Berrobiko Soronea baserrian erein zen Soronea-Ammma mendi korrikalari taldearen hazia, eta dagoeneko uzta jasotzen ari da. Orain dela bi asteburu kluben arteko Espainiako Txapelketa irabazi zuten taldeka, bai emakumezkoetan, baita gizonezkoetan ere. Hori gutxi ez, eta Estel Roig eta Oier Zubeldia taldeko korrikalariak gailendu ziren emakumezkoen zein gizonezkoen lasterketan.
Irabazitakoa «sekulakoa» den arren, Alex Jimenez (Pasai Donibane, 1985) taldeko entrenatzaileak hankak lurrean ditu: «Espainiakoa irabazteagatik ez gara estatuko talderik onena. Kontziente gara egun berean beste zenbait lasterketa garrantzitsu egon zirela. Munduko txapelketa eta Gorbeia Suzien, besteak beste. Maila banatu egiten da. Ez gara honetaz bizi, eta astelehenean lanera joan behar dugu. Hala ere, polita da horrelako talde batek halako emaitzak lortzea, eta horrekin geratzen gara. Aurten dena biribil atera da. Espainiakoaz gain, Euskadiko Txapelketa ere irabazi dugu taldeka nesketan eta mutiletan, baita Txindokiko kilometro bertikala ere». Jimenezen hitzetan, Euskadiko Txapelketan gizonezkoek erakustaldia eman zuten bezala -lehen hamarren artean taldeko bost korrikalari geratu ziren-, Espainiakoan emakumezkoek eman zuten erakustaldia.
Mendi lasterketei dagokienez, elitean ohikoa da marken bitartez korritzea. Soronea-Ammma taldea, ordea, korrontearen kontra doa. Jimenezek argi du zein den euren filosofia: «Korrikalariek gozatzea nahi dugu. Inoiz ez didazu entzungo esaten irabazi egin behar dugula. Kirolariak gozatzen badu, eta lasai badago, bere maila emango du. Korrikalariek askatasuna dute nahi duten egutegia egiteko. Gure filosofia da talde lanari garrantzia ematea. Horregatik uste dut parte hartu behar dugula Euskadiko eta Espainiako taldekako txapelketetan».
Horren harira, Espainiako Txapelketan lortutakoa izan du hizpide. «24 korrikalarik osatzen dugu taldea: hamabi neska eta beste hainbeste mutil. Guretzat oso baliagarria da talde lana. Malagan oso pozik egon gara, eta oso argi dut taldekako txapelketetan egon behar dugula. Bestela, beste proiektu bat izango litzateke, beharbada alor indibidualari balio handiagoa emango liokeena. Niri, ordea, talde lanak asebetetzen nau».
Soronea-Ammma taldea duela hiru urte sortu zen arren, sei urte atzera ekin zion filosofia bereko proiektu bati Jimenezek, Camp Baserekin. Taldeko entrenatzaileak azaldu du orduan Camp Baseko Euskal Herriko arduraduna zela, eta marketineko estrategia moduan, talde bat sortu zutela inguruko korrikalariak laguntzeko, «sare sozialen eraginetik kanpo»: «Korrikalari hauek etorri zitzaizkidan burura: Ibai Madina edo Iñaki Olano. Garaian, lehenak T2T irabazi zuen, eta bigarrenak lasterketa asko irabazten zituen. Ez zuten Instagramik. Ez zitzaidan bidezkoa iruditzen horrelako korrikalariei produktuetan ez laguntzea, eta bai, ordea, influencer direnei, mailarik izan gabe». Berastegiko mendi elkartean federatu ziren, eta Instagram kontu bat sortu zuten, horren bitartez, korrikalarien berri emateko.
Horrela hiru urte egin ostean, Camp Base enpresa utzi zuen Jimenezek, eta Soronea-Ammma taldea sortu zuen. Eta, nola ez, taldeak, baserriaren izena darama: «Soronea etxea dugu, Tolosako dendan 20 urte baino gehiago daramate lanean nire bikoteak eta haren ahizpak… Beraz, nire lanaren truke, Soronea izena jarri genion», esan du barre artean taldeko entrenatzaileak. Ondorengo pausoa babesleak bilatzea izan zen. Jimenezek Ammmako bazkide bat ezagutzen zuen, hari proposamena egin, eta elkartu egin ziren Soronea-Ammma taldea sortuz.
Talde «umila»
Ekonomikoki talde «umila» den arren, Jimenezek adierazi du horretan ere urtez urte hazten joan direla. Orain dela hiru urteko Espainiako Txapelketan, nork bere bidaia ordaindu zuen Soriara, eta emakumezkoak txapeldun geratu zirenez, ekipazio berri bat sortzeko adina diru izan zuten. Orduan 40 korrikalari zeuden Berrobiko taldean; orain, ordea, 24 daude: «Askoz familiarragoa da oraingoa. Gusturago gaude, eta nabaritzen da giroan. Inplikazioa, konfiantza eta babesa ezinbestekoa da». Neska eta mutil kopuru bera izatea taldean, garrantzitsua da taldeko entrenatzailearentzat: «Beste talde batzuk mutil asko dituzte, eta lau neska bakarrik. Horren eraginez ere, finantziazio gehiago sortu zen, eta emaitzek ere, noski, lagundu zuten. Izan ere, Espainiako txapeldunak izanda, eta inguruko lasterketak irabazita, erraztasunak izan genituen babesleak edukitzeko».
Momentu honetan zortzi babesle ditu Soronea-Ammma taldeak. Soronea denda ekologikoa, Ammma, CMO Valves, Garaje Tolosa, Iar eraikuntzak, Agirre kirolak, Herttel, Gipuzkoa Kirolak, eta Udarko. Jimenezek aurreratu duenez, datorren urtean CMO Valves izango da babesle garrantzitsuenetariko bat. «Datorren urtean Soronea-Ammma-CMO Valves izango da taldearen izena, eta logoa ere aldatuko dugu. Horrez gain, Jomarekin akordio batera iritsi gara, eta datorren urtetik aurrera, elkarlanean ariko gara».
Berrobin sortutako proiektua denez, korrikalari gehienak eskualdekoak dira edo eskualde ingurukoak. 24tik bederatzi dira eskualdekoak: Ainhoa Garikano, Leire Elola eta Julen Azkue tolosarrak dira, Iñaki Olano altzotarra, Ibai Madina eta Alex Jimenez berrobitarrak, Axier Artola eta Oier Zubeldia amezketarrak, Hassan Aichaou billabonatarra, eta Ion Azpiroz berastegiarra. «Giroa sortzeko hemengo jendea hartzen dugu. Hemendik mendi bueltak egiteko, eta hemengo lasterketak korritzeko. Hiru nafar daude, eta gainerakoan, ia denak gipuzkoarrak dira».
