Egun osoko ospakizun berezia antolatu dute, larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 13a, 07:58

11:00etan sormena landuko dute, eskulanetan. Ekitaldia eguerdian izango da, 12:30ean, eskola bixitarekin batera. Herri bazkariaren ostean, bertsoak, txolinpiadak, barrikotea eta musika egongo dira.

2008ko irailan zabaldu zituen ateak Larraulgo eskola zerbitzuak. Orain artean Asteasuko Pello Errota ikastetxeko "ikasgela desplazatua" izan da. Eta orain, eskola izaera ofiziala eman dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak. Hau da eskola izaerarekin egingo duen lehen ikasturtea eta izen hau eman dio ikastetxeari ikas komunitateak: Larraulgo Herri Eskola. Beraz, aurrerantzean Euskal Herriak ikastetxe publiko bat gehiago izango du, eta baita Eskola Txiki bat gehiago ere. Eskola izaera ospatzeko, ekitaldi berezia antolatu dute Larraulgo Herri Eskolak eta Larraulgo Udalak, irailaren 17an.

 

14 urte hauetan 35 familia eta 51 ikasle aritu dira Larraulgo eskolan

2008ko irailan 2 eta 4 urte bitarteko bederatzi haurrek abiatu zuten Larraulgo eskola. Geroztik, 14 urte hauetan, 35 familiak eta 51 ikaslek hartu dute parte Larraulgo eskolan. Kopuru esanguratsua, Larraulek 250 biztanle inguru dituela kontuan hartuta. Hasieratik Eskola Txikia izan da Larraulgoa, eta adin aniztasunean ikasten dute bertan. Azken urteetan Bidean proiektua landu dute, eta bertako irakaslea den Koldo Rabadan Izagirrek Bidean liburua argitaratu berri du Argiarekin: bertan irakur daiteke eskolan irakasterakoan erabiltzen dituzten oinarriak.

Eskolaren ibilbidea gogora ekarriko duen ekitaldi sinboliko berezia

Larraulgo Herri Eskolak eta Larraulgo Udalak egun osoko festa antolatu dute. Horren barnean, 12:30etan egingo den ekitaldi sinbolikoak Larraulgo Herri Eskolaren ibilbidea errepasatuko du eta parte-hartze aktiboa izango dute eskolaren zutabe diren lau eragileek: familia/familia-ohiak; ikasle/ikasle-ohiak; erakundeak; eta hezitzaile/hezitzaile-ohiak.

Larraulgo eskola zerbitzua 2008an zabaldu zen, eta berarekin batera Haurreskola ere bai. Hasieran eskola zerbitzua 8 urtera arte soilik zegoen bermatuta, eta "aula desplazada" izaerak zail egiten zuen proiektuari egonkortasuna eta zegozkion baliabideak eskuratzea. Larraulgo eskola abiatu zuten 17 familiek (9 ikasleez gain, 0-2 urte bitarteko haurren gurasoek ere parte hartu zuten eskola martxan jartzeko) lan handia egin zuten urtez urte hezkuntza sailarekin ikasturte bat gehiago luzatu eta horrela pixkanaka 12 urtera arteko zerbitzua eskuratzeko. Eta ikas-proiektuari egonkortasuna emateko, oso garrantzitsua izan zen Maikar Iurramendi, Josune Eizmendi eta Koldo Rabadan irakasleek bertan lekutzeko egin zuten apustua.

"Aula desplazada" izanik ere, denborarekin Larraulgo Batzordea jarri zen martxan, erabakiak autonomiaz hartzeko eta batzorde horrek Larraulgo eskolaren "Organo Gorena" funtzioa betetzen zuen, bertan elkartzen zirelarik Larraulgo eskolako irakasleak, gurasoak, Larraulgo Udala eta Asteasuko Pello Errota ikastetxeko zuzendaria. 14 urteotako ibilbidearen ostean, gaur egun, Larraulen Haurreskola dago, baita 2-12 urtera arteko eskola zerbitzua ere, eta eskola izaera ofiziala lortu du: honek erabakiak hartzeko ahalmen osoa emango dio eta eskola bati dagozkion baliabideak ere bai. Eta ikas proiektu berezia eta propioa dauka.

Irailak 17, egitaraua

  • 11:00etan, tailerrak, sormena eta eskulanak.
  • 12:30ean, ekitaldia.
  • 14:00etan, herri bazkaria. Txartelak irailaren 15a bitarte egongo dira salgai Herri Ostatuan.
  • Bazkalostean, bertso jarriak.
  • 17:00etan, txolinpiadak.
  • 19:30ean, barrikotea.
  • 20:ooetan, musika.
Erlazionatuak

Eskola izaera berreskuratuko du

Jon Miranda Labaien 2021 abe 15 Larraul

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!