Lehertu da festa Lizartzan. Hasi dira inauteriak, beste urte batez, eta mozorroak prestatzen ere hasi dira herritarrak datorren astebururako. Gaur, antzerki taldekoek saio labur bat eskaini dute inauteriei hasiera emateko, pilotalekuko sarreran. Zure Zirkua muntatu dute. Izan ere, udan, futbol zelaian karpa handi bat jarri nahi dute, ikuskizunak eskaintzeko, eta herritarrak castingera animatu daitezen eskatzen aritu dira.
Ondoren etorri da Otsolar Dantza Taldearen dantza emanaldia. Dantzak hasi aurretik, antzerki taldekoek hiru bertso abestu dituzte, gogoratuz, gaurko egunez, txekorra plazan izaten zela garai batean, ondoren hiltzeko, baina garaiak aldatuz doazela eta ohitura zaharrak ere aldatuz doazela, "inolaz galdu gabe". Horren ostean, dantza taldeko 50 bat dantzarik emanaldia eskaini dute. Betiko moduan, herriko musikarien laguntza izan dute, zuzenean aritu baitira erritmoa jartzen. Bien bitartean, gibelaren pintxoak banatzen aritu dira bertaratu direnen artean.
Hurrengo asteburuan izango du jarraipena festak. Egitarau oparoa prestatu dute, ostiraletik igandera bitarte.
Hona abestu dituzten bertsoak, haizak hi mutil mañontzi doinuan:
Argituz dena zalantzan
zer izaten zen Lizartzan
horrela da bai, txekor eder bat
hiltzen genun plazan
Bat larri besteak dantzan.
Aukera zuzena etzan.
Penak aztutzen genitun arren
behin erretzen bazan
Esan ohi da, zaharrak berri!
Baina ezin eutsi horri.
Garaiak ere aldatuz doaz
ohikoa da hori.
Haize berriak festari,
aurrera begira jarri.
Urte askotan ospatuko da
ulertuz elkarri.
Ta noski, gaurko egunez
gibela jaten genunez,
jarrai dezagun bide beretik
gurea dugunez.
Jai giroa hurbil zaitem
beteko gara umorez.
Ohitura zaharrak alda daitezke
iñolaz galdu ez