Lizartzako inauteriak: 25 urte berezi

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko urt. 25a, 10:19

Gibela dastatuz eta udal ordezkari bereziak izendatuz hasiko dituzte neguko festak Lizartzan; 25. urteurrena dela eta, argazki erakusketa bat ere prestatu dute.

25 urte betetzen dira aurten, Lizartzako inauteriak berreskuratu zituztela. Bereziak dira Lizartzako inauteriak, dantza eta doinu propioak baitituzte, eta horiek askoz zaharragoak badira ere, Otsolar dantza taldeak kultura ondarea berreskuratzeko azken 25 urte hauetan egindako lana ere nabarmena da.

Lan hori aitortu asmoz aurtengoan argazki erakusketa bat ere antolatu dute, gainera, igandean izango da hori, hilaren 28an. 25 inauteri, irudiz irudi argazki erakusketa 12:00etan aurkeztuko dute. 25 urte hauetako 300 bat argazki bildu dituzte eta herriko hainbat txokotan egongo dira ikusgai, inauteriak irauten duten bitartean. Erakusketa aurkeztu eta gero kantu jiran joango dira herrian zehar, inauterietako kantutegi propioa errepasatuz.

Inauteriak dena den, larunbatean hasiko dira. Txekorraren asteburua izango da beraz, datorrena. Ohi bezala, inauterietako udal ordezkari bereziak izendatuko dituzte eta plazan elkartuko dira, gibela dastatzeko, herritarrek prestatzen duten antzerkia eta Otsolar dantza taldeko dantzarien emanaldia ikusteko.

DANTZAK, OTSAILEAN

Otsaileko lehen asteburuan jarraituko dute inauteriak ospatuz, eta orduan ikusi eta entzun ahal izango dira ere, Lizartzako inauteri dantza eta doinuak. Baserriz baserri erakutsiko dituzte lehenik, larunbatean eta goizean goiz hasita, eta 12:00etan elkartuko dira mozorro, gurdi eta txarangak kalejiran joateko. Aurten ez dira Errota ataritik aterako, Joxe Mariko aparkalekutik baizik.

Inauteri dantza eta doinuekin du zerikusia urteurren borobila ospatzeko egingo duten beste berrikuntzetako bat. Aurten dantzak egiteko hiru talde osatu baitituzte eta bertan hainbat belaunalditako dantzariak ikusi ahal izango dira. Herrian ere egiten dituzte dantzak, baina igandean. Herrian egiten dute puska biltzea lehenik, eta plazan biltzen dira gero, dantzatzeko.

Inauteri bazkaria ere egiten dute igandean eta desberdina da hori ere. Batetik, menua bera da berezia, usadioei jarraituz garbantzuak eta txekorra bazkaltzen baitute urtero eta, bestetik, bazkalosterako emanaldi berezia izango dute, urtero bezala.

Aurten Kalakan hirukote ezagunak eta Luis Peixoto musikari portugaldarrak elkarrekin duten Da Terra emanaldia eskainiko baitute. Igande horretan, otsailaren 4an beraz, bukatuko dituzte lizartzarrek inauterien jaiak, eta horretarako ijitoa erreko dute, plazan.

EGITARAUA

Urtarrilak 27, larunbata

12:00. Inauteriei hasiera emango diete gibela dastatuz, udal ordezkariak eta txekorra plazan dituztela.

Ondoren. Antzerkia eta Otsolar dantza taldearen emanaldia.

Urtarrilak 28, igandea

12:00. 25 inauteri, irudiz irudi argazki erakusketaren aurkezpena eta mokadutxoa udaletxean.

Ondoren. Kantu jira herriko taberna eta txokoetan zehar argazki erakusketa ikusiz.

Otsailak 2, ostirala

14:15. Eskolak antolatutako mozorro festa, eta ondoren, kalejira.

Otsailak 3, larunbata

07:00. Plazan elkartu eta kalejira Uetako zubitik dantzari, txantxo eta txistulariekin. Diana abestuz hasiko dituzte inauteriak.

07:30. Puska biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin, ospeletik.

10:00. Etxe-Zahar baserrian geldialdia, gosaltzeko.

12:00. Mozorro, gurdi eta txarangen irteera Joxe Mariko aparkalekutik.

13:30. Inauteri partaide guztiek kalejira egingo dute Arrateko zubitik irtenda. Ondoren, elkarrekin bazkalduko dute, herriko frontoian.

18:00. Gurdi eta mozorroak Joxe Mariko aparkalekuan bilduko dira eta kalejiran jaitsiko dira plazara, bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta Lizartzako talogileak egindako taloak dastatzeko aukera izango da.

Otsailak 4, igandea

11:00. Meza nagusia, eta ondoren, hamaiketakoa, plazan.

12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen, gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Ondoren, Lizartzako inauteri dantzak egingo dituzte, plazan.

14:00. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan, txarangaz alaiturik. Ondoren, zozketak eta Kalakan & Luis Peixoto emanaldi berezia.

19:30.Plazan Ijitoa errez bukatuko dituzte inauteriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!