Lau pertsona zauritu dira Apattaerrekan izandako leherketan

Ataria 2017ko maiatzaren 18a

Apattaerreka industrialdeko Lizarra garbiketa industrialeko enpresako lehorgailu batean izan da leherketa, 12:10 inguruan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez. Ondorioz, lau pertsona zauritu dira. Horietako bi gizonezkoak dira, eta beste biak emakumezkoak. Bertaratu diren anbulantzietan artatu eta gero ospitalera eraman dituzte zaurituak.

Zauritutako langiletatik, hiru, Donostiara eraman dituzte: 47 urteko gizon bat eta 36 urteko emakume bat Donostia ospitalera, eta 41 urteko emakume bat Gipuzkoako hiriburuko Poliklinikara. Eta laugarrena, larri zaurituta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute, erredurak artatzeko sail berezian artatzeko. Azken hau, 42 urteko gizonezkoa da. Guztiek ere, erredurak dituzte gorputzean.

Oraindik, ez dakite lehorgailuaren leherketa zerk eragin duen. Bestalde, leherketaren ondorioz sutea piztu da, baina suhiltzaileek itzaltzea lortu dute.

Osalanek ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!