ELKARRIZKETA

«Mendizaletasuna eta historia sustatzeko modua izan daiteke»

Leyre Carrasco 2024ko aza. 19a, 07:59

Euskal Herriko lau gaztelu bisitatzeko mendi irteerak antolatu ditu Lizartzako Otsabio kirol elkarteak; azaroaren 30ean egingo dute lehena eta Aralarko Ausa Gaztelura joango dira.

Kirola eta historia uztartzen dituen ekimen berria abiatu du Lizartzako Otsabio kirol elkarteak: 4 Gaztelu. Hain justu, lau gaztelu bisitatuko dituzte, eta horretarako, mendi ibilaldiak antolatu dituzte. Izan ere, gazteluak bisitatuz mendiak eta historia ezagutu daitezkeela diote Arantxa Mendizabal (Tolosa, 1980) eta Nagore Esnaola (Txarama, 1983) elkarteko kideek.

Ekimen berri bati eutsi diozue: '4 Gaztelu'. Zertan datza?

Arantxa Mendizabal. Zerbait gauzagarria sortu nahi genuen, izan ere, aurreko urtean oso lanpetuta ibili ginen Ezetz 4! erronkarekin, eta hortik harago beste gauza gehiago ere badauzkagunez, zerbait bideragarria egin nahi genuen. Hala ere, aurreko erronkaren izenari tiraka, lau zenbakiari eutsi nahi genion, baina oraingo hau ez da erronka bat izango.

Nagore Esnaola. Hori da, izan ere, ez da sari banaketarik egongo. Azkenean gure asmoa bisitatuko dugun gaztelu bakoitzak ematen duen informazioa parte hartzaile bakoitzak jasotzea izango da eta, aldi berean, mendietara igotzea. Azken asmo hori, hain justu, Otsabio kirol elkartearekin lotuta dago.

Ez da halako ekimena egiten duzuen lehen aldia.

Esnaola. Pandemiaren ostean, Lizartza1 inguruko mendiak igotzeko erronka jarri genuen martxan. Horren ostean, Lizartzako eskola txikietako festarekin bat eginez, festako kamisetarekin zenbait mendi igotzeko erronka abiatu genuen. Pasa den urtean, berriz, Ezetz 4! erronka egin genuen. Hor sei irteera eskaini genituen eta, gutxienez, horietatik lau irteera egin behar izan zituen parte hartzaile bakoitzak. Beraz, lau horri eutsiz, 4 Gaztelu izeneko ekimena egitea erabaki dugu.

Gazteluak izango dira oraingo protagonista. Zergatik?

Mendizabal. Historia beti izan dut gustuko eta Lizartzako kultur astearen barruan, Irulegiko aztarnategia bisitatzera joan ginen. Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak eman zituen azalpenak, eta adin guztietako herritar ugarik parte hartu zuten jarduera horretan. Gure asmoetako bat gazteak ekintza hauetara etortzea da, eta erronka forma eman gabe, agian, mendizaletasuna eta historia sustatzeko modua izan daiteke.

Esnaola. 11 urtetik 25 urte bitarte horretan dugu koxka. Irteera eta erronka oso politak antolatzen ditugu, baina adin tarte horietakoak ez dira asko animatzen eta pena handia ematen digu horrek. Izan ere, horrelako jarduerek edozein adineko herritarrekin harremanak sortu eta etorkizun batean elkartrukeak sortzeko baliagarriak dira.

Beraz, zein da ekimen honen helburu nagusia?

Esnaola. Otsabio kirol elkartearen asmoa kirola lantzea da eta urtean zehar antolatzen ditugun mendi irteera eta ekintzekin hori lortzen dugu, baina ekimen honek zenbait puntu lotzen ditu; batetik, mendizaletasuna eta, bestetik, historia. Alegia, mendi ibilaldiez aparte, gure asmoa inguruan ditugun garai bateko gazteluen historia ezagutzera ematea da. Horregatik, animatzen direnek seguru ondo pasako dutela eta seguru gaude kontatzen den historia horretatik zerbait geldituko zaiela buruan, izan haur, gazte edo heldu.

Mendizabal. Horrez gain, herria eta herritarrak aktibo izateko modua ere izan daiteke hau, baita herritarren artean harremanak sortu eta sendotzeko ere.

Nola egin duzue aukeraketa?

Mendizabal. Gaztelu asko daude inguruan eta nahiko zaila izan da, baina azkenean, izenburua aintzat hartu eta lau aukeratu genituen. Batetik, Nafarroako Gorriti eta Irurtzungo gazteluak aukeratu ditugu, Lizartzatik gertu geratzen direlako. Bestetik, Eskoriatzako Aitzorrotz gaztelua erabaki dute, eta azkenik, Aralarko Ausa gaztelua bisitatuko dugu ibilbide oso polita duelako Txindoki ingurutik eta bertan bazkaltzen gelditzeko aukera ere ematen digulako. Hau izango da, hain justu, egingo dugun lehen irteera. Hurrengo larunbatean, azaroaren 30ean izango da.

Zer antolatu duzue egun horretarako?

Mendizabal. 08:30ean abiatuko gara plazatik, eta ohiko moduan, kotxeak antolatu ditugu horretarako. Aralar ingurura iristean hasiko gara mendi ibilaldiarekin. Gaztelura iristean azalpen batzuk jasoko ditugu baina oso xumeak izango dira. Horretarako, Arkaitz eta Enekoren laguntza izango dugu, hango bazterrak asko ezagutzen baitituzte eskalada egiten dutelako eta horren inguruko informazio ugari dute.

Esnaola. Tartean Fernando Rojo historialariarekin ere hitz egin genuen, gazteluen historia ongi kontatu dezakeelako. Prestutasuna erakutsi du, baina oraindik guztiz zehazteko daukagu nola egin dezakegun.

Zein beste ekimen dituzue eskuartean?

Esnaola. Ohi moduan, abenduaren 31n San Silbestre krosa egingo dugu eta urtarrilaren 1ean Otsabiora igoera. Otsailean eski irteera antolatu dugu eta maiatzaren 17an Otsabio Eguna. Otsabio Eguna egun guztian zehar izaten da eta bertan ere herritar guztiak biltzen saiatzen gara, festa oso polita eta berezia izaten baita lizartzarrentzat. Azkenik, ekainean, Castillo de Acherrera egingo dugu irteera.

Pasa den asteburuan eskalada ikastaroa egin zenuten. Zer moduz joan zen?

Mendizabal. Kanpotik jende ugari etorri zen; Andoaingo, Anoetako, Beteluko, Alegiako eta Hernialdeko herritarrek ere parte hartu zuten. Gu oso pozik geratu ginen, Lizartzako herritarrez gain, inguruko asko animatu zirelako.

Esnaola. Zentzu horretan beti irekita egoten gara, ez gaude itxita, eta azken ekimen honetan ere edonor animatu daiteke, izan lizartzarra edo ez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!