Gorritiko gaztelura egingo dute irteera larunbatean

Ataria 2025eko urtarrilaren 13a

Lizartzako Otsabio kirol elkarteak antolatu duen '4 Gaztelu' ekimenaren barruan egingo dute eta autoetan irtengo dira herriko plazatik; ibilbide luzekoek 8:00tan, eta ibilbide laburrekoek 9:30etan.

Urte berriarekin batera erronka berriak jarri ditu Lizartzako Otsabio kirol elkarteak. Iaz egindako erronka amaituta, ekimen berria abiatu zuten azaroan: 4 Gaztelu. Lehen ibilbidean Aralarko Ausa gaztelura igo ziren herritarrak, eta orain, bigarrenari eutsiko diote. Hain justu, larunbatean, Nafarroako Gorritiko gaztelura joango dira.

Ohi moduan, bertara igotzeko bi ibilbide izango dituzte herritarrek. Ibilbide luzea egin behar dutenek 8:00tan abiatuko dira herriko plazatik Gorritira autoetan, eta ibilbide laburra egin behar dutenek, berriz, 9:30etan.

Iraupen eskiko ikastaroa

Horrez gain, urtean zehar beste hainbat ekintza antolatuko ditu Otsabio kirol elkarteak. Horietako lehena izango da otsailaren 8an egingo duten iraupen eskiko ikastaroa. Belaguan egingo dute, Eneritz Gorostidi irakaslearen gidaritzapean.

Ikastaroa doakoa izango da, baina hilaren 31a baino lehen eman beharko da izena 673 905 685 zenbakira idatzita. Adin txikikoek heldu baten ardurapean joan beharko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!