Glaukoma talde tolosarrak Japonian zehar hamar eguneko bira hasiko du bihar. Sei dira herrialde asiarrera bidaiatuko duten gazteak, tartean, Juantxo Arakama, Asier Arandia eta Julen Caminos tolosarrak. Sei dira ere bertan emango dituzten kontzertuak.
Lehen geldialdia Minakami hirian egingo dute, ostegunean, eta Canyons izeneko antzokian emango dute birako lehen kontzertua. Hurrengo egunean, Niigata-n izango dira, eta Charly's tabernan eskainiko dute bigarren emanaldia. Hirugarrena, Toyama-ko Club Mairo-n izango da. Handik, Nagoya-ra joango dira. Urriaren 4an, Yokohama-n egongo dira, eta azken kontzertua, Tokio-ko Shimokitazawa-n emango dute hurrengo egunean. Urriaren 6an ekingo diote itzulerako bidaiari.
Biran, besteak beste, Ekddik, Tex & Sun Flower Seed, Dub Bastards, Udagawa Bekkan Band, EKD, Traditional Asia, Gnkosai Band, Thunderbeat, edota Mitsukaze & Green Massive taldeekin elkarbanatuko dute eszenatokia.
Jarraitu Tolosaldeko Ataria-n Glaukomaren Japoniako bira egunerokoan
Glaukomako abeslari den Juantxo Arakamak, eguneroko kronika egingo du Japonian izaten dituzten bizipen, esperientzia eta anekdotak kontatzeko. Egunean-egunekoa idatziko du, eta Tolosaldeko Ataria-ren webgunean jarraitu ahal izango da. Horretarako, kanal berezia zabaldu da. Bertan ere ikusi ahal izango dira argazki guztiak. Twitter-en berriz, #Japantour traola erabiliko da.