Ezer egin edo esan aurretik, ondo pentsatzea

Josu Artutxa Dorronsoro 2021eko azaroaren 10a

Digitalizazioak erabat irentsi du gizartearen bizimodua. Mugikorren edota ordenagailuen menpe bizi gara, eta egunerokoan erabiltzen ditugun gailuek eraginda hartzen ditugu erabakiak.

Azkenaldian, iruzur kasuen harira, etengabe entzuten ari gara zibersegurtasuna hitza. Baina, ba al dakigu benetan zer gerta daitekeen, mugikorrera nahiz ordenagailura gozokiak balira bezala heltzen zaizkigun mezuetan klik eginez gero? «Kontuz ibili behar da, posible delako zure aurrezkiak arriskuan jartzea», esan du Maria Penilla Ziur enpresako langileak. «Hala ere, gaur egun ez dago ehuneko ehunean segurua den ezer», gaineratu du.

Penillaren iritziz, «dirua gordetzeko lekurik onenak» dira finantza erakundeak. «Zibersegurtasunari dagokionez, entitate garatuenak dira, sistema onenak dituztenak. Online bankuan edozein eragiketa egiteko, guztiek dute baimentze bikoitza; bi pasahitz ezberdin eskatzen dizkigute».

Askotan, mugikorrera edo ordenagailura heltzen zaizkigun mezu arriskutsuetan, adinekoak izan ohi dira ondorio larriak izan ditzaketenak. Hala ere, azkarregi klikatzeko ohitura guztiok dugula esan du Penillak eta datuak eman aurretik, beharrezkoa dela bi aldiz pentsatzea. «Mezu arriskutsuak iristen zaizkigunean, zein mezu mota den aztertu behar da, eta askotan, berehala ezabatzea da onena. Zerbait larria izanez gero, jarriko dira berriro zurekin kontaktuan».

Zibererasoak ekiditeko, bi aholku eman ditu: «Batetik, haurrentzako jolasak, sare sozialak edo bestelako aplikazioak eta banketxeetako aplikazioak mugikor berean ez izatea. Bestetik, sarbide guztietarako pasahitz bera ez erabiltzea, edo pasahitzak automatikoki ez gordetzea. Badira pasahitzak gordetzeko fitxategiak; horrela, nahikoa izaten da dokumentu horretara sartzeko gakoa jakitea».

Erlazionatuak

Bizitza berriro zerotik hastea

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 aza 10 Orendain

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!