Bizitza berriro zerotik hastea

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 10a, 07:59

Aimar Agirresaroberi eta Maider Jauregiri banketxe bateko kontu korronte batean zuten dirua ostu diete; iruzur egin dietela diote, eta irtenbiderik eskaini ez dietenez, epaitegietara daramate kasua.

Urriaren 2a zen, larunbata. Aimar Agirresarobe eta Maider Jauregi ohiko eragiketa bat egitear ziren Laboral Kutxan duten kontu korrontean. Euren harridurarako, baina, 23 euro besterik ez dituzte kontu horretan. Egun batzuk lehenago hasita, eta bi titular ezberdinei egindako lau transferentzien bitartez, kontuan zuten ia diru guztia kendu zieten. «Guk ez genuen ezer agindu; ez genion inori baimenik eman», adierazi dute. Iruzur egin zieten. «Inpotentzia handia sentitu genuen eta behera etorri ginen».

Asteburua zen, eta euren zoritxarrerako, astelehenera arte itxaron behar zuten banketxeko ordezkariekin hitz egiteko. «Online bankura deitu eta gertatutakoa azaldu ondoren, itxura guztien arabera, iruzur baten aurrean geundela esan ziguten», azaldu du Agirresarobek. Orduan, Ertzaintzarengana jo zuten salaketa jartzera.

Bi egun luzeren ondoren joan ziren banketxera. Bertan, aipatutako bi titular horien kontuak existitzen zirela esan zieten. «Gure harridurarako, oraindik martxan zeuden. Gerora ziurtatu ziguten gure dirua ez zegoela kontu horietan. Litekeena da kontu korronte horren titularra faltsua izatea, iruzur honen kaltedun berri bat izatea». Orduan, euren kontu korrontea blokeatzeko eskatu zuten. «Hurrengo egunean, froga bat egitearren, mugikorretik ordainketa bat egiten saiatu nintzen, eta dirua kargatzea lortu nuen, berez, kontua blokeatuta zegoenean. Bizum bidez eragiketa bat egitea ere lortu nuen», azaldu du Agirresarobek. «Banketxean esan ziguten posible zela beraiek desblokeatu izana, agiriak ordaintzeko. Kointzidentzia handi samarra».

«Segurtasun eza, agerian»
Agirresarobe eta Jauregi jakitun ziren iruzur kasuak argitzeak luze jotzen duela, beraz, «kezkatuta» zeuden. «Banketxean, gainera, ez ziguten irtenbideak bilatzen saiatuko zirela esaten, eta ardurak eta susmoak gure gain jartzen hasi ziren lehen unetik . Mezu edo dei arraroak jasotzen ari ote ginen galdetuta, guk ezetz esan genien. Kreditu bat eskaini ziguten, baina ez zen onargarria, ezta etikoa ere. Kasua are gehiago zailduko zela ohartu ginen», esan du Jauregik. «Banketxeko langileei edo euren senideei halakorik gertatuz gero, berdin jokatuko al lukete?».

Bere iritziz, horrelako egoera baten aurrean, «deigarria» da inongo alarmak ez jotzea,  «ezohiko» hainbat faktorerengatik: diru kantitateak, maiztasuna, hartzaile mota... «Moduak ere ez ziren ohikoak. Premiazko edo berehalako eragiketa bezala zeuden izendatuta. Guk ez dugu sekula halakorik agindu, eta gainera, sistemak detektatzeko moduko ezaugarriak zituzten». Honi lotuta, honakoa gaineratu du Jauregik: «Kontu korronte bat dugu beste banketxe batean, eta bertan sartzen ere saiatu ziren, baina bertako sistemak, ezohiko zerbait detektatu zuenez, automatikoki blokeatu zuen kontu hori».

Gisa honetako iruzurrak ugariagoak dira gaur egun. «Gure kasuak, ordea, berezitasun bat du», esan du Jauregik. «Gu ez gaitu inork engainatu. Banketxean esan ziguten nire mugikorretik egin zituztela eragiketak, nire izenean. Hortaz, nire telefonoak zibererasoa jasan zuela ondorioztatu genuen. Argi dugu aplikazio hori mugikorrean izan ez bagenu, ez ginatekeela egoera honetan aurkituko, baina beraiek dira bezeroak aplikazio horiek erabiltzera bultzatzen dituztenak».

Biek ere, argi dute hasieratik jarri zizkiela banketxeari kartak mahai gainean. «Beraiek, ordea, ez. Mugikorra goitik behera arakatzeko esan genien, ez genuela ezer ezkutatzeko. Datu informatikoak eskatu genizkien; legez, momentuan eman behar dizu banketxeak informazio hori». Oraindik, ordea, ez dute berririk. «Dituzten segurtasun-neurriak ez dira nahikoa iruzur hauen aurrean, eta gaur egun iruzurgileak dira babes mekanismoen aurretik doazenak», gaineratu du Agirresarobek.

Izan ere, kontu horretan zituzten aurrezki guztiak. Lapurreta egoera egonkor batean eta babes sozial handiko unean jasan duten arren, «inongo kezkarik gabe bizitzetik, egunero kontua gainbegiratzera» igaro direla esan du Agirresarobek. «Gure bizitza berriro hutsetik hastea izan da. Lehen ez genuen ondoko dendan fruta poltsa bat erosteko ere. Orain gaitasuna dugu aurrera egiteko, baina zenbait unetan pentsatu beharra izaten dugu».

Ardura sozial bat
Banketxearen zeregin nagusia «bezeroei segurtasuna eta konfiantza bermatzea» dela diote. «Askorentzat airean geratu da hori. Ahaztu egiten zaie dirua gurea dela, eta gu garela diru hori esku onetan egon dadin interesa agertzen duten lehenak».

Orain, eta irtenbiderik eman ez dietenez, epaitegietara eramango dute kasua. «Dena eraman dutenez, dena dugu berreskuratzeko. Amaieraraino joko dugu gure arrazoi eta egiarekin. Bakoitzari berea ematea besterik ez dugu eskatzen. Zaila izan da hau kontatzea, biluztera behartu gaituelako, baina ardura sozial batengatik ere egin dugu. Bide luzea eta gogorra izango da». Bai Agirresarobek, baita Jauregik ere, bi ondorio atera nahi dituzte: «Batetik, gurea dena berreskuratzea, eta bestetik, gure kasuak balio dezala beste inork  halakorik jasan ez dezan».

Bitartean, Euskal Herritik, estatutik nahiz diasporatik babesa jasotzen ari direla aitortu dute. «Badira kezka azaldu dutenak, eta batzuek diru sarrerak ere egin dizkigute».

Entitateak ez du informaziorik eman nahi izan

Tolosaldeko Ataria Laboral Kutxa finantza erakundearekin jarri da harremanetan, baina banketxeak ez du informaziorik eman nahi izan: «Laboral Kutxak asko errespetatzen du bezeroekin duen harremana, eta konfidentzialtasuna zaintzen du, ez du informaziorik emango konfidentzialtasuna tarteko dagoelako. Segurtasuna bermatuta dago Laboral Kutxan, eta segurtasun sistemak neurri zorrotzak ditu eta betetzen ditu, beraz, bezeroak lasai egon daitezke. Pedagogia lanean sinesten dugu, eta bezeroei zer ez duten egin behar argi uzten diegu. Egin behar ez dutenaren inguruko argibideak eta informazioa emateko prest gaude, eta gure kudeatzaileak bezeroen eskura daude zalantzak argitzeko helburuz», adierazi du finantza erakundeak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!