Lan istripua dela eta elkarretaratzea deitu dute sindikatuek

Ataria 2017ko maiatzaren 18a

ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek Lizarra garbiketa enpresan gertatutako lan istripua salatzeko elkarretaratzea deitu dute bihar, 12:00etan, Apatta Industriaguneko sarrerako errotondan.

"Lehenik eta behin, gure elkartasuna adierazi nahi diegu zauritutako langileei, haren senideei eta enpresako lankideei. Horrez gain, gure ardura eta indignazioa azaldu nahi dugu lan munduko prekarietatea eragiten ari den ondorio larri hauen aurrean", adierazi dute. Eta gaineratu, "horrelako istripuek agerian uzten dute beste behin ere enpresetan Lan Segurtasunaren inguruan behar bezain besteko neurriak hartzen ez direla, eta mozkin ekonomikoak beste edozeren gainetik jartzen direla".

"Lan istripuak geroz eta ugariagoak dira lan zentroetan, eta guztiz kezkagarria da hori", argitu dute. Hori horrela izanik, Osalan eta Lan-Ikuskaritzari gertatutakoa iker dezatela eskatu diete, eta lan egin dezatela horrelakoak aurrerantzean ekiditeko, eta baita lan munduan modu kezkagarrian zabaltzen ari den prekarietatearen ondorioen aurka ere.

Horregatik denagatik, elkarretaratzera deitu dute bihar aipatu bost sindikatuek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!