Glaukoma #Japantour

Juantxo Arakama: «Japoniarrek sekulako miresmena eta abegitasuna erakutsi digute»

Mikel Iraola 2013ko aza. 14a, 19:46

Ahaztuko ez duten esperientzia bizi dute Glaukoma taldeko kideek hamar egunez Japonian. Hara eta hona ibili dira kontzertuak emanaz, jende berria ezagutuz, eta ikasiz. Hori izan da bira asiarretik gehien nabarmendu nahi izan duena taldeko abeslari den Juantxo Arakama tolosarrak. Berak errepikatuko luke esperientzia.

Kaixo, edo tira... nola agurtzen da japonieraz?
Kon-ba-wa, esaten genuen kontzertuetan gabon esateko, eta goizetan, berriz,Ohayö egun on esateko.

Hamar egunez izan zarete Japonian zuen musika hedatzen. Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso esperientzia aberasgarria izan da denentzako, bai arlo pertsonalean, baita talde gisa ere. Gauza asko ikasteko aukera eman digu, eta ez dugu inoiz ahaztuko.

Zer da, bada, ikasi duzuen hori?
Japoniarrengandik ikasi dugun lehen gauza pertsonak errespetu osoz tratatzea izan da. Honek ez du esan nahi lehenagotik ez genekienik, baina asko indartu dugun zerbait izan da. Asko harritu gaitu japoniarrek edozein pertsonarekiko duten errespetuak, eta abegitasunak, batez ere.

Sei egunetan, sei kontzertu eman dituzue. Non izan zarete?
Minakami izeneko mendigune batean eman genuen lehen kontzertua. Hurrengo egunean, Japoniako itsasoa ezagutu genuen, Nigata hirian, hain zuzen. Itsasotik 30 metrora zegoen pub batean jo genuen. Handik, Toyama-ra joan ginen. Hurrengo kontzertua, Japoniako hirugarren hiri garrantzitsuenean eman genuen, Nagoya-n. Azken aurrekoa, Yokohama, historikoki Tokioko portua izan den hiriko eraikin bateko 12. solairuan eman genuen. Agurraren kontzertua Tokion bertan izan zen.

Esan daiteke beraz, Euskal Herrian oso ohikoak ez diren lekuetan izan zaretela jotzen, ezta?
Japoniakoa beste gizarte bat da, beste lehentasun batzuk dauzkate, eta hemen ikusten ez ditugun leku asko daude. Horrelako tokietan jotzea berezia izan da guretzat. Leku oso ezberdinak ziren, baina guztiek zuten beren xarma.

Kontzertu aretoez gain, hiriak bisitatzeko astirik izan al duzue?
Apenas ez dugu denborarik izan kalez kale ibiltzeko, leku batetik bestera mugitzen ibili behar izateak, soinu-frogek eta kontzertuek denbora asko kendu baitigute. Baina egia esan, ez zaigu asko inporta izan, egun osoan zehar bertako jendeaz inguratuta izan baikara, eta gure ustez turismoa egiteko modurik hoberena, bertako jendearekin euren saltsan egotea da.

Nolakoa izan da eguneroko bizitza japoniarrekin?
Oso erraza izan da. Asko erraztu dizkigute gauzak iritsi ginenetik. Miresmen handiarekin tratatu gaituzte, eta ez zaigu batere deserosoa egin beraiekin egun osoan egotea, nahiz eta hizkuntzaren muga izan. Azken batean, bi aldeen arteko komunikazioa lortu egiten da nahi bada, nahiz guk japoniera ez jakin, eta nahiz eta beraiek ez euskara, ez gaztelania, ez eta ingelesa ere jakin.

Zer izan da beraien egunerokotasunetik gehien harritu zaituztena?
Aurretik aipatu dudan errespetu hori, kanpotarra izan eta beraien hizkuntza jakin gabe ere erakusten duten abegitasuna eta miresmena.

Kanpotarrak bai, baina euskal musika ezagutzen dute han, ezta?
Fermin Muguruza, Esne Beltza, Bad Sound System eta trikiti doinuak entzun ditugu, bai. Sekulako txokea izan zen, baina hor ere nabaritzen da beste kulturekiko duten miresmena.

Posible da orain Japoniara bidaiatu eta Glaukoma entzutea?
Ba posible da, espero dut baietz. Guk behintzat banatu ditugu diskoak. Esan zigutenaren arabera gustatu zitzaien gure musika, beraz baliteke noizbait Glaukoma entzutea.

Tolosaldeko Ataria-n egunero egin dituzuen kroniketan behin eta berriz Japoniako publikoaren fideltasuna nabarmendu duzue. Nolakoa izan da jendearen jarrera ?
Aipatu dudan errespetu hori demostratzeko beste puntu garrantzitsu bat da. Oso publiko beroa iruditu zaigu, kontzertuetan aurreneko minututik azkeneraino topera egon dena. Nahiz eta gure taldea eta gure musika ez ezagutu, oso mentalitate irekia eraman dute, musika berria deskubritzeko gogoz, eta alde horretatik gu txoratzen ibili gara.

Euskal Herrian berotasun hori botatzen duzue faltan? Edo zertan desberdintzen dira publiko japoniarra eta euskalduna?
Japoniako ikuslegoa agian beroagoa da hasiera batean. Baina euskaldunok beste modu batera bizitzen dugu musika. Agian kanpotik dirudi hotzagoak garela, baina hala ere, dantza egiteko gogoa badaukagu, nahiz eta batzuetan ez kanporatu gogo hori.

Eta publiko euskaldunaren zerbait bota duzue faltan Japonian?
Gehien faltan bota duguna agian hizkuntza izan da, eta komunikazioa ez izatea hain erraza. Oso gustura ibili gara eta oso gauza gutxi bota ditugu faltan. Artistei edaria eta janaria ematea bota dugu faltan. Ez daukate ohiturarik, eta hori Euskal Herrian asko zaintzen den kontua da.

Eta janariarekin zer moduz moldatu zarete?
Primeran. Asko gustatu zaigu. Elikadura oso sanoa da, garbia.

Zein izan da probatu duzuen platerik gustukoena taldekoen artean?
Arrakasta gehien izan duen platera Miso zopa izan da. Misoa alga klase bat da, eta zopan oso goxoa zegoen. Gosaltzeko eta afaltzeko oso ondo sartzen zen, eta erabat indarberritzen zintuen. Maletan miso poltsa batzuk ekarri ditugu eta denboralditxo baterako izango dugu.

Ba al daukazue kontatu daitekeen bitxikeriarik?
Bidaiatu genuen sei taldekidetik lauk Japoniako komun inteligente txorrodunak probatu dituztela, adibidez. Esan dezagun soilik, ez dela paperik behar garbitzeko. Hortik aurrera, imajinazioa librea da.

Orain arte Japoniaz hitz egin dugu, baina dagoeneko hemen zaudete argitaratu berri duzuen bigarren diskoa hedatzen jarraitzeko asmoz. Orain arte, zer nolako harrera izaten ari da Vol.2 diskoa?
Ba oraindik ez dakigu zehatz-mehatz. Larunbatean kontzertu bat eskainiko dugu Lasarteko Zulo aretoan Humus taldearekin batera, eta han ikusiko da erantzuna. Printzipioz ematen du oso ondo dihoala eta jendeari gustatzen ari zaiola.

Bonberenean 400 pertsona baino gehiagoren aurrean egin zenuten estreinaldia Japoniara bidaiatu aurretik. Benetan espero zenuten horrelakorik?
Egia esan ez genuen horrelako erantzunik espero, eta hurbildutako jende guztiari eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen.

Orain Euskal Herrian hainbat kontzertu emango dituzue, Durangoko Azoka ere segituan dator... Baina aurreikusten al duzue Japoniakoa bezalako beste esperientziaren bat bizitzea?
Ba aurreikusi ez, baina gustura egingo genuke horrelako beste bidaia bat. Oso esperientzia ona izan da eta errepikatzea ez litzateke gaizki egongo.

Tira, eta amaitzeko, Japonian agurtzeko zer esaten zenuten?
Arigato. Eskerrik asko batekin amaitzen genuen. Eta bide batez, Arigato esan nahi diegu hau posible egin duten guztiei, Bonbereneari eta Japoniako Japonicus ekimenari. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!