Glaukoma #Japantour

Japoniarako bidea hartuko du bihar Glaukomak

Tolosaldeko Ataria 2013ko urriaren 28a

Birako kontzertuetako kartelak
Glaukomak Japoniara bidaiatuko du bihar hamar eguneko bira egitera. Minakami, Niigata, Toyama, Nagoya, Yokohama eta Tokio bisitatu eta sei kontzertu eskainiko dituzte bertan.

Glaukoma talde tolosarrak Japonian zehar hamar eguneko bira hasiko du bihar. Sei dira herrialde asiarrera bidaiatuko duten gazteak, tartean, Juantxo Arakama, Asier Arandia eta Julen Caminos tolosarrak. Sei dira ere bertan emango dituzten kontzertuak.

Lehen geldialdia Minakami hirian egingo dute, ostegunean, eta Canyons izeneko antzokian emango dute birako lehen kontzertua. Hurrengo egunean, Niigata-n izango dira, eta Charly's tabernan eskainiko dute bigarren emanaldia. Hirugarrena, Toyama-ko Club Mairo-n izango da. Handik, Nagoya-ra joango dira. Urriaren 4an, Yokohama-n egongo dira, eta azken kontzertua, Tokio-ko Shimokitazawa-n emango dute hurrengo egunean. Urriaren 6an ekingo diote itzulerako bidaiari.

Biran, besteak beste, Ekddik, Tex & Sun Flower Seed, Dub Bastards, Udagawa Bekkan Band, EKD, Traditional Asia, Gnkosai Band, Thunderbeat, edota Mitsukaze & Green Massive taldeekin elkarbanatuko dute eszenatokia.

Jarraitu Tolosaldeko Ataria-n Glaukomaren Japoniako bira egunerokoan

Glaukomako abeslari den Juantxo Arakamak, eguneroko kronika egingo du Japonian izaten dituzten bizipen, esperientzia eta anekdotak kontatzeko. Egunean-egunekoa idatziko du, eta Tolosaldeko Ataria-ren webgunean jarraitu ahal izango da. Horretarako, kanal berezia zabaldu da. Bertan ere ikusi ahal izango dira argazki guztiak. Twitter-en berriz, #Japantour traola erabiliko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!