Etxebizitzak Saretzen

Horma zahar eta pauso berri

Aitor Arroyo Askarai 2024ko aza. 7a, 11:52

Orendainen baserri bat eraberritu eta bost etxebizitza egin dituzte bertan; udalari eman diote horietako bat, eta bana jaso dute lau sustatzailek.

Hainbat urte hutsik zeramatzan Orendaingo Kale baserriak, eta udalak jabearekin akordioa egin ondotik, haren jabetza eskuratu zuen. Eraikin hari «bigarren bizitza» ematea eta herrian bizilekua eskuratzeko «beste alternatiba bat» eskaintzea helburu, baserria zatitu eta hainbat etxebizitza egiteko proiektua garatu zuten. Miguel Angel Arsuagak, gaur egungo alkateak, azaldu du «lehenik» herritarrei aurkeztu zietela parte hartzeko aukera eta interesa inork azaldu ez zuela-eta, kanpora zabaldu zutela deialdia.

Parte hartuko zuten lau pertsona edo familia behar zituzten, eta horrela izan zuen egitasmoaren berri Ibon Arretxe tolosarrak: «Uste dut ATARIA-n irakurri nuela lehen bilera hartara joateko deialdia, eta proiektuak erakarri ninduen». Arretxek kontatu duenez, «eginda» jaso zuten baserria berritzeko proiektua, udaletxeak zehaztu zuelako lehiaketa publiko bidez: «Lagapen baten bitartez udalak baserria eta inguruko lur eremua eman zizkigun eta, horren trukean, behin obra bukatuta etxebizitza baten jabetza aitortu behar genion». Lau interesdunak proiektura «sustatzaile bezala sartu» eta eraikuntza arduradunekin harremana «zuzenean» egin zuten.

Baten lekuan, bost
Guztira, bost etxebizitza egin dituzte Kale baserrian: sustatzaile bakoitzeko bat eta udalari emateko beste bat. Teilatu beraren azpian bi familia, banaka bizi diren beste bi pertsona eta herriko zenbait gazte. Azken horiek errentan bizi dira udalaren etxebizitzan, eta sustatzaileak dira gainerakoak.

Arsuaga alkateak azaldu du «funtzio bikoitza» bete duela proiektuak. Batetik, Orendainera erakarri dituelako bertan jaio ez diren pertsonak: «Alegiatik eta Tolosatik bana, eta Ibarratik etorri dira beste bi... Eta jende gehiagok azaldu zuen interesa». Eta, bestetik, baserri zaharrak «biziberritzeko» aukera eman duelako: «Etxe berriak eraikitzen hasi beharrean, hutsik zegoen baserri zahar bat aprobetxatzen da horrela; beste alternatiba edo aukera bat zabaltzen du».

Hortik harago, herri txikien «etorkizunerako gako bat» etxebizitza mota hori izan litekeelakoan dago, batetik, etxejabe berria: «Zerbitzuei dagokienez ezin dute lehiatu herri handiagoekin; horrelako aukerak ematea izan daiteke jendea erakartzeko gakoa»; eta, bestetik, alkatea: «Baserri hutsak erortzen utzi edo bota beharrean, berrerabiltzeko eta herria biziagotzeko modu bat izan daiteke».

Lehiatzeko bitarteko
Hari berari tiraka, biek ala biek nabarmendu dute modu horretan «prezio egokiagoan» eskuratu daitekeela etxebizitza eta «aukera ona» dela hori ere jendea herrira erakartzeko.

Bestalde, Arretxek seinalatu du «lan gehiago» eskatu diela modu horretan aritzeak, baina «gogobeteta» dagoela emaitzarekin: «Tramite korapilatsu gehiago egin behar dituzu, baina benetan sinesten nuen proiektuan, eta egiteko beste modu bat dela iruditzen zait».

Lehena eta ez azkena
Udaleko ordezkariak ere asebeteta hitz egin du egitasmoaren emaitzarekin, eta gaineratu du «bizpahiru» baserritako jabeekin ari dela hizketan, proiektu bera garatzeko horietan ere.

Hain zuzen, jabeetako batekin «ia hitz eginda» eta «nahiko ondo bideratuta» daukatela ere uste du Arsuaga alkateak. Dena dela, oraindik zehatz hitz egiteko garaiz delakoan dago: «Bizpahiru baserrirekin ari gara hizketan eta ea, aurrena eskuratu egin behar ditugu...».

Herrian etxebizitza bat eskuratzeko egoerari buruz, berriz, aipatu du «ia» ez dagoela aukerarik: «Orendainen ez dago aukerarik ia: baserriren batzuk badaude salgai, baina etxebizitzarik ez». Kontrara, herriko «hainbat gazte» aukerak eskatzen ari direla ere esan du, eta «aukera polita» litzatekeela horien beharrak proiektu beraren bitartez asetzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!