Jendetsua izaten ari da Larraulgo kultur astea

Ataria 2018ko azaroaren 28a

Atzo, 19:30ean, Euskal kantagintza berriaren historia laburra emanaldia eskainiko du Antoni Tolosa Morauk kultur etxean.

Arrakastatsuak izaten ari dira Larraulen kultur astearen barruan antolatu dituzten ekitaldiak. Astelehenean Zer litzateke Euskal Herria trikitixa gabe? hitzaldia eskaini zuten Haritz Garmendiak eta Josu Arrizabalagak eta asteartean Sanferminak 78: Hilketa baten testuingurua hitzaldia eman zuen Nerea Perez Ibarrola NUPeko irakasleak. 

Bihar Aritz Saidik, Sirian gertatzen ari denaren inguruko azalpenak emango ditu 19:00etan eta ondoren, Larraulgo Ostatuak bakailaoren inguruan eskainitako pintxo pote kulturala izango da.

Etzi, Juan Kruz Igerabide izango da liburutegian, Haur eta Gazte Literatura sari nagusia irabazi duen Abezedario titirijario liburua aurkeztu eta ipuin kontaketa saioa egingo du. Afaritarako, berriz, Joxe Ramon eta Urki Galarraga txiste kontalariak gonbidatu dituzte.

Larunbatean izango dute, kultur asteko ekitaldi nagusienetako bat. Niko Etxart eta Robert Larrandaburuk kontzertua eskainiko dute San Esteban elizan, 20:00etan. Mikel Laboaren heriotzaren 10. urtemugarekin bat etorriko da kontzertua eta horregatik Larraul inguruko hainbat herritar kantu bat prestatzen ari da, larunbateko emanaldian eskaintzeko.

AZAROAK 28

19:30. Euskal kantagintza berriaren historia laburra hitzaldia. Hizlaria: Andoni Tolosa.

AZAROAK 29

19:00. Zer ari da gertatzen Sirian? hitzaldia. Hizlaria: Aritz Saidi.

20:30. Bakailaoa historian zehar pintxo pote kulturala, Larraulgo Ostatuan.

AZAROAK 30

16:30. Haur merienda Katillutxulo elkartean.

17:30. Abezedario titirijario liburu aurkezpena eta ipuin kontaketa Juan Kruz Igerabiderekin.

21:00. Afaria Katillutxulo elkartean Joxe Ramon eta Urki Galarragatarrak txiste kontalariekin.

ABENDUAK 1

16:15. Mus txapelketa Katillutxulo elkartean.

18:00. Patata tortilla lehiaketa.

18:00-20:00. Egutegirako argazki aukeraketa.

20:00. Niko Etxart eta Robert Larrandabururen kontzertua San Esteban elizan.

ABENDUAK 2

18:00-20:00. Egutegirako argazki aukeraketa.

18:00. Talo eta gaztaina jatea Katillutxulo elkartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!