Inauteri dantzek ez dute hutsik egin

Leyre Carrasco 2026ko otsailaren 8a

Eguraldia dela eta, kaleko puska biltzerik ez dute egin aurtengoan lizartzarrek, baina inauterietako ohiturazko dantzak egin dituzte elizako atariaren babesean.

Lizartzako inauteri dantza batzuk txekor hiltze egunean dantzatzen badira ere, asteburu honetan dantzatu dituzte gainerakoak. Atzo, esaterako, dantzariak eta txantxoak baserriz baserri aritu ziren puska biltzen, eta gaur herrian zehar egin behar zituzten, baina eguraldia dela eta, ibilaldia bertan behera uztea erabaki dute eta elizako atarian eskaini dute emanaldia.

Goizeko hamabietan egin dute hitzordua elkartean. Ordurako euri asko ari zuen eta giroa ikusita, gaurkorako antolatutako ibilbidea bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Hala ere, hilabetetan entseatutako inauteri dantzak egiteko aukera izan dute dantzariek; elizako atariaren babesean egin dituzte dantzak, hain zuzen.

Emanaldia amaituta, herri bazkaria egingo dute pilotalekuan, eta horren ostean, Aranburugoitiarrak izeneko herri kirol komediaz gozatzeko aukera izango da, 16:30etan. Ijitoa errez agurtuko dituzte aurtengo inauteriak, 19:30etan, plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!