Etxebizitzak Saretzen

Txarama egokitzeko prozesuan, pauso berriak

Ataria 2024ko aza. 7a, 11:50

Hiri-Berroneratzean Nazioarteko Ikerketa eta Berrikuntza Sareko kideak eta auzotarrak, Txaraman.

Jasotako diru laguntzekin etxebizitzak egokitzen ari dira; Hiri-Berroneratzean Nazioarteko Ikerketa eta Berrikuntza Sarea Txaraman ari da lanketa egiten.

Auzoa berroneratzeko lanetan jarraitzen dute Txaraman. Batetik, urte hasieran, langabezian zeuden hamar pertsona kontratatu zituzten auzoa zaharberritzeko. Pertsona horiek formakuntza jaso zuten, eta ondoren, hainbat lan burutu dituzte, hala nola, kultur etxea berritu, hiri-altzariak margotu eta autobus geltokia garbitu. Bada, lan horiek amaituta, beste fase batean sartu dira orain, eta etxebizitzak berritzeko lanetan ari dira.

Joxe Ramon Eizagirre Leaburu-Txaramako alkateak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren auzo zaurgarrien egoera hobetzera bideratutako diru laguntza baliatuz ari dira burutzen lan horiek. Hain justu, 2022 urte bukaeran jakin zuen udalak 1,5 milioi euro jasoko zituela helburu horretarako. «Kontratatu genituen hamar pertsonak amaitu berri dute euren lana, eta orain eraikinekin hasiak gara. Hainbat etxe-aurre berritu eta isolatuko ditugu, energia galdu ez dezaten».

Tarte guzti horretan Opengela bulegoa egon da zabalik kultur etxean, eta horren bidez, auzotarrek kontsultatu ahal izan dute zer laguntza dituzten eskura, etxebizitzen irisgarritasunaren, bizigarritasunaren eta energia-efizientziaren alorrean.

Ez da hori, baina, auzoa jasotzen ari den laguntza bakarra. Izan ere, Hiri-Berroneratzean Nazioarteko Ikerketa eta Berrikuntza Sareak Txarama hartu du kasu-azterketa egiteko. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako Zuzendaritzak sustatutako CI+IRU proiektuaren esparruan martxan jarritako ekimena da sare hori, eta gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko, Espainiako estatuko eta Europako 30 eragilek baino gehiagok osatzen dute, besteak beste, arlo akademikoko, administrazio publikoko eta enpresa-sektoreko erakundeek.

Maitane Menayo Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura saileko irakasle eta ikertzaileek osatzen duten CAVIAR EHU ikerketa taldeko kidea da, eta berak azaldu moduan, urtero mintegi bat egiten dute sarea osatzen duten kideek; «Aurtengorako Txarama auzoa lantzea oso interesgarria iruditu zitzaigun, berroneratze prozesu batean murgilduta daudelako, eta prozesu horretan parte hartzen ari diren eragileen eta herritarren prestutasuna eta beharragatik».

Hala, azken hilabeteetan auzoaren lanketa egin dute. Horretarako, auzotarren lekukotzak jaso dituzte eta txosten bat osatu dute auzoaren historia eta bilakaera aztertuta. Ondorengo pausoa izan da iragan ostegunean Txaraman bertan sareko kideek egin zuten bilkura. «Auzoa bera bisitatzearekin batera herritarrekin egoteko aukera ere izan dugu, auzoaren inguruko ezaugarriak, sentimenduak nahiz beharrak partekatuz».

Nazioarteko Hirigintza, gizarte berrikuntza edota osasun arloko adituez osaturiko sarearen egitekoa hainbat proposamen mahai gainean jartzea izango dela azaldu du Menayok. «Proposamen horiek Txaramako berroneratze prozesuan baliagarri izatea da asmoa».

Hilabete barru espero dute proposamen horiekin Txaramara itzultzea. «Auzotarrei azalduko dizkiegu gure proposamenak eta tailer-dinamika bat egingo dugu horien inguruan irizten dutena jasotzeko eta proposamenak berrelikatzeko».

LEHENTASUNA MUGIKORTASUNA

Menayok kontatu duenez, Txaramakoa nazioarteko sarea burutzen ari den laugarren mintegia da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako auzo zaurgarrien katalogoan dauden auzoekin lanketa 2021. urtean hasi ziren egiten. Aurtengoak, Txaramakoak badu, ordea, desberdintasunik, aurrekoekin alderatuta; «Aurreko lanketetan, bertako eragileekin prozesua batera eramateko eta bizilagunen lekukotza ezagutzeko paradarik ez zen izan, baina aurtengoa desberdina da, auzoa berroneratzeko prozesuan parte hartzen ari diren eragileen interesa eta prestutasunagatik, hala nola, Leaburu-Txaramako eta Tolosako udalena nahiz auzoko bizilagunena. Eragileek agertu duten prestutasuna funtsezko ezaugarria da, auzoaren hiri-berroneratze prozesuan etorkizunean aurrera eramango diren ekintzak egi bihurtzeko».

Auzoaren inguruan orain arte egin duten lanketatik lehentasunezko hutsune edo beharrez galdetuta, mugikortasuna jarri du lehen tokian arkitektoak; «Azken batean, bide bati lotutako eremua eta etxebizitzak dira, eta espazio hori bizilagunentzat bizigarria eta egokia izatea jarri dugu lehentasun bezala. Horri lotuta segurtasunari dagokionean, trafikoa moteltzea eta bizilagunak erdigunean jartzea ere ezinbestekoa da». Txaramak duen «zerbitzurik eza» ere aipatu du, eta auzoko eremu handi bat jabetza pribatukoa izateak duen zailtasuna ere azpimarratu du; «Paper lantegiak zati oso handia hartzen du, beraz jabetza pribatuaren menpe dago». Arazo «asko» daudela dio, baina, aldi berean, «aukera asko» ikusten dituzte.

Menayoren aburuz, funtsezkoa da, baita ere, auzotarrekin egon ostean nabaritu duten auzoarekiko identitatea eta gauzak egiteko «indarra eta nahia».

Leaburu-Txaramako alkatea itxaropentsu ari da jarraitzen sareko kideen lana, auzoarentzat onuragarria izango delakoan: «Paper lantegia itxi zenetik auzoa gainbeheran zihoan eta bultzada bat behar zuen. Diru laguntza jaso genuen eta aurrerapen handia egin dugu eta egiten ari gara, eta orain nazioarteko kideez osaturiko sare honek lanketa Txaraman egitea oso garrantzitsua da. Euren proposamenak egingarri izatea espero dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!