ELKARRIZKETA

«Bere kolorea daukan altxor baten gisan ikusten dut ikasle bakoitza»

Jon Miranda Labaien 2021ko abe. 15a, 07:58

Koldo Rabadanek 'Bidean' liburua argitaratu du eta dekalogo forma eman die bere bizipenei, besteak beste, Larraulgo eskolan bizi izandakoei; hezkuntza sistemari kritika eta irakasleen hainbat usteei autokritika egiten die liburuan

Irakasle eta psikopedagogoa da Koldo Rabadan Izagirre (Andoain, 1979). Ibarran bizi eta Larraulen egiten du lan. Errezeta magikorik gabe, egunero berritzen aritzea proposatu du Argia astekariarekin argitaratu duen liburuan. Larraulgo eskola ez dago bere ametsetako eskolatik hain urrun.

Nola sortu zaizu liburu hau idazteko aukera?

Idaztea beti izan dut gogoko, baina niretzako idatzi izan dut gehienbat. Hemen, gurasoekin egiten dugun eskolan mintegi bat amaitu ostean, guraso horietako batek proposatu zidan mintegian aipatutako guzti horretatik abiatuta zerbait idazteko. Hasieran ezezkoa esan nion baino gero harra piztu zitzaidan barruan. Handik gutxira pandemia etorri zen, etxeratu gintuzten eta tarte hori baliatu nuen liburua idazteko. Liburuan aldarrikatzen dut bidea lehen pausoarekin hasten dela, eta modu batera, liburuan aldarrikatzen dudan hori egin dut. Idazten hasi eta honaino iritsi naiz.

Zuk irakasle bezala izan dituzun bizipenak jaso nahi izan dituzu liburuan.

Bai, azken batean liburu pertsonala da, esperientzia pertsonaletik idatzitakoa. Irakaskuntzan 22 urte daramatzat eta 22 urteetan pertsona bezala bakarrik ez, irakasle bezala ere aldatu naiz. Liburuan bide hori kontatzen dut eta azaltzen saiatu naiz zerk ekarri nauen hona, lan egiteko modu honetara. Eta, batez ere, zein arrazoi joan zaizkidan pilatzen, haurra begiratzeko modua alda dezadan.

Eskola txiki batean aritzeak zenbatean aldatu du haurrekiko zure begirada?

Lehenagotik ere hasia zitzaidan begirada aldatzen, irakasle askorekin lan egiteko aukera izan dudalako eta irakasle horietako asko mugarri izan direlako niretzat. Baina bai, eskola txikietan lanean hasi nintzen garaian, mundu bat zabaldu zitzaidan. Besteak beste, adin desberdinetako ikasleak elkarrekin aritzea altxorra dela pentsatzen dut.

Liburuan aipatzen duzu ondo dagoela teoria formazioa jasotzea, baina horrekin batera praktika inportantea dela.

Nik liburuan, bigarren atalean diot formazioa behar-beharrezkoa dela, urteak daramatzagula formazioa jasotzen eta ez dagoela behin ere soberan. Baina iruditzen zait praktikatik etorri behar duela teoriak. Eskolan egunero-egunero egiten ditugun aldaketa horietatik abiatuta teorizatu behar dugula eta hortik diseinatu behar ditugula eredu pedagogikoak. Hori da hemen Larraulen egin duguna.

Noiztik daukazue finkatuta Larraulgo eskolan egungo eredu pedagogikoa?

Gure aurretik aitzindari izan dira Zizurkilgo San Millan eskola eta Abaltzisketako Txalburu. Francesco Tonucci Italiako psikopedagogoarekin hitzaldi bat izan genuen bere garaian eskola txikietako irakasleok eta hitzaldi hura mugarri bat izan zen. Gu hemen Larraulen pauso txikiak ematen hasi ginen, lehen esandakoaren haritik, bidea lehen pausoarekin hasten den kontu horrekin. Ikusi genuen onuragarria zela, ikasleek oso gustura hartzen zutela, ereduak funtzionatzen zuela eta zoriontasunak bazuela lekua gure eskolan. Orduan hasi ginen pauso gehiago ematen, bata bestearen atzetik. Duela lauzpabost urte eman genuen jauzi kualitatiboa.

Salto egitea erabaki zenuten baina bazenuten babes sarea.

Bai. Lanean genbiltzan irakasleak oso konbentzituta geunden eta gurasoen aldetik babesa bageneukan. Liburuan ere kontatzen dut zenbat beldur genuen salto egiteko eta gero gurasoek zeinen erraz hobetsi zuten gure proiektua. Ia ez zuten ezer ezbaian jarri eta hasiera batean irakasleok gaizki hartu genuen hori, konturatu ginen arte proiektua gauzatzen hasi baino dezente lehenagotik zegoela irekita eskolaren eta gurasoen arteko konfiantza esparru hori.

Dekalogoa da jaso duzuna.

Bai, ikaslea ikusteko modua finkatu dezaketen puntu batzuk dira liburuan bildu ditudanak. Nik 10 jarri ditut baino hamarnaka izan daitezke. Nirea ez da instrukzio liburu bat, gehiago da gonbidapena egiteko modu bat. «Bazatoz? Goazen bide hau elkarrekin egitera».

«Bilatu zoriontasuna, bidea egiteko jarrera egokiena da», diozu liburuaren azken atalean. Nola lortzen da hori?

Nik aldarrikatzen dudana da eskolak guztiontzako eskola izan behar duela. Gaur egun ikasle guztiek topatzen dute beraien lekua eskolan? Nik bere kolorea daukan altxor baten gisan ikusten dut ikasle bakoitza eta hain zuzen defendatzen dut eskolak umeari eskaini behar diola kolore hori agerian jartzeko aukera.

Eta zuen lana, irakasleona, zein da?

Bide laguntzarena. Alboan egotea bai, baina alboan egoteak ez du esan nahi irakasleak geldi egon behar duenik edo etengabeko behaketa batean erori behar duenik. Babesa eskaini behar diegu ikasleei eta beraiekin batera egin behar dugu lan, lankidetzan. Ez naiz ni irakatsiko diona, biok elkarrekin ikasiko dugu. Eta hori horrela izanik, kontziente gara ikasle guztiek behar dituztela indartze neurriak. Hala ere nik zailtasun hitza ezabatu egingo nuke eta aukera hitzagatik aldatu. Zein aukera dugu eskolako haur bakoitzak garapen egokia izan dezan? Guk Larraulgo eskolan asko hitz egiten dugu irakasleon artean, eta egunero saiatzen gara haurretako bakoitza indartzen. Esku-hartze asko egiten ditugu. Gertatzen dena da esku-hartze horietako bakoitza, liburuan aipatzen dudan bezala, errespetuan oinarritzen dugula.

Besteak beste, haur bakoitzaren denborak errespetatuz eta bidean egindako akatsak aitortuz.

Nik defendatzen dut akatsa dela ikasteko oinarria eta neurri batean liburuan akatsaren apologia egiten dut. Baina zenbateraino onartzen da gaur egun akatsa ikasteko baliabide gisa? Nik uste dut ikasleei hanka sartzen utzi behar zaiela eta ondoren gure interbentzioaren bidez akats horretatik ikaskuntza bat ateratzen erakutsi behar diegula, ikas dezaten. Helmugara iristeko bide asko dago eta ikaslearen bideak ez du zertan irakaslearenarekin bat egin behar.

Asmoa duzu liburuan bildutako hausnarketak herriz herri partekatzeko?

Aukera batzuk sortu zaizkit eta horrek bertigo pixka bat ematen dit. Azken batean, ohituta ez nagoen beste testuinguru batean aritu beharko dut horrelako aurkezpenetan. Enpatia ariketa bat egiteko balioko dit. Izan ere, ikasleak askotan jartzen ditugu ohituta ez dauden egoeretan. Ahozkotasuna lantzeko aitzakian, edozein garaitan jartzen ditugu mikrofono baten aurrean. Bada orain, ni jarriko naiz ikasleen lekuan. Balioko dit ikaslea oraindik ere hobeto ulertzeko.

Erlazionatuak

Eskola izaera berreskuratuko du

Jon Miranda Labaien 2021 abe 15 Larraul

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!