Baserritarren aterpe

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 9a, 09:54

Baserri iraunkorrak herri iraunkorretan, hori da hain justu Tolomendik egindako Tolosaldeko Landa Garapenerako Programak duen leloa. 2020 arteko landa garapenerako oinarriak finkatu dituzte eskualdeko hainbat eragilerekin eta HAZI, zein Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Baina zergatik aipatzen dira baserriak eta herriak? Zergatik lotu dituzte? Posible al da elkarri bizkarra emanda bata eta bestea mantentzea?

Tolomendiren azken galderari emandako erantzuna ezezko borobila da. «Baserri iraunkorrak edukitzeko herri iraunkorrak behar dira, elkarri lotuta daude, eskualde honetako ezaugarria da hori», dio landa garapen elkarteko Iker Karrerak.

Erdigunea eta bi eraztun

Atera dezagun Tolosaldeko argazkia. Erdigune bat dago, Tolosa, eta N-1 errepideko ardatza deitu diotena, Ikaztegieta-Aduna. Biztanleria zein jarduera ekonomiko gehiago duen gunea da.

Erdigune horretatik abiatuta herri txiki mordoa dago inguruan, eraztun moduan kokatu ditzakegunak osatzen ari garen argazki honetan. Baserri munduak indar gehiago hartzen du bigarren eraztun honetan, herri txikiekin batera.

Hirugarren eraztun bat ere badugu Tolosaldean. Naturaguneena. Batetik, Leitzaran dago, Villabona eta Berastegi artekoa; Araxes erreka osatzen duen ingurua Red Natura 2000 sarean dago, bisoi europarraren babeslekua dena eta eskualdea Aralarrekin lotzen duena; eta azkenik, Ernio-Gazume naturgunea dago.

Behin argazkia osatuta ondorioak ateratzeko moduan gara. Tolomendik egindako lanak eskualdea erdigunetik bizi dela dio: «Nekazaritza sektorea erdigunearen inguruan, bueltan, kokatzen da eta hirugarren eraztunean baliabideak pilatzen dira; ura, basoak... Turismoa ere ekarri dezake, aisialdiari lotutako garapen ekonomikoa. Hor kokatzen ditugu beraz, garapen ekonomikoa ekarri ditzaketen aukera horiek», dio Karrerak.


Eskualdean beraz, natur baliabideak eta lehen sektoreak indarra dute. Eta beraz, Tolomendiren esfortzua hor kokatuko dela dio, hau da, 2. eta 3. eraztunetan. Gune nagusia, hala ere, 2. eraztuna da, «lehen sektorea garbien biltzen duen eremu fisikoa da hori».


Dagoenarekin egin nahi dute lan eta horregatik darabilte berrantolaketa hitza. «Ez dugu industria berririk ikusi, industria lurzoruak daude Belauntza, Berrobi, Albiztur... inguruan, baina enpresa txikiak dira, nekazaritza lurrak dira gehiago».


Bigarren eraztuneko garapena, hala ere, mugatua dela dio, «gaur gaurkoz dauden ezaugarriak ikusita garapena eman liteke, baina kasu oso puntualak dira». Industria garatu ahal izateko, azpiegiturak sortu beharko lirateke, eta orain ikusten dena da egindako pabiloi asko hutsik daudela, «zentzua al du hor kokatzeak?».

Gakoa beraz, beste nonbaiten dago.Non baina? Eredu berri batean, berrantolaketan. Izan ere, kulturalki herri industriala garela dio Karrerak, eta ondorioz, mentalitate industriala dugula. Pentsamolde horri buelta emateko garaia badela esan du. Arazoa bada, hor dago, «baserritarrek dituzten aukerak baztertzen dituzte». «Industriaren parametroetan pentsatzen da eta autokritika egin beharrean gaude, landa eremuaren landa izaeran galera ekarri du horrek», gaineratu du.

 

Urbanizatu

Gehiegizko urbanizatzea eman dela diote Tolomenditik, «bai fisikoki eta baita pentsaeran ere»; «ingurumen urbanoan gaude bustita».

Herri txiki askotan ematen diren eskaerak ere guztiz urbanoak direla esaten dute, «herri txikietan bizi gara, baina antolaketa herri handietako bera da, hori eskatzen dute herritarrek». Herri izatetik, hiritar izatera pasa ote gara?

Eta horretan datza 2015-2020 Landa Garapenerako Programaren ildo nagusia: Zabalduta dagoen industria eredu hori baztertu eta sinistu dezagun lehen sektoreak garapen ekonomikoa ekarri dezakeela, horrek bestelakorik ere ekarriko baitu, jarduera ekonomiko horrek, paisaia egingo du.

«Azken urteetako joera da lehen sektorea hustuz joan dela eta baserritar izatetik, baserrian bizi den jendea izatera pasa direla asko», esan du Karrerak.

Baserri iraunkorrak

Bueltatu gaitezen lelora, Baserri iraunkorrak herri iraunkorretan. Zer da baserri iraunkorra? Hiru alderdi aipatu ditu Karrerak. «Ekonomikoki iraunkorrak izan behar dute, hau da baserritarrek baserrian lanean ematen duten denboraren araberako soldata duinak jaso behar dituzte, ingurumenarekiko errespetuzko jarduerak izan behar dituzte eta baita sozialki iraunkorrak ere, hau da, baserritarrek bizi-kalitatea zein soldata duinak izatearekin batera, jarduera herriko dinamikarekin bat egin behar du, XXI. mendean txertatutako jarduera izan behar du».

Baldintza hauek eman ezean belaunaldi berriak ez dira baserrian lan egiten geratuko eta horrek baserriak eta herriak hiltzearekin batera, paisaiaren aldaketa ekarriko du. «Bizi-proiektu bat egiteko aukera eman behar du».

Herri iraunkorrak

Herri iraunkorrez hitz egiten ari gara eta Tolomendik helburu hori lortzeko sei puntu nabarmendu ditu.

Elikaduran burujabetza lortzea: «Elikadura ezin dugu besteen esku utzi, lehen sektorearen helburu nagusia elikagaien sorrera da eta eskualdeko horniketa %100ean betetzeko gai ez bada ere, bertako elikagaien kontsumoa bultzatu behar da horretara iristeko. Non erosten dugu, batez ere? Supermerkatuetan, ezta? Bada salmenta gune horiek irabazi behar ditugu, bestela beraien esku uzten dugu dena eta nahi dutena egiten dute». Bertakoa kontsumitzea lehenetsi behar dela diote eta administrazioek horretan lagundu beharko luketela.

Energia autonomia maila handia lortzeaz ere hitz egiten dute. «Sektore energetikoa bultzatu behar da eta horretarako basoak hor ditugu. Lurraldeko lurren %60 basoa dira eta asko utzita daude, bultzatu dezagun sektore energetikoa hori baliatuz». Dirua eskualdean uzteaz hitz egin du Karrerak, gure baliabideak erabiliz, autonomia energetikoa lortu baitaiteke.

Hirugarrenik «gure baliabideak balioan jartzen dituen sektore ekonomikoaren garapena martxan jarri behar da» esan dute. Ostalaritza eta turismoaz ari dira, «honek ez ditu lanpostuak modu masiboan sortuko, baina aktibatze bat eman dezake».

Mugikortasun iraunkorra ere ezinbestekotzat jo dute, «garraio publikoa eguneratu behar da, teknologia eta energiak izango duen garapena ere hor dago, eta eragin zuzena izan dezake, zer ematen duen ikusi beharko da». Era berean, herrien arteko harremana ere aipatu du, zerbitzu zein azpiegiturak elkarbanatu ahal daitezkeela nabarmendu du, ez duela zentzurik herri bakoitzak bere zerbitzu eta azpiegitura propioak edukitzeak. «Garraio sare on batekin herri batetik besterako mugikortasuna erraztu eta bultzatu daiteke».

Hondakinen zikloa ixteaz ere hitz egin dute. «Konpost asko sortzen dugu orain, eta zer egin genezake horrekin? Lehen sektorearekin hitz egin dezagun, organikoa kanpora bidaltzea ez da iraunkorra, zubi eta akordioak lortu behar dira lehen sektorearekin».

Hau guztia lortu ahal izateko baina, ur hornidura, bideak, azpiegitura eta zerbitzuak... eduki behar dira, horrela bakarrik lortuko baita bizi kalitate duina. Eta horretarako, ekonomikoki iraunkorrak izateko, komunean begiratu behar zaio honi Tolomendiren ustez. «Zubiak eraiki behar dira».

Finean hortaz, bertan ekoizten dena kontsumitzen duen gizarte eredua bultzatzearen aldeko apustua egiten du Tolomendik, horrek herritarren, bai ekoizleen eta baita kontsumitzaileen, bizi kalitate duina bermatzen duen herria ekarriko baitu.

Tolomendiren egiteko nagusia datozen urteetan Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta Tolosaldeko udal eta eragileekin batera, Landa Garapenerako Programa bideratzeko ekintzen dinamizazioa, bitartekaritza lanak, zerbitzuen eskaintza, diru laguntzen kudeaketa eta aholkularitza lanak egitea izango da. Eta horretarako hiru izango dira zeharkako ardatzak: genero-ikuspegia, iraunkortasuna eta lankidetza.

Etorkizunera begira, hortaz, landa eremuak orain dituen oztopoak gainditu eta urrats berriak emateko garaia da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!