«Sirian, gerragatik, populazioaren erdiak mugitu behar izan du»

Jon Miranda Labaien 2018ko eka. 13a, 07:59

Bihar, osteguna, Plazida Otaño liburutegiko gela balioanitzean 'Zer ari da gertatzen Sirian?' hitzaldia eskainiko du Aritz Saidi Olaortua nazioarteko analistak, 19:30etik aurrera, hango gatazkaren klabeak emateko.

Industria energetikoaren inguruko kooperatiba bateko bazkide izanagatik, Aritz Saidi Olaortuak (Antzuola, 1984) beti agertu du interesa nazioarteko harremanekiko. 2015ean Ekialde Hurbilera egindako bidaiaren ondotik, han ikusitako errealitatea kontatzeko ahaleginean dihardu. Bihar Zizurkilen izango da.

Sirian gertatzen ari dena, gerra zibilaz harago, 'gatazka globala' dela esaten dute. Ados zaude?

Oso gerra konplexua da. Intentsitate baxuko mundu gerra bat. Zientzia politikoetan esan ohi da, gatazka batean kanpoko bost agentek baino gehiagok parte hartzen badute, mundu gerra kontsideratu daitekeela. Sirian, gaur egun, hamabi bat ari dira. Bihar Zizurkilen saiatuko naiz hori azaltzen: gerra aurreko testuingurua esplikatu eta gatazka nola hasi zen ulertarazten saiatuko naiz. Siria zer den, eta batez ere, kanpoko agente horientzako interesekoa zer duen azalduko dut. Eta gero, gerrako atal fuertea aipatu nahi nuke: zein bando dauden, horietako bakoitzak zein laguntza duen, zein aktorek hartzen duten parte... Kontestu mediatikoak ere badu zeresana, gerrari buruz kontatzen denak, sarritan, interes geopolitiko jakin bati erantzuten diolako eta intoxikazioa existitu existitzen delako.

Zuk zein iturri erabiltzen dituzu han gertatzen ari denaz informatzeko?

Bertako jendea ezagutzen dut eta hangoez fidatzen naiz gehien. Badaude komunikabideak bando jakin baten oso aldekoak direnak. Adibidez, Saudi Arabiak zer esaten duen jakitea interesgarria da, edo New York Times-en publikatzen dena, baina baita Hezbollah beso mediatikoa den Al Manarrek dioena ezagutzea. Profesionalak badaude hedabide handiekin lerratuta ez daudenak, Tom Duggan eta Eva Bartlett, kasu.

Zein interes ditu nazioarteko komunitateak Sirian?

Paso energetikoak dauzka Siriak. Ez da munduko erreserba handiena, ez petrolioan, ez gas naturalean. Baina kokapen geoestratikoari begiratuta klabea da. Asiatik datorren ibilbide energetiko inportanteenak bertatik pasatzen dira.

Non du sorburua gatazka honek?

Hain justu, Iranen inguruan dagoen munduko poltsa gasistiko inportanteena ustiatzerako garaian, Siria Iran eta Irakekin batera lerratu zen. Nikosiako irlatik barrena, Europako gas hodi garrantzitsuenekin konektatuko litzatekeen proiektua lehenetsi zuen, Qatarrek egin zion proposamenaren kaltetan. Hori ez zioten Damaskori barkatu. Wikileakseko paperetan Bashar al-Assad Siriako presidentea paretik kendu behar zela aipatu zen, Qatarren proiektua atzeraezina zelako. Testuinguru horretan ulertu behar da Udaberri Arabiarra deitutakoa. Kasualitatez errepublika aurrerakoienetako gobernuak izan ziren erorarazi zituztenak.

Eta Turkia?

Turkiak betidanik eduki du ezinikusia Siriako errepublikarekin. Gerra honen erreztailea izan da. Milaka borrokalari Turkiako mugatik sartu dira Siriara borroka egitera, ehunka milaka soldadu salafista. Baina gero errefuxiatuek, gerratik ihes egiten saiatu direnean, Siriatik atera eta Turkiara ezin pasa geratu dira. Erdoganek ez du hori egiten NATOren oniritziarekin ez bada.

Momentu honetan zein da egoera Sirian?

Badaude bastioi oso indartsuak. Tranpa handi bat egin dute bandoak sailkatzerakoan: matxinoak eta Estatu Islamikoa bereizi egiten dituzte baina errebelde moderatu horien barruan Al-Qaeda bezalako aspaldiko ezagunak daude. Hamaika talde txiki dira eta izenak aldatzen joan dira, matxino horiek benetan salafistak direla ezkutatzeko. Hemengo medioetan gutxitan egiten dira horrelako loturak, baina horiek berak dira, aurreko abuztuan Bartzelonan atentatua burutu zutenak. 

Nola aurreikusten duzu etorriko dela konponbidea?

Azkenengo AEBren eta Turkiaren traizioaren ondoren, hainbat borrokalari kurduk Damaskorekin hitz egiteko prest agertu dira. SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak alde horretara joko duela espero dut. Baina kurduekin batera, koalizio horren barruan NATO dago; Belgika, Erresuma Batua, AEB, Frantzia eta baita Saudi Arabia ere. Ez dut uste azken hauek konfederalismo demokratikoa edo ekofeminismoa defendatzen dutenik, kurduek bezala. Bertan parte hartzen badute euren interesak defendatzeko da.

Garaipen militarra posible izango dela ikusten duzu?

Militarki ezinezkoa da. Siriak ez du potentzialik Turkiaren kontra egiteko, fronte zabal bat irekitzeko. Turkia NATOko bigarren armada indartsuena da, eta munduko lehenengo hamarretan dago. Eta berdina pasatzen da zonalde kurduan dauden indarrekin. Militarki oso zaila da horri aurre egitea. Konponbideak izatekotan politikoa beharko du.

Luzaz iraun duen gatazka bat izan da, hala ere.

Inork ez zuen espero Siriak hain denbora luzean eutsiko zionik. Baliabide guztiekin sartu ziren eta 2014an gobernua jausteko zorian egon zen. Libian gertatu denaren antzeko zerbait gerta zitekeen Sirian ere. Afrikan etorkizun oparoena zuen herrialdea izatetik, orain begira nola bukatu duen Libiak. Mendebaldeko liderrek eskuak burura eramaten dituzte hangoa ikusita baina eurek sortu dute egoera hori.

Bien bitartean, giza hondamendia ematen ari da Sirian.

Bigarren Mundu Gerran baino handiagoa da Sirian gertatu dena. 21 milioi biztanleko herrialde baten 520.000 hildako egon dira eta hori ikaragarria da. Ia inoiz ematen ez den datu bat dago: hildako horien artean 150.000 inguru Siriar armadako gizon eta emakumeak direla. Inoiz ez da horrelako baja kopururik izan gobernu baten aldeko indarren artean.

Horri gehitu behar zaio, lau milioik egin dutela gerratik ihes atzerrira eta herrialde barruan lekualdatuak zortzi milioi inguru izan direla. Gerragatik, populazioaren erdiak mugitu behar izan du. Baina badago beste datu bat maiz ezkutatzen dena: matxinoen eskutan egon diren errefuxiatu horietatik 700.000 eta 1.000.000 artean, berriz itzuli dira Siriara, Armadak gunean liberatu ondoren. Hori ez da hedabideetan esaten eta erabat argigarria da, Siriako herritarren gehiengoa zein aktorekin lerratzen den erakusten duelako. 

Euskal Herrian ba al da talderik Siriarekiko elkartasun sarea ehuntzen ari denik?

Bai. Siriaren Alde izeneko taldea sortu da hemen, Euskal Herrian. Horko kidea ere banaiz eta lagundu izan dut, hitzaldiak ematen edo materiala prestatzen. Egia esan, askotariko jendea biltzen gara taldean eta edozeinentzat zabalik dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!