«Lanketa bat egin behar da zer egiten dugun ikustarazteko»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 9a, 11:04

Oihan Txiki kooperatibako gaztandegiko langilea da Josune Malkorra (Orexa, 1971). 1989an sortu zuten kooperatiba lehen sektorea bultzatzeko erabakia hartu eta hainbat herritarrei lanpostu bat ziurtatzeko. Ardi esnearekin egindako produktuak ekoizten dituzte kooperatiban eta horien artean ezaguna da egiten duten gazta.

Kooperatiban aritzeak lan baldintza duinagoak edukitzea ahalbidetu al dizue?

Bakarrik aritzeak hori du, baldintza okerragoetan egotea. Guk soldata nahiko duinak ditugu eta tarteka jai egiteko aukera ere bai, oporrak...

Zer ikusten duzu inguruan, bizimodua ateratzeko aukera al dute inguruko baserritarrek?

Orexan kooperatiban zentratzen da dena, beste bide batzuk egitea daude, baina horretarako gogoa eduki behar du norbaitek eta momentuz, ez dut gogo hori sumatzen. Badago jendea osagarri bezala aritzen dena baserrian, baina ez ofizio bezala, lanaldi osoz.

Aldatu al da Orexako giroa baserritarren lanari dagokionez?

Aldaketa handia eman da. Nire gazte denboran Orexan baserriko lanaz bakarrik bizi ziren pare bat baserri txiki zeuden, lauzpabost behiko baserriak esan nahi dut, eta gainontzekoetan baserri lana osagarria zen. Orain horiek denak desagertu dira. Bi bakarrik geratzen dira lana osagarri bezala dutenak eta haragitako behiak dituzte, ez esnetarako. Aldaketa handia eman da.

Landa Garapenerako Planean esaten da krisiak izan duela zerbait ona, badela baserri mundura eraman duenik ere, baserritik bizimodua atera daitekeelakoan edo.

Orexan ez da sumatu hori. Suertez inor ez da geratu inongo diru sarrerarik gabe. Hemen badakigu honek zenbat lanordu eskatzen dituen eta errazagoa da beste lan batetara jotzea.

Zer egin beharko litzateke baserriko lana ekonomikoki bideragarria izateko?

Gauzak egitea badaude. Tolosaldean ekoizten denaren oso kopuru gutxi kontsumitzen da. Oraindik ere gehiago ekoitzi liteke, alegia. Baina horretarako kontsumitzaileek pentsamoldea aldatu behar dute. Nik garbi daukat askoz hobea dela ezagutzen duzun ekoizlearengana jotzea eta aukera izatea bertara joateko. Badakizu ekoitzitakoa bertakoa dela eta dirua berari uzten diozula, eta ez bidean dauden beste hainbati. Egokiena hori da. Lanketa orokor bat egin behar da. Gauza asko ukitzen ditu honek; ingurugiroa, osasuna, zer jaten ari zaren... Ez da bakarrik batzuk ondo bizitzea. Baserritar batek paisaia garbi mantentzen laguntzen du, larreak ez daitezen sasiak hartuta egon, ez dituzu bazterrak horrenbeste kutsatzen edota izorratzen, jaten duzuna osasungarria dela dakizu... soka luzea da.

Eta kontsumitzailea konturatzen al da horretaz?

Prezioari eta eroso erosteari ematen diogu garrantzia. Behin bati esan nion supermerkatu batean esnea 58 zentimotan erosi ahal izateko, pentsatzeko baserritar horrek zenbat diru jasotzen zuen, tartean zenbat diru joaten den. Baserritar horrek behi horri ezin dio pentsu on bat eman. Merke ekoizteak ondorio bat dakar. Ez gara konturatzen.

Paisaia ere aipatu duzu.

Lehen baserritar bakoitzak bere larrea garbitzen zuen, sega pasatzen zuen... txukun-txukun ikusten zenuen dena. Gaur egun larreak uztean sasiak hartzen du dena eta horrek eragina du, suteak azkarrago zabaltzen dira, adibidez.

Zer eskaera egingo zenieke erakundeei?

Alderdi asko daude eta lanketa egin behar da zer nahi dugun eta zer egin behar den zehazteko. Elkarrekin egin behar dugu lan, kontzientziazio kanpainak egin behar dira, larreak garbi mantentzeak duen kostuaz ohartarazi eta lagundu... Lanketa bat egin behar da benetan zer egiten dugun ikustarazteko.

Erlazionatuak

Baserritarren aterpe

Rebeka Calvo Gonzalez 2016 urr 09 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!