Inauteriak 2026

Dotore ekin diete inauteriei

Ataria 2026ko urtarrilaren 31

Gibela dastatuz eta herriko dantza taldearen emanaldiaz gozatuz hasi dituzte inauteriak lizartzarrek.

Lizartzako inauterietako kantuak abesten aritu ziren atzo, eta gaur antzerkia, musika eta dantzaren txanda izan da. Izan ere, garai bateko gibel jatea irudikatzen dute urtero inauterietako lehen asteburuan, eta horrekin batera, herriko Otsolar dantza taldeko dantzarien emanaldia izaten da, zuzeneko musikaz lagunduta, horiek ere, herrikoak.

Eguerdirarako zegoen jarrita hitzordua pilotalekuan, eta herritarrek hutsik egin gabe bete dituzte harmailak. Noski, lekurik pribilegiatuena jaietarako izendatzen dituzten udal ordezkarientzat gordeta zegoen. Horiek, gainera, edatekoa eta jatekoa izan dute emanaldi osoan zehar, tratua ere, beraz, berezia.

Udal ordezkariek nahiz herritar arruntek adi jarraitu dituzte dantzari gaztetxo nahiz helduagoek eskaini dituzten inauteri dantzak. Gaurkoan, inauteri dantzetako batzuk egiten dituzte, eta besteak datorren astebururako gordetzen dituzte, herria inauteri bete-betean dagoenerako. Izan ere, festak datorren ostiralean izango du jarraipena. Larunbata eta igandea izan ohi dira egunik berezienak, puska biltze, txantxo, mozorro, dantzari eta txarangen doinuekin.

EGITARAUA

  • OTSAILAK 6, OSTIRALA
    • 14:15. Eskolak antolatutako mozorro festa
    • Ondoren. Kalejira.
  • OTSAILAK 7, LARUNBATA
    • 07:00. Plazan elkartu dantzari, txantxo eta txistulariak eta kalejiran Uetako zubitik denak batera, Diana abestuz hasiko dute inauteria.
    • 07:30. Puske biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik.
    • 10:00. Etxe-zahar baserrian geldialdia.
    • 12:00. Mozorroen eta txarangaren irteera Joxe Mariko aparkalekutik.
    • 13:30. Arrateko zubian denak elkartu ondoren, bazkari autogestionatua, frontoian.
    • 18:00. Frontoitik kalejiran aterako dira plazarantz. Bertan, sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta Lizartzako talogileek egindako taloak jateko aukera.
  • OTSAILAK 8, IGANDEA
    • 10:00. Meza nagusia.
    • Ondoren. Hamaiketakoa plazan.
    • 12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puskak biltzen. Gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera.
    • Ondoren. Lizartzako Inauteri Dantzak plazan.
    • 14:00. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan, txarangak alaiturik.
    • 16:30. Aranburugoitiarrak. Herri kirol komedia.
    • 19:30. Plazan ijitoa errez inauterien amaiera.
Erlazionatuak

Dantzari finak

Ataria urt 31, 15:58 Lizartza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!