«Sari batek ez du idazlea egiten, eguneroko lanak egiten du»

Jon Miranda Labaien 2018ko urr. 14a, 09:29
Juan Kruz Igerabide, 'Abezedario Titirijaio' liburuarekin

Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria eskuratu du Igerabidek idatzi duen 'Abezedario titirijario' liburuak. «Poz handi batekin» jasoko du saria baina «egoskorra» izaki lanean segitzeko asmoa du, «orain arte bezala».

Euskal Herriko idazleen artean giro ona dutela aipatu du Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956), elkar ezagutu eta gertuko harremana dutela. Sariak, beste sortzaileekin harremanetan jartzeko aukera emango diola uste du.

Nork jakinarazi zizuen Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria eman zizutela?

Justu, epaimahai buru, Olvido García Valdesek deitu zidan. Alabaren etxean nengoen une hartan, umezain. Felix Ibargutxi kazetariak, handik bost minutura hots egin zidan, eta gero, epaimahaian egon den euskal ordezkaritzak: Mariasun Landak eta Marijo Olaziregik.

Espero al zenuen saria?

Nola bada? Egon izan naiz aldi batzuetan finalista, baina ezin duzu espero, karanbola asko gertatu behar baitira saria zuri emateko. Poz handi batekin jaso dut, horrelako gauza bat beti da pozgarria, ostiko bat jasotzea baino hobea.

Jende asko akordatu al da zurekin saria eman eta gero?

Bai, lagun guztiak. Ezagun eta lankide izanak hots egin didate, baita kultura munduko jende askok ere. Aspaldi ikusi gabeko jende batek ere, poz handia hartu du sariarekin, haiek nola piztu diren ikusteak ilusio berezia egin dit. Hori oso polita izan da.

Sari banaketa ekitaldirik izango al da?

Nik, beste batzuengandik jakin dudanez udaberrian izaten omen da. Hiri bat aukeratzen dute ez dakit zein aukeratuko duten aurten eta han biltzen dira, genero eta arlo guztietako saridunak. Arratsalde pasa bat izango da.

Zuretzako motibagarri al da horrelako sari bat jasotzea idazten jarraitzeko?

Bai, noski. Lehen ere motibatuta nengoen. Beti izan naiz egoskorra eta segitzeko asmoa nuen eta oraindik ere badut. Baina bai, horrelako gauza batek ematen dizu nolabaiteko bultzada eta proiektu gehixeagotan parte hartzeko aukera. Ni orain arte oso gustura ibili naiz atera zaizkidan proiektuetan. Ez dut izugarri aldatzea pentsatzen, baina agian, gauza berriak aterako dira sariaren aitzakiarekin. Hori ere polita da. Gainera, momentu ona da akordatzeko sari batek ez duela idazlea egiten. Sari batek, ilusioa eta poza ematen dio idazleari, laguntzen dio ekonomikoki edo bultzada bat ematen dio gizartean, baina sari batek ez du idazlea egiten; egiten du eguneroko lanak, egiten du berak lortzen duen arte mailak eta hor badaude idazle dezente, maila oso handia dutenak, eta saritu gabe daudenak. Hori kontuan izan behar da, funtsa non dagoen ez genuke begi bistatik galdu behar, sariak arrisku hori ere badu eta.

Bigarren aldia da Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria euskarazko lan bati ematen diotela.

Mariasun Landak irabazi zuen 2002an Krokodiloa ohe azpian liburuagatik. Eta etorriko al da besteren bat ere. Helduen literaturan bat baino gehiago izan dira, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi... Poesian ere euskarazko lanen bat saritzear egon dira. Ea aurrerantzean gehiago datozen.

Proportzioan, estatuko gainerako lurraldeekin alderatuta Euskal Herrian haur eta gazte literatura gehiago ekoizten da?

Antzera gabiltzala esango nuke. Haurrentzako asko argitaratzen da, batez ere, dibulgaziorako edo auto-laguntzarako, helburu hezitzailearekin egindako liburuak dira gehienak. Nik literatur maila bat eskatzen diot literatura deitu ahal izateko, eta hor, kopurua jaitsi egiten da. Beste alde batetik, hezkuntza sartzen da eta haurrari gauza atseginak eskaintzea oso garrantzitsua da. Politak eta gustuarekin eginak behar dute izan haurra irakurketara erakartzeko. Baina horko alortxo bat baino ez da literatura. Eta oraindik ere txikiagoa, poesia.

Eta 'Abezedario titirijario' lan honen helburua zein izan da?

Nik uste dut liburua zabaldu orduko garbi dagoela helburu literarioa duela. Hor hitzarekin jolas egiteko literaturan ibili izan diren modu mordo bat agertzen dira. Hurbilketa poetiko bat da eta gero hurbilketa narratibo bat badago liburuan. Ipuintxo bat azaltzen da, oso xumea eta txotxongilo eta antzerkiaren munduari lotua dagoena.

Liburuan ageri diren oihartzun sinbolisten aliterazioa, nonsense umorea, absurdoarekin duen lotura, fantasia rodariarra eta euskal tradizioaren oihartzuna nabarmendu ditu epaimahaiak. Ados zaude?

Bai. Nik uste dut nabarmena dela. Jolas rodariarrak segituan ikusten dira eta nonsenseren eragina ere bai. Denbora daramat, hain zuzen, nonsenseko autore batzuk itzultzen, beraz ikusten da horren eragina. Aliterazioaren kontu horrekin, baten batek ikusi dezake aho-korapiloen oihartzun bat, baina horiek helburu poetiko-sinboliko bati erantzuten diote, beste dimentsio bat hartzen dute. Poematxo bakoitzak zentzua du, osotasunarekin lotuta.

Abezedarioaz ari gara, beraz, helburu hezitzailea ere badu liburuak?

Abezedarioa esaten duzun momentutik badirudi letrak eta idazkera ikasteko liburu bat dela. Baina hemen, batez ere, jolaserako apustu bat dago. Eta proposamen bat dago, amaieran, jolas egiteko: 'bilatu itzazu zuk ere letren formak, naturan, gorputzean eta inguratzen zaituen guztian'. Letrak ez dira zerbait mekanikoa irakurtzen ikasteko. Letrak, forma batzuk dira eta forma horiek bazter guztietan daude. Horrek ematen dio beste dimentsio bat, dimentsio poetiko bat abezedario bati.

Soinuekin gauza bera egin daiteke.

Bai. Liburuan dagoen kode baten bitartez audio bat jaitsi daiteke eta hor beste proposamen bat dago, erritmikoa. Horrek ez du, berez, helburu pedagogikoa baina hezkuntzan ere erabil daiteke modu horretan, irakurketari beste indar bat emateko. Literaturak hori egiten du: irudimena pizten du, pertsonaren eguneroko kezka horiekin denekin lotzen du eta irakurketa bihurtzen du zerbait bizia, pertsona oso sakonera lotzen duena. Irakurketa mekaniko batek egiten ez duen gauza bat da.

Zergatik 'Letren txotxongiloa' azpititulua?

Txotxongiloa dago, nolabait, haurren fantasian. Mundu imajinarioaren irudikapen bat da. Hori alde batetik, baina bestetik, letrak hemen tratatu diren bezala, lotuta daude, batez ere, naturarekin eta gizakiok sortzen ditugun objektuekin. A eskailera bat da, S zisne bat da, H jirafa bat da... Hartzen dugu natura eta txotxongilo baten bidez irudikatzen dugu. Hori guztia, istorio batek esplikatzen du, zergatik gertatzen da hori guztia? Inguratuta gaude letren formez, guk begiratzen dugunean imajinatzen ditugu, ez daude, berez, errealitatean, baino lan honek horretako bidea eman nahi du.

Non dago zure inspirazio iturria sortzerako garaian?

Egunerokotasunean. Idazle askoren kasua da, baina niretzat behintzat baliabide iturri, inspirazio iturri, lan iturri da egunerokotasuna. Abstraktura jo baino, nahiago dut eguneroko elementuekin jolastu. Nahiz eta hori gero lotzen den irakurtzen duzunarekin, buru lanketa intelektual batekin edo gauzarik abstraktuenarekin, musikarekin, pinturarekin edo artearekin. Egunero ikusten ditugun gauzak dira liburu honetan agertzen direnak.

Zein urtetako umeengan pentsatuta dago 'Abezedario titirijario' hau?

Ez dugu adinik zehaztu erabilera maila asko dauzkalako. Audioa, adibidez, hiru urteko nire bilobak jolasteko erabiltzen du. Gero, bost edo sei urterekin, badago formetarako joera bat eta irakurtzen hasten denaren kuriositatearekin hurbildu daiteke lan honetara. Nik, batez ere, zortzi eta hamar urte arteko umeekin erabili izan dut, beraiek hasten baitira bazter guztietan letrak ikusten. Aukerak asko dira, baldin eta nondik jotzen den.

Beharrezkoa al duzu harremana txikienekin haur literatura egiterako orduan?

Ez da ezinbestekoa, idazle handiak izan dira oso lan ederrak egin dituztenak umeekin harreman handirik izan gabe. Baina niretzat hasieratik motibagarri izan da. Maisu ibili nintzen urte askotan eta hortik etorri naiz ni haur literaturara. Jarraitu dut eskoletara bisitak egiten eta emanaldiak eskaintzen. Orain bilobarekin. Harreman hori mantentzen dut niretzako naturala izan delako, hortik etorri naizelako. Agian hori izan ez banu, poema batzuk idatziko nituen helduentzat, liburu pare bat edo hiru atera eta kito. Uste dut erraz egiten dudala umeenganako hurbilketa, niri nahikoa naturala egiten zait. Ez dut ahalegin handirik egin behar jolas horiek asmatzeko eta proposatzeko. Ez du esan nahi beti ondo ateratzen denik, baina irakasle izan bazara, sukalderaino sartzea errazagoa da.

Adunako herri eskolako umeek ere zure obra bat taularatu berri dute, 'Ur: erori nahi ez zuen tanta'.

Hunkigarria izan da niretzako. Herriko umeek egitea, lan zail xamarra zena, hain txukun eta hain ondo egitea zoragarria izan da. Haiekin badut harremantxoa, sariagatik zoriondu naute euren blogean eta erantzun diet. Inguruan ere harreman asko izan ditut, Zizurkilen edota Villabonan. Oinkariko gazteekin ere aritu izan naiz. Horrek bizia ematen du. Etxean bakarrik zuk sortzen duzuna konpartitzea izugarria da; bizi poza ematen du.

Kanpokoarekin lotura hori eta harreman horiek izatea beharrezkoa izaten duzu?

Zuk idatzitako gauza baten inguruan beste pertsona batek egiten duen irakurketak, ez dut zure testua zeharo aldatzen duenik esango, baina adi egonez gero, gauza asko erakusten dizkizu. Azken batean, bihotza eskaintzen ari zaizu. Birsortu egiten da zuk sortutakoa. Aski da, beste batek irakurtzea zure testua, nola irakurtzen duen ikusi, 'honek beste gauza batzuk harrapatzen ditu' pentsatzeko. Nik bizi izan dudan esperientzia grafikoena, Botoi bat bezala liburuarekin bizi izan nuen; bigarren poeman esaten da, 'ume jaio berriak begiak ireki, bi eguzki'. Nik seme jaio berria neukan buruan eta begiak zabaldu zituen unean, nik bi eguzki ikusi nituen. Baina marrazkilariak irakurri zuenean, umearen barruan sartu, begiak zabaldu eta haurrak amaren bularrak ikusten dituela irudikatu zuen. Hori izan da bizi izan izan dudan esperientzi bortitzenetakoa. Ikusten duzu zuk idatzitako gauza bat, beste poema batean bihurtzen dela, beste pertsona baten bizipenekin lotzen denean. Hori izugarri aberasgarria da.

Haur eta gazte literatura al da zure esparrua?

Herri literatura eta poesia aztertu izan dut dezente unibertsitatean, eta lanik gehiena, haurren esparrura ekarri dut. Bestea ez dut ahazten. Gustatzen zaizkit filosofia, poesia edo narratiba, irakurri eta aztertzen ditut. Lanik handiena eta zabalena hemen, alor honetan joan da. Hori besteek esan beharko dute, baina nire ekarpen interesgarriena, baliteke, haur literaturan izatea. Besteek esan beharko dute.

Gizarteak zer nolako aitortza egiten dio haur eta gazte literaturari?

Egon da, orain baino gehiago lehen, bigarren mailako literatura bat denaren irudipena, baina geroz eta gutxiago gertatzen dela uste dut. Hemen Euskal Herrian, idazle handienak eta ospetsuenak, denek edo ia denek idatzi dute haurrentzat zerbait. Bernardo Atxagak, Koldo Izagirrek, Joseba Sarrionandiak, Mariasun Landak, Patxi Zubizarretak, Anjel Lertxundik, Harkaitz Canok... Ez dut ikusten momentu honetan atseden hartzeko egiten dutenik. Nik ikusten dut ahalegin osoa jartzen dutela, baita ere, umeentzako lan bat egiten dutenean. Duintze prozesu batean goazela esan nahi du horrek. Helduentzat ere idatzi izan dut nik. Apustu luzeagoak eta tentsio handiagokoak izaten dira, baina ahalegin estetiko gisa, ahalegin bera jartzen dut. Eta apustuak, batzuetan irabazi eta besteetan galdu egiten dira, haur nahiz helduentzako idatzi.

Ahozko euskal tradizioa dago zure lanen oinarrian. Tradizio horren transmisioa eten dela uste duzu?

Transmisioa dezente etenda dago, baina berreskuratu daiteke, zorionez, bilduta dagoelako. Berritu daiteke, jolastu daiteke tradizioarekin eta badaude hori egiteko esparruak. Esparru bat da, beti funtzionatzen duena, ohe ondoa, gurasoa eta umea. Eta ahal bada, esaten diet nik gurasoei, libururik gabe, ahotik etorri dadin. Eta gero, beste leku batzuk dira gaur egungo liburutegiak. Ardura handia dute liburuzainek ahozko tradizioa ezagutu eta liburutegira ahozko kontalariak eramateko. Ardura hori hartu behar dute lan horretan ari direnek. Bertsolaritzaren munduan, badakit kezka hori badagoela eta haurrenganako programa eder bat badute. Hor badago aukera tradizioa berpizteko, ohe ondoan, liburutegietan eta eskoletan. Lantxo bat egin daiteke, eta gainera, bazterrak gehiegi nahastu gabe, modu naturalean. Adibidez, musikako irakasleek bakarrik ez, batez ere txikienekin dabiltzan irakasleek, leloak kantatu behar dituzte. Hori ia-ia denborarik hartu gabe, modu naturalean egin daitekeen gauza bat da, eragin izugarria izan dezakeena. Horrek gero hizkuntza sena indartzen du eta umeekin ezinbestekoa da lan hori. Lehen hori, herri batean bizi bazinen berez zetorren, baina gaur egun ardura pixka bat jarri behar da, mila gauzagatik etena etorri delako. Konturatzea eta hastea bakarrik da.

Interneta eta sare sozialak baliatu al daitezke tradizioaren transmisiorako?

Bere lekura eraman behar direla iruditzen zait, eta kostako zaigu. Gizakiontzat baliabide izugarri bat da Interneta. Baliabideekin zer gertatzen da? Ez badira modu egokian erabiltzen kaltegarri bihurtzen direla. Neurologoek ere esaten dute, zenbat eta adin txikiagoa izan, orduan eta gutxiago erabili behar dira gailu horiek, baita telebista ere. Baina gero edukiaren kontua dago. Interneten badaude eduki onak, badaude herri tradizioa jasotzen duten edukiak. Badaude pieza ederrak, literarioki, musikalki... aukeratzen ikasteko zentzu pixka bat behar da. Honek eskatzen du formazio bat gurasoentzat eta serio hartu beharra dago erauntsia ikaragarria delako. Frustrazioa eragin gabe, alternatiba politak eskainiz, nora jo jakin behar da, bestela aurrena datorkiguna irentsiko dugu. Kolpetik etorri zaigu eta guk geuk ere trasteak ondo maneiatzen ez ditugula harrapatu gaitu aldaketak.

Zein lan duzu eskuartean epe motzera?

Aste honetan inprentara joango da Euskal herrietako ipuin gaiztoak izenekoa, Elena Odriozolaren irudiekin. Trilogia bat da eta hau dugu bigarren lana. Saila osatzeko, laugarren bat egingo dut nik asmatua. Baina hori aurrerago izango da. Helduentzako aforismoak atera berriak ditut eta hurrengo liburua auskalo noiz aterako dudan. Badaukat material dezente, baina landu egin behar da. Poesian, berriz, zain nago. Gauzatxoak dauzkat, baina ez liburu baterako lain, gauza solteak baizik. Ez daukat presarik. Narratiban ere badago historia bat kontatu nahi dudana, oso gertutik bizi izandakoa, fikzio bihurtuko dena. Hori ere egunen batean kontatu nahi nuke, ez dakit noiz, baina asmoa badut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!