ELKARRIZKETA

«Finantza erakundeak ezingo du frogatu eragiketak adostasunez egin zirela»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 10a, 07:58

Agirresarobek eta Jauregik epaitegietara daramate jasan berri duten iruzur kasua; araudiari erreparatuz gero, Joseba Salegi euren abokatuak argi du zer gertatuko den.

Aimar Agirresarobek eta Maider Jauregik beste oztopo bati egin beharko diote aurre: epaitegietara daramate kasua. Horretarako, Joseba Salegi abokatuaren laguntza izango dute. Ikuspuntu juridikotik, «baloratzen sinplea den kasua» dela aitortu du.

Zein egoeratan dago kasua?

Epaitegietan nahiko berriak diren ekintza judizialak dira, baina  izan dira kasuak, eta badira sententziak. Hortaz, epaitegietan bada ardura bat honen inguruan. Egia da, ordea, oso poliki doazela kasu guztiak, larrienek ere bere denbora eskatzen dutelako. Iruzur kasu hau, gainera, une honetan ez dute lehentasunezkoa edo larria bezala izendatuko. Ikuskatu ditudan kasu guztiak, kontsumitzaileen edo bezeroen interesen aldekoak dira, euren intereserako geroz eta sendoagoa den sistema bat badagoelako, iruzur kasu batean erabat aplikagarria izan daitekeena.

Kasu horietan, phishing (bezeroak klabeak borondatez finantza erakundeari ematen dizkiola pentsatuz, beste norbaiti ematea) edota pharming (mobila jakeatzea) zibererasoez hitz egiten da. Sententziek, beraz, aurreikusten dituzte horiek. Ugaritzen ari diren kasuak dira, eta tendentzia horretan jarraituz gero, finantza erakundeek euren posizioa aldatu beharra izango dute. Hemen, gainera, bada paradigma bat.

Zein da paradigma hori?

Legea urratzearen ondorioz, finantza erakundeari oso merke ateratzen zaio dirua ez itzultzeko posizioa mantentzea. Izan ere, epaileak arrazoia ematen ez badio ere, ez du isunik izango. Hortaz, ikuspegi ekonomikotik, denbora irabaztea abantaila da beraientzat.

Zuen kasuan, zein urrats eman dituzue orain arte?

Lehenik, idatzi bat aurkeztu genuen erakundean. Legeak aurreikusten duenez, bezeroak gertatu zaionaren berri emateko betebeharra du. Eskaerari, ordea, ezezko erantzuna eman zioten. Harriduraz jaso genuen erantzuna, emandako azalpenak oso orokorrak direlako.

Hemendik aurrera dugun aukera bakarra demanda judizial bat jartzea da. Behin prestatutakoan, epaitegian aurkeztuko dugu, eta horrek bide emango dio prozedura arrunt bati.

Zure iritziz, nork urratu du legea edo non egon da arau-haustea?

Kasu honetan, dirua itzuli ez dien momentutik erakundeak ez du legea bete. Lehenago, bere segurtasun-neurriek huts egin ahal izan dute, baina horrek ez du esan nahi bankuak arau-hauste bat egin duenik.

Zeintzuk izan daitezke kasu honen irtenbide juridiko posibleak?

Cuasi objetivo deritzon erantzukizun baten aurrean gaude. Baimena eman edo ez frogatzearen ardura erakundearengan jartzea da; argiago esanda, transferentzia horiek bezeroek baimendu zituztela egiaztatu behar du. Bezeroek ez dute frogatu behar zer ez duten egin; finantza erakundeak ziurtatu behar du martxan jarri dituzten segurtasun neurri guztiak bete direla. Hori egiterik ez badu, inbertsio karga baten aurrean egongo ginateke. Kasu horretan, entitatearena litzateke erantzukizun osoa, eta beraz, dirua itzuli beharko lieke bezeroei.

Ez bada arduragabekeriaz jokatu, edo maularik edo iruzurrik egin nahi izan ez bada, kasu guztietan, automatikoki entitatearengan ezartzen da erantzukizun cuasi objetivo hori. Hala ere, badira salbuespenak edo erantzukizun hori bezeroarengan ezartzeko aukerak, hala nola, bezeroak berak arduragabekeriaz jokatzea (esate baterako, bere datuak edota pasahitzak publiko egitea), edo finantza erakundeari maula edo iruzur egiteko asmoa izatea.

Baduzu dirua itzuliko dietenaren esperantza?

Zintzoki esanda, nire bezero bati ez diot sekula esango sententziak aurrez idatziak daudenik, baina bai esan diezaioket, araudia ikusita, nahiko argi dudala zer geratuko den. Badira iruzur kasuak aztertu dituzten epaiketak, eta aurrez esan bezala, ezagutzen ditudan guztiak bezeroen interesen alde ebatzi dira.

Ikusi beharko da zein den emaitza. Nire ustez, argia izan beharko litzateke; entitateak demostratu dezake pasahitzak zuzen sartu zirela, baina ezinezkoa izango du eragiketen aginduak adostasunez eman zirela frogatzea. Orduan, finantza erakundearen gain geratuko da erantzukizuna, eta berak egin beharko dio aurre kalte honi.

Kasu hau iragarri den unetik, finantza erakundeetako bezero askok azaldu dute kezka, denek ikusi dutelako arriskuan euren egoera, baina ez dira horiek bakarrik. Izan ere, guztiok gaude arriskuan, bai herritarrak, bai banketxeetako langileak, baita kasua ebatziko duen epailea bera ere. Horregatik, ezinbestekoa iruditzen zait iruzur kasuen inguruan kontzientzia hori zabaltzea.

Erlazionatuak

Bizitza berriro zerotik hastea

Josu Artutxa Dorronsoro 2021 aza 10 Orendain

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!