elkarrizketa

«Honetaz bizitzea oso zaila da, baina iritsi naizen lekura iristeak zoriontsu egiten nau»

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Iglesias Sarasola 2025eko urriaren 9a

Suitzan bizi den kataluniarra da Estel Roig. Orain dela hiruzpalau urte hasi zen mendi lasterketetan lehiatzen, eta berriki Scott markarekin sinatu du.

Soronea-Ammma taldearekin «ausaz» bat egin zuen Estel Roig (Terrassa, Katalunia, 1997) mendi korrikalariak. Alex Jimenez entrenatzaileak Pere Aurell korrikalari profesionala ezaguna zuen, eta Aurellek Katalunian korritu zuen lasterketa berean parte hartu zuen Roigek, baita irabazi ere. Jimenezek lasterketa hura Aurellengatik ikusi, eta Roigen berri izan zuen. Joan den otsailean batu zen Roig Soronea-Ammma taldera. 17 urterekin AEBetara joan zen. Beka bat zuen hockeyan jokatzeko eta unibertsitatera joateko. Ondoren, master bat ikasi zuen, baina hockeya utzi behar izan zuen, hango unibertsitateetan kirolean 4 urte baino gehiago ezin direlako egin. «Beste kirol bat bilatu behar izan nuen, eta halaxe hasi nintzen bizikletan eta korrika. 2022an masterra bukatu nuenean, Suitzara joan nintzen lanera». Aurten Euskadiko Txapelketa eta Espainiakoa irabazteaz gain, Tenerife Bluetrail 100 kilometroko lasterkan eta T2Tn ere gailendu da, besteak beste.

Nola bizitu zenuen Espainiako Txapelketa?

Mendi lasterketen kirola, oro har, indibiduala da, eta taldearekin lehiatzea oso berezia da. Ez da oso ohikoa, gainera. Asko gozatu nuen taldearekin: Malagan batera lo egin genuen, goizean entrenatzera joateko prestatu ginen, batera afaldu genuen, goizeko bostetan esnatu ginen lasterketarako… Lehiatzerako garaian ere, ez duzu bakarrik zure buruarengan pentsatzen, baita taldekideengan ere. Ikuspuntua aldatzen da, eta asko gozatu nuen. Gainera, eguraldi paregabea egin zuen. Beldurra nuen ez ote zuen bero askorik egingo, baina azkenean, lasterketa oso polita izan zen.

Espainiakoan bezalaxe, Euskadikoan ere lasterketa irabazi zenuen, baita taldekakoa ere. Estatuan baino maila altuagoa al dago Euskal Herrian?

Zaila da galdera horri erantzutea, Euskal Herrian taldearekin bakarrik korritzen dudalako. Baina egia da talde asko dagoen lurralde bat dela, eta interes handia dagoela mendi lasterketekiko, Espainiako Estatuko toki guztietan baino gehiago. Beharbada horretan Katalunia ere bada salbuespena. Nabaritzen da kirolarekiko pasioa badagoela. Astebururo mendi lasterketak daude, eta ni beti irrikaz egoten naiz taldearekin korri egiteko.

Orain dela gutxi Mont Blanceko lasterketa korritu zenuen; 61 kilometrokoa. Halako distantziak korritzen dituzu?

Bai, ultra diren lasterketa dezente korritzen ditut, beraz, esan daiteke ohituta nagoela. Aurten aurrenekoz 100 kilometroko lasterketa korritu dut: Tenerife Bluetrail. Ultrak gustuko ditut, baina ikusten ari naiz lasterketa motzagoetan, eta desnibel askokoetan ondo moldatzen naizela. Disfrutatzen ari naiz lasterketa motz horietan; beraz, beharbada halako gehiago korrituko ditut.

Joan den ekainean Scott markarekin sinatu zenuen kontratua.

Marka batekin sinatzea betetako amets bat izan da. Oraindik zerbait falta zait profesionala izateko, ez dakit maila ba ote dudan… Oxala gorenean egotea, baina entrenatzen jarraitu behar dut, eta lehiaketetan emaitza onak lortu. Kirol honetaz bizitzea oso zaila daa, ez dakit inoiz esan ahalko dudan, baina iritsi naizen lekura iristeak zoriontsu egiten nau. Entrenatzen gozatzen dut, baita lehiatzen ere, eta orain arte egin dudana egiten jarraituko dut. Datozen helburuak horrekin lotuta datoz. Datorren urtean saiatuko naiz emaitza onak izaten, ikusteko benetan ea maila altua dudan ala ez profesionala izateko, honetaz bizitzeko. Denbora asko da, ordu asko dira, eta ardura handia da. Nazioarteko lasterketak korritu nahiko nituzke. Zegama korritzea gustatuko litzaidake, baita CCC UTMB Mont Blanc-eco 100 kilometroko lasterketa ere.

Zer nabarmenduko zenuke Euskal Herriko paisaiaz eta lasterketetan egoten den giroaz?

Lurralde ederra da, eta iruditzen zait ezkutuan dagoela. Sekretu bat izango balitz bezala. Jendea Euskal Herrira etortzen da, baina beharbada ez du mendietan ibiltzean pentsatzen. Hain justu ere, menditik zoazenean eta disfrutatzen duzunean, konturatzen zara toki ederra dela entrenatzeko, baita lehiatzeko ere. Gainera, itsasoa gertu duzu, mendia ere baduzu, janaria oso ona da. Pakete baten modukoa da. Horrek denak egiten du berezi Euskal Herria; ez da bakarrik korri egitea, esperientzia bat bizitzea baizik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!