Zilarrezko inauteriak piztu dituzte Lizartzan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urtarrilaren 27a

Antzerkiak zabaldu ditu, urteroko moduan, Lizartzako inauteriak; berezietan berezienak izango dira, ordea, duela 25 urte berrekuratu baitzuten usadioa.

Eguerdirako egina zuten hitzordua, eta liartzarrak zintzo bertaratu dira, pilotaleku atarira. Udal ordezkaria dotore, eta txekorra ere prest, galako, ikus-entzule guztiak harritzeko. Horrela hasten baitira inauteriak Lizartzan, antzerkiz eta dantzaz. Eta, noski, janaz ere bai; gibela dastatzeko aukera izan dute herritar guztiek.

Zilarrezko inauteriak izango dituzte, aurten, Lizartzan, duela 25 urte ekin baitzioten, antzina ospatzen zituzten inauteriak berreskuratzeari. Horrela, gaurko ekitaldia lehen pausoa baino ez da izan, bi asteburutara zabalduko duten egitarauari ekiteko. Umoretik ekin diote, pilotaleku atariko esketxa bertsoz eta kantuz josiz. 25. urteurreneko tarta erraldoiari kantatu, eta kaldereroen aldarrikapenez egin dute frontoira sarrera, bertan Otsolar dantza taldearen eta herriko musikarien emanaldiaz gozatzeko.

Bihar ere egun berezia izango dute, besteak beste, 25 urteotako argazkiekin atondutako erakusketa inauguratuko baitute. Zilarrezkoak izan ala ez izan, lizartzarrek gozatu ederra hartu dute, eta hala oihukatu, gainera: "Gora Lizartzako inauteriak!".

Erlazionatuak

Lizartzako inauteriak: 25 urte berezi

Rebeka Calvo Gonzalez 2018 urt 25 Lizartza

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!