Larraulgo Herri Eskola inauguratu dute babes zabalarekin

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 19a, 11:59

Larunbatean egun osoko festa egin zuten, eta eskolako kideez gain, erakunde publikoetako ordezkaritza zabala elkartu zen ekitaldian.

Larraulgo Herri Eskola ofizialki inauguratuta geratu da. 14 urtez martxan egon ondoren, izaera ofiziala lortu izana ospatu zuten, beraz, larunbatean. Parte hartzaileen artean ondorengoen presentzia aipatu behar da:

  • Larraulgo egungo eskolan hezitzaile izandako irakasle, haurreskolako hezitzaile eta jangelako begiraleak.
  • Larraulgo eskolan ibilitako ikasle ohiak eta familia ohiak, egungo familia, irakasle eta ikasleekin batera.
  • 1960ko hamarkadara arte eskola zaharrean ikasle izan zirenak.
  • Hezkuntza Saila, Larraulgo Udala, Baikara, EHIGE eta Eskola Txikien Koordinakundeko ordezkariak.

Ekimen sinbolikoa

Larraulgo Herri Eskolaren aurreko zelaian sendabelarren gurpila landatu zuten, ekimen sinboliko moduan. Hilabete bakoitzeko sendabelar bat, horrela, urtaroak eta zikloa osatuz. Urtaro bakoitzean, eskolaren oinarri den eragile bat izan zen protagonista: udazkenean familiak, neguan erakundeak, udaberrian ikasleak eta udan irakasleak.

  • 'Udazkena, ekimena': Larraulgo eskola zerbitzua 2008an martxan jarri zuen gurasoetako batek, Eider Arozenak, udazkeneko sendabelarra landatu zuen. Txillarra (urrikoa), Erromeroa (azarokoa) eta Ilena edo kalendula (abendukoa). Ixiar Eizagirrek hartu zuen hitza, 2008an eskola martxan jarri zenean ikasle zaharrena zenaren gurasoak. "Bi pintzelada nabarmendu nahi ditut, bata argia eta bestea iluna" azaldu zuen Eizagirrek. Argia, "zer indar sortu zen garai hartan eta taldean elkarrekin lan eginda eta bakoitzak berea emanda noraino iristeko gai garen". Pintzelada ilunarekin gogoratu du, berriz, 2008an eskola martxan jarri zenean 8 urtera arte soilik zegoela bermatuta eskola: "Dekretuak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen genituen, baina Delegaritzatik jasotzen genuen erantzuna zen ezetz. Beste herriek gure ikasle kopuru berberekin eskola zuten, baina Larrauli ezetz esaten zitzaion". Horrek gurasoak oso egoera zailean jartzen zituela azaldu zuen, eta bakoitzak erabakia hartu behar izan zuela herriko eskolan jarraitu edo ez. "Libre aukeratzea nahi duenak, nahi du besteak ere libre aukeratu ahal izatea, nahiz eta bakoitzaren erabakia desberdina izan". Mezu positibo honekin bukatu zuen Eizagirrek: "niretzat irakaspena izan da erabaki horren arabera herrikideekin harremanak ez baldintzatzea. Eta pozik handiena ematen didana da erabaki ezberdina hartu zuten familietako umeak eta gazteak elkarrekin ikustea".
  • 'Negua, enpatia': Larraulgo alkatea den Maite Aranak landatu zituen neguko sendabelarrak: Malba (urtarrilekoa), Garraixka edo melisa (otsailekoa) eta Pixa-belarra (martxokoa). Hezkuntzako Gipuzkoako Lurralde Ordezkaria den Amaia Urzelaik hartu zuen hitza ondoren. Urzelaik nabarmendu zuen Larraulgo ikas komunitateak "lanaren ekinez aurrera egin duela, poliki baina aurrera. Herri honek zuen ametsa hau zen, noizbait lortuko zena. Larraulen eskola izaera aldarrikatzeko bilera eskatu zenutenean hemen egin genuen bilera eta harrotasunez baina harrokeriarik gabe esan zenuten eskola izaera behar zela, Larraulgo herriak merezi zuelako. Eta hemen dugu, Larraulgo eskolako atea zabalik".
  • 'Udaberria, bizipoza': Eneko Esnal ikasle ohiak landatu zituen udaberriko sendabelarrak: Mendabeltza (apirilekoa), Izpiliku fina edo lavanda (maiatzekoa) eta Mendaroa edo oreganoa (ekainekoa). Izan Mora ikasle ohiak hitzartze hau egin zuen: "Kotxeak asko gustatzen zaizkit eta eskolan kotxeak egiteko aukera izan dut. Talde txikietan matematikak ikusi egin ditut, manipulatuz, batzuen eta besteen hitzak entzunez, engantxatu egin naiz. Basora astero joatea ezin hobea izan da, bertan edozein lan gustorago egin izan dut. Lagunak egin ditut eta gure gauzak konpondu behar izan ditugunean hitz egiteko denbora eta aukera izan dugu. Babestua sentitu naiz. Earra izan da!".
  • 'Uda, oparotasuna': Larraulgo eskolan irakasle izan ziren Josune Eizmendi eta Maikar Iurramendik udako sendabelarrak landatu zituzten: Mihilua edo hinojo (uztailekoa), Ezkaia edo tomillo (abuztukoa) eta Salbia (irailekoa). Koldo Rabadan Larraulgo Herri Eskolako irakasle eta lehen zuzendariak mezu hau nabarmendu zuen: "Atzo klaustroan gure ametsetako eskolaz ari ginen. Eta ia-ia, baina oraindik ez dugu lortu. Ia-ia ukitu dugu amestutako eskola, baina zenbat eta gehiago hurbildu ametsa hurrundu egiten da, bidea egiten jarraitu dezagun. Hori da Bidean proiektua". Izan ere, Larraulgo Herri Eskolan azken urteetan landu duen proiektu pedagogikoa da eskolaren bereizgarrietako bat, eta Bidean du izena. Azken hitzak ikasleei zuzendu zizkien Rabadanek: "Eskola bat ikasleek egiten dute. Norbait zoriondu behar bada, zuek zarete, ikasleak, zoriondu beharrekoak. Ederki aritzen zaretelako proiektuak egiten eta urteotan guztiotan guretzat irakasle oso onak izan zaretelako".

Ekitaldiaren amaieran, herritarrek aukera izan zuten sendabelar gurpilari ura botatzeko.

Erlazionatuak

Eskola izaera berreskuratuko du

Jon Miranda Labaien 2021 abe 15 Larraul

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!