Naparraren gorpuzkiak identifikagarriak liratekeela esan du Etxeberriak

Ataria 2016ko azaroaren 10a

Pako Etxeberria forentsea Auzitegi Nazionalean izan da gaur goizean, Jose Migel Etxeberria 'Naparra'ren auzia dela eta. Ismael Moreno epaileak zuzendutako prozeduraren barruan deklaratu behar izan du.

Etxeberriak esan duenez, Naparraren gorpuzkiak aurkituz gero, hauek identifikatzea posible izango litzateke. Era berean, esan du gorpua lurpetik ateratzeko lanetan lan egiteko prest dagoela.

Ismael Moreno epaileak auzia berri ere irekitzea erabaki zuen, Etxeberriaren senitartekoen abokatuek desagerpena argitzeko emandako datu berriak ikusita. Abokatuek Iñaki Errazkin kazetariak jasotako informazioan oinarritu ziren; Errazkinek CNI Espainiko zerbitzu sekretuko kide ohi baten informazioa jaso zuen.

Auzia Frantziako Mont-De-Marsaneko epailearen esku dago orain, eta berak erabaki behar du nola bideratu gorpuzkien bilaketa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!