Eskola izaera berreskuratuko du

Jon Miranda Labaien 2021ko abe. 15a, 07:59

Larraulgo eskolak Asteasuko Pello Errota eskolaren gela desplazatu izateari utziko dio 2022-2023 ikasturtean; urteetako eskakizunen ostean, berezko izaera duen eskola izango du Larraulgo herriak

Eskola zerbitzua dute Larraulen 2008tik. Haur Hezkuntza eskaintzen hasi ziren aurrena, eta gerora lortu zuten bertako umeek 12 urtera arteko ikasketak herrian bertan egitea, udalak eta gurasoek egindako eskaera betez. Administratiboki, ordea, urte guztiotan, Asteasuko Pello Errota eskolaren ikasgela desplazatua izan da Larraulgoa. Egoera hori amaitu egingo da datorren ikasturtean, eta 2022ko irailetik aurrera, Larraulgoak eskola izaera berreskuratuko du.

Maite Arana alkateak nabarmendu du guraso eta herritarren ahaleginari esker lortu dutela aitortza: «Ilusio eta gogo handia jarri dute eta bultzada handia eman diote proiektuari. Guraso eta herritarrak udalarekin lankidetzan aritu dira eta elkarrekin lan egiten denean gauzak aurrera ateratzen dira». Estitxu Eizagirre Murgil guraso elkarteko kidearen ustez gurasoek hasieratik erakutsi duten inplikazioari esker mantendu da eskola bizirik urte guzti hauetan. «Bidean asko ikasi dugu eta erabatekoa izan da gurasoon konpromisoa. Hasiera hartan, adibidez, eskola auzolanean garbitzen genuen. Gure asmoa, kosta ahala kosta, herrian eskola zerbitzuari eustea zen», aipatu du Eizagirrek.

Larraulgo umeek bizitza herrian bertan egitea egon zen eskola proiektuaren oinarrian, hasiera-hasieratik. «Aldameneko herrietara mugitu gabe, gure umeak bertan egotea nahi genuen. Sinesten genuen bizi kalitatean irabazi egingo genuela, kotxeetan edo autobusetan gora eta behera ibili gabe», dio Eizagirrek. Eta horri gehitu dio herrian eskola bat izateak dakarrena, nortasun aldetik: «Umeek ezagutzen dute euren herria, harro daude Larraulgoak izateaz eta herriko harremanak dira haientzako erdigunea».

Aranak ere berdina pentsatzen du eta eskola izaera eskuratzeak, herriaren etorkizunean «konfiantza» izatea dakarrela uste du. «Eskola herrian oso sustraituta dago, komunitatearekin bat eginda eta berezko nortasuna ematen dio herriari. Uste dut Hezkuntza sailetik ulertu dutela hori. Zenbakiari baino gehiago begiratu diote filosofiari. Horrelako herri txiki baten nortasuna mantentzeak denen ahalegina eskatzen du, erakunde guztiena».

IKASLEA ERDIGUNEAN

Onintza Elduaien Asteasuko Pello Errota eskolako zuzendaria da, eta orain arte, Larraulgo eskolako zuzendari lanak ere bete ditu. Aurreko ikasturte amaieran Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak hartutako erabakiaren ondoren, bi eskolek bananduta jarraituko dute beren ibilbidea datorren urtetik aurrera. «Hasiera batean ekintza batzuk elkarrekin egiten genituen, baina pixkana gure bideak banatzen hasi ziren, modu naturalean. Eskola bakoitza joan da bere izaera osatzen eta orain bi eskolak independenteak izango gara. Asteasutik albistea gustura hartu dugu», esan du Elduaienek.

Gurasoak ere gustura daude Larraulgo eskolak izan duen garapenarekin. «Oso harro eta pozik gaude pedagogikoki egin den bidearekin. Momentu honetan gure umeek jasotzen duten eskola kalitatea, jaso dezaketen onena da», esan du Eizagirrek. Lauzpabost urte dira Larraulgo eskolan Bidean izeneko proiektu pedagogikoa martxan dutela. Tailerretan banatzen dituzte espazioak eta umea bera jartzen dute ikasketa prozesuaren erdigunean.

19 ikasle dabiltza gaur egun eskolan eta beste bi ume hasi dira haurtzaindegian. Antton Amonarriz kultur gunean ematen dituzte eskolak. Azaroko osoko bilkuran erabaki zuen udalak eraikinaren izendapena aldatzea, eskolak ofizialki egoitza bertan izan dezan. «Aurrerantzean, Hezkuntza sailarekin batera kudeatu beharko dugu azpiegitura. Erronka berriari helduko diogu, beti bezala, gurasoekin lankidetzan», aipatu du Aranak.

Larraulgo umeen beharrak iparrorratz izaten jarraituko duela azpimarratu du Eizagirrek. «Haur gutxi egoteak dakar haur horietako bakoitzaren beharrak guztion behar bihurtzea. Ezin diogu kopuruari erreparatu. Guk gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu, ume bakoitzaren beharrak asetzeko».

Eskola txikiak bizirik, herri txikiak bizirik leloari kasu egin, eta erronka berriak jomugan, 2022-2023 ikasturtean ibilbide berri bati ekingo diote Larraulen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!