, posible da hori ere aurrera ateratzea. Taldeka egindakoa balitz pentsaezina litzateke zorra itzultzea, dirutza handia bailitzateke. Baina, esan bezala, funtsezkoena IRPHa kentzea da guretzat, eta hori lortzea oso pozgarria izango litzateke.
Lehen aldia al da IRPH indizearen inguruan Kutxabanki salaketa jartzen zaiola?
Bai. Bai behintzat Stop kaleratzeak plataformatik dakigunez. Horregatik, oso garrantzitsua da pauso hau, aurrekaria sortuko du, eta gainerako biktimek oso gertutik jarraituko dute. Plataformaren barruan dauden abokatuek eman diguten laguntza eskertu beharra daukagu, ezeren ordainetan euren zerbitzuak eskaintzen baitituzte. Gure kasua eman duen Maite Ortiz, esaterako.
Nola eragingo luke zuen kasuan IRPHaren ordezkoa aplikatzeak?
Ia 900 euro ordaintzen dugu hilean, eta gure kontratuak dioenaren moduan, Euriborra aplikatuko balitzaigu, ia 300 euro gutxiago ordainduko genuke. Horrek sekulako aldaketa esan nahiko luke guretzat. Pentsa, ni une honetan langabezia ordainsaria kobratzen ari naiz, 420 euro, eta emazteak egun erdiz egiten du lan. Alaba bat ere badugu, beraz, gure egoera zertxobait arintzen lagunduko luke.
Zergatik adostu zenuten hipoteka indize horrekin egitea?
Ez dakigu. Ez da normala, eta ezmorala dela ere esan daiteke. Kutxako aholkulariek ez zuten beren lana bete, euren lana gu ondo informatzea baita. Indize hori egokiena zela esan ziguten, eta beraien hitzarekin fidatu ginen. Ondo azaldu izan baligute ziur nago ez genukeela indize horrekin edukiko hipoteka. Ez zuten ondo informatu orduan, eta ez dute egiten orain.  
IRPH indizearenaz jabetu zinetenean, eta Kutxabankera argibide eske joan zinetenean, zein erantzun jaso zenuten?
Gure egoera salatzera Kutxako aholkulariekin hitz egitera joan ginen lehen aldietan, lehenengo gauza IRPHaren berri ez zutela erantzun ziguten. Nola da posible aholkulariek horren berri ez izatea? Guk kasua azaldu ostean, indize hori guk aukeratutakoa dela erantzun digute, eta Madrildik ezarritako legearekin babesten dira, legearen barruan eta BOEn publikatuta dagoela esanez. Joan garen azken aldietan, berriz, IRPH indizea laster desagertuko dela esan digute. Baina, hori bai, ez digute guzti honen inguruko inolako jakinerazpenik egin Kutxabanketik, guk joan beharra izan dugu galdetzera beti.
Zergatik utzi dute hainbeste luzatzen afera?
Banketxeek diru ugari irabazi dute eta irabazten ari dira gure kontura egoera luzatzen utziz. Baina, argi utzi behar da, honen guztiaren arduradun eta errudun PSOE, EAJ eta PP alderdiak direla. Espainiako ekonomia ministerioan adosten dituzte, ondoren BOEn argitaratu, eta Kutxabank bertan babesten da, kontuak legeak dioenarekin egiten dituela esanez.
2005 urtetik aurrera eginikoetan soilik ageri da indize hori?
Lehenagotik ere baziren IRPH entitateak deiturikoak, eta antza are eta kriminalagoak ziren. 2004 urte bukaeran hasi ziren IRPH Kutxen indizea erabiltzen.
Zenbat pertsona egon litezke zuen egoera antzekoan?
Zaila da kalkulatzen, ez baitituzte datu horiek ematen. Espainia mailan egina duten kalkuluaren arabera, miloi eta erdi kaltetu leudeke. Euskal Herrian Kutxarekin egin diren hipoteken %70k dute IRPH indizea. Pentsa 2005etik aurrera zenbat milaka hipoteka egingo ziren, ba horien guztien %70ek dute, beraz, familia askoren inguruan ari gara hitz egiten.
Milaka herritar zuen egoera berean badaude, diru kopuru handiaz ari gara hitz egiten.
Dirutzaz ari gara hitz egiten. Historiako iruzur handienaren aurrean gaude.
Kasurik okerrenean, hipoteka ordaindu ahal ez izatea ere ekarri dezake indizea ez aldatzeak.
Dagoeneko gertatu da IRPH indizea dutenek etxea galtzera iritsi direla. Emaztea eta biok herri askotan izan gara Stop Kaleratzeak plataformarekin, biktima askori etxebizitza ordainean ematea eskatuz.
Jende asko oraindik ez dela jabetu euren hipoteketan indize hori duenik azaldu duzue.
Gauza berria da, eta jende askok ez daki oraindik beren hipoteketan IRPH indizea duenik. Ordaindu egiten dugu, eta aholkatzen digutenaz fidatzen gara, baina ez gara jabetzen egoeraz. Duela urtebete inguru hasi ginen kaltetuak elkartzen, eta ekimenak burutzen herritarrak informatu eta kontzientziatzeko, eta gure egoera salatzeko. Bestalde, www.irphstop.plazan.net web orrian azalpen ugari eta bultzatu ditugun ekimen guztien berri ematen dugu.
Iraileko BOEn IRPH indizea azaroaren 1ean desagertuko dela irakur daiteke.
Aurtengo apirilera arteko epea eman zuten desagertzeko, baina beste sei hilabetez luzatu zuten. Hasiera batean, urriaren 6ean desagertuko zela esan zuten, baina, azkenean, Espainiako Gobernuak onartu du, eta BOEn jasota geratu da azaroaren 1ean desagertuko dela indize hori.
Beraz, une horretatik aurrera aplikatu beharko litzateke bere ordezkoa.
Kutxabankek esaten digu aplikatuko zaigula, baina, bakoitza bere errebisioekin. Hipoteken %80 urrian errebisatzen dituzte, beraz, azaroaren 1ean aplikatzen bada, eta hipotekak ordurako errebisatuak badaude, datorren urteko urrira arte ez lirateke berriro errebisatuko, eta orduan aplikatuko litzateke aldaketa. Beste urtebete itxaron beharko da, beraz. Beste urtebete luzea herritarrak odoltzen.
Eta hori gertatzen bada?
Hori gertatzen bada, hau da, azaroaren 1ean ez badituzte indize alternatiboak aplikatzen, udaletara joko dugu mozioak sartzera. Horietan, gure herriko kontuak Kutxabankekin ez izatea eskatuko dugu. Ezin ditugu gure herrietako kontuak lapurrak, kriminalak eta herritarrei gezurretan ari diren jendearekin eduki. Udaletxe gehienetan Stop Kaleratzeak plataformak IRPHaren inguruan sarturiko mozioak onartu dituzte. Batetik, udaletxeetan babesa erakutsi dute, baina udaletxeetatik kanpo finantza erakundeen alde agertzen dira. Hori ezin da onartu. Iruzur honekin bukatu arte jarraituko dugu borrokatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!