«Ahalik eta modu seguruenean, baina kulturak aurrera egin behar du»

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 4a, 11:58

Larraulen bizi eta lan egiten du Arrate Iturbek (Tolosa, 1983). Liburuzain eta kultur teknikari bezala dihardu eta iazko urte amaieran hasi zuen lana.

Noiztik zabiltza liburuzain gisa Larraulen?

Eguberrien aurretik hasi nintzen liburutegian lanean. Nora Urbizu aurreko liburuzaina ordezkatu nuen eta haren eskutik jaso nuen lanerako testigua.

Zer moduzko esperientzia izan da orain artekoa?

Ikasten ari naiz. Ardura eta eginkizun berriak dira niretzat. Oraingoz, behintzat, oso-oso gustura sentitzen naiz zeregin honetan.

Udaletxeko hirugarren solairuan, hirugarren pisuan dago kokatuta herriko liburutegia.

Bai. Egia esan liburutegi ederra da. Hiru txoko ezberdinetan banatuta dago, txikien txokoa alde batetik, gazteei bideratutakoa bestetik, eta azkenik helduei zuzendutakoa. Apalak mota ezberdinetako liburuz beteta daude.

Larraulgo liburutegiko erabiltzaileek zein profil dute?

Batez ere, haurrak gerturatzen dira, eskolakoak. 12 urte bitartekoak etortzen zaizkit gehienbat; orain goiz iluntzen duenez babestoki bat ere bada haientzat liburutegia. Ez da bakarrik irakurtzeko espazioa, marraztu edo sortzeko beste prozesu batzuk lantzeko aukera ere badago bertan. Jolasak ere badituzte nahi izanez gero, eta elkarrekin egoteko toki goxo bat da.

Ume asko al dago Larraulen?

Eskolan, oker ez banago, 18 ume dabiltza gaur egun. Badatoz txikiagoak ere, martxa polita dago herrian.

Helduei begiratuz gero, nor gerturatzen da gehien liburutegira?

Emakumeak, dudarik gabe. 40 eta 55 urte artekoak dezente etortzen zaizkit eta gehienetan eskaera konkretuarekin datozkit. Liburu jakin bat nahi badute, eskaera hori bideratzen dugu; Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean dago Larraulgo liburutegia, beraz, beste herrietatik mailegu eskaerak egin daitezke. Asko eskertzen du jendeak zerbitzu hori.

Zein liburu mota mailegatzen dira gehien?

Txikientzat liburu asko mailegatzen dira, gauetan umeei irakurtzeko ipuinak hartzen dituzte gurasoek. Gero, eleberriak edo gai zehatzen inguruko liburuak izaten dira gehien eskatzen direnak. Norberaren ofizio edo zaletasunei lotutakoak izaten dira, teknikoagoak. Adibidez, neurozientzia eta haurren heziketarekin zerikusia duten liburuak eskatu izan dizkit irakasle dabilen herritar batek. Beste batek, berriz, medikuntzarekin zerikusia dutenak ditu gustuko.

Aholkulari lana egitea ere badagokizu?

Saiatzen naiz eguneratuta egoten. Asko irakurri izan dut gaztetatik eta ez zait bereziki zaila egiten. Dena den, txoko bat daukagu hemen prestatuta non eskuratu ditugun azkeneko liburuak eta irakurtzeko modukoak iruditzen zaizkigunak jartzen ditugun. Liburu gomendioa egiteko balio du gune horrek.

Zein ordutegi izaten duzue?

Egunero, 17:00etatik 20:00etara egoten da zabalik eta ni astearte goizetan etortzen naiz bestelako lan batzuk aurreratzeko.

Liburuzain bazara, baina udaleko kultur dinamizatzaile zeregina ere baduzu.

Bai. Egia da bizi dugun garaiotan ez dela erraza gauzak antolatzea. Aurrera begira, ordea, bada asmoa kultur ekitaldiak antolatzeko eta nik hartuko dut horiek koordinatzeko ardura.

Herrian badaude eragile aktiboak gauzak antolatzeko?

Bai. Esate baterako, martxoaren 8aren inguruko ekitaldiak antolatzeko taldetxo bat biltzen hasi da dagoeneko. Data horretaz harago harremanak lantzeko espazioa sortu nahi dugu. Larraulgo emakumeen talde hori indartzea da asmoa.

Asmo horretan sakontzeko baduzue liburutegian txoko morea deitzen diozuena.

Bai. Aurreko liburuzainak jarri zuen martxan. Txoko berezia da, bertan ikuspegi feministatik idatzitako liburuak jartzen ditugu eta ikuspegi hori herri osora zabaltzea da ideia. Norabide horretan irakurle talde bat sortzeko gogoa ere badago gure artean eta aliatuak ere badauzkat herrian hori martxan jartzeko. Zerbait egingo dugu.

Banatu berri dituzue II. Mikro-ipuin lehiaketako sariak. Arrakastatsua izan da?

Bai. Gaztetxoei bideratutako lehiaketa bat izan da eta 19 lan aurkeztu dira guztira. Oso mikro-ipuin politak jaso ditugu eta pozik gaude. Sari banaketa ekitaldia herriko Zimiterioan egin behar izan genuen osasun egoeragatik eta Winston Copeland magoa eta bere laguntzailea izan ziren gure artean. Era xumean, baina magia ikuskizun batekin osatu nahi genuen sari banaketa ekitaldia. Haiekin oso eskertuta gaude.

Gauza berriak egiteko apustuari eutsiko diozue Larraulen?

Bai, egia da 2020an ez zirela gauza asko egin pandemia egoeragatik. Antolatzaile ikuspegitik ere beldurra izan dugu gauzak antolatzerako orduan, baina bizitza aurrera doa eta testuingurua den bezalakoa izanik ere, ahalik eta modu seguruenean, kulturak aurrera egin behar duela uste dugu. Kultura segurua denaren aldarria gure egiten dugu eta bide horretan hasi behar dugu harremanak berreskuratzen. Kulturak bizipoza ematen du eta horri eutsi behar diogu.

Bitartean, zu liburutegian izango zara herritarren zerbitzura.

Bai, noski. Gerturatu nahi duenak liburutegiko ateak zabalik topatuko ditu. Liburuak mailegatu edo edozein ideia duela gurekin konpartitu dezake.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!