Ate joka dituzte inauteriak lizartzarrek

Ataria 2022ko ots. 9a, 15:00

Larunbat honetan gibela dastatuz emango diote hasiera inauteriari, eta ohiturari jarraituz, Otsolar Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du.

Larunbatera begira jarriak dituzte begiak lizartzarrek. Eguerdian hasiko dituzte inauteriak, urtebetez ospatu gabe izan eta gero. Urtarrila amaieran egin zuen batzar irekia Otsolar Dantza Taldeak, eta inauteriak ospatzea erabaki zuten.

Ohiturari eutsiz, eta neurriek ahalbidetzen duten moduan, antolatu dituzte aurtengoak. Larunbatean, 12:00etan emango diete hasiera gibela dastatuz, eta ondoren, Otsolar Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du. Inauterietan murgiltzeko lehen hitzordua horixe izango da, eta hortik aurrera, hurrengo asteburuan, otsailaren 18tik 20ra, inauteriak intentsitate handiagoz bizitzeko aukera izango dute, orduan izango baitituzte, besteak beste, puska biltzea, mozorro eta txaranga kaleetan, dantzariak, inauteri dantzak edota bazkaria.

Antolatzaileek esan dute unean uneko egoeraren arabera, segurtasun neurriak hartuko dituztela. Girotzen joateko, pasa den ostiralean, Gipuzkoako inauterien inguruko hitzaldia eskaini zuen Maddi Dorronsoro antropologoak. Inauteriak historian kokatu, eta argazki orokorra ateratzen saiatu zen.

EGITARAUA

Otsailak 12, larunbata
12:00. Inauteriei hasiera emango zaie gibela dastatuz. Ondoren, antzerkia eta Otsolar Dantza Taldearen emanaldia.

Otsailak 18, ostirala
14:15. Eskolak antolatuta, mozorro festa.

Otsailak 19, larunbata
07:00. Plazan elkartuko dira dantzari, txantxi eta txistulariak. Denak batera Diana abestuz hasiko dute inauteria.
07:30. Puska biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin, ospeletik.
10:00. Etxe-zahar baserrian geldialdia.
12:00. Mozorroen eta txarangaren irteera Joxe Mariko aparkalekutik.
13:30ak aldera. Arrateko zubian denak elkartu ondoren, herriko plazan bazkari autogestionatua, bakoitzak bere bazkaria eramanda. Eguraldi txarrarekin, frontoian izango da.
18:00. Joxe Mariko aparkalekuan bildu eta plazara jaitsi ondoren, bertan Lizartzako talogileak egindako taloak jateko aukera izango da.

Otsailak 20, igandea
10:00. Meza nagusia. Ondoren, hamaiketakoa plazan.
12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen. Ondoren, Lizartzako Inauteri Dantzak plazan. Amaieran Luzea saria emango da.
14:00. Herriko plazan bazkaltzeko aukera, bakoitzak etxetik ekarritako bazkariarekin.
17:30. Andoni Ollokiegiren kontzertua.
19:30. Plazan ijitoa errez, amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!