Larraulgo hitzaldi zikloa, «arrakastatsua»

Ataria 2018ko azaroaren 30a

Aritz Saidi, atzo, Siriaren inguruko hitzaldian

Amaitu da Larraulgo Kultur Asteko hitzaldi zikloa, eta lau hitzaldiek izandako «arrakasta handia» nabarmendu dute antolatzaileek.

Zer litzateke Euskal Herria trikitixa gabe? hitzaldiarekin eman zioten hasiera zikloari Haritz Garmendiak eta Josu Arrizabalagak, astelehenean. Asteartean, Sanferminak 78: Hilketa baten testuingurua hitzaldia eman zuen Nerea Perez Ibarrola NUPeko irakasleak.

Euskal kantagintza berriaren historia laburraz emanaldia eskaini zuen, asteazkenean, Antoni Tolosa Morauk. Atzo, berriz, Sirian gertatzen ari denaren inguruko azalpenak eman zituen Aritz Saidik, eta ondoren, Larraulgo Ostatuak bakailaoren inguruan eskainitako pintxo pote kulturala egin zuten.

Gustura geratu dira antolatzaileak, batik bat entzundakoarekin: «kalitate izugarriko hitzaldiak izan dira, zein baino zein interesgarriagoak. 15 laguneko media izan dugu hitzaldietan, eta hizlariak oso esker oneko agertu dira, gustura entzundakoarekin», azaldu dute.

Ekitaldiek ez dute etenik izango, igandean emango baitiote amaiera kultur asteari. Hauxe da ordura arte prestatu duten egitaraua:

AZAROAK 30, ostirala

16:30. Haur merienda Katillutxulo elkartean.
17:30. Abezedario titirijario liburu aurkezpena eta ipuin kontaketa Juan Kruz Igerabiderekin.
21:00. Afaria Katillutxulo elkartean Joxe Ramon eta Urki Galarragatarrak txiste kontalariekin.

ABENDUAK 1, larunbata

16:15. Mus txapelketa Katillutxulo elkartean.
18:00. Patata tortilla lehiaketa.
18:00-20:00. Egutegirako argazki aukeraketa.
20:00. Niko Etxart eta Robert Larrandabururen kontzertua San Esteban elizan.

ABENDUAK 2, igandea

18:00-20:00. Egutegirako argazki aukeraketa.
18:00. Talo eta gaztaina jatea Katillutxulo elkartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!