elkarrizketa

«Urrun ikusten nuen selekzioa, ez nuen horretan pentsatzen»

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Iglesias Sarasola 2025eko urriaren 9a

Denboraldi ezinhobea osatzen ari da Zubeldia. Berriki Espainiako Txapelketa irabazi du, eta datozen asteetan Euskal selekzioarekin lehiatuko da. Asteburu honetan Irlandara doa.

Umetatik pilotan jokatu du Oier Zubeldiak (Amezketa, 1998). 17 urterekin, eskuko mina zuela-eta, utzi egin behar izan zuen. Geroztik, kotxeekin gora eta behera aritu da: «Nire kapritxoa da». 2022an Txindokiko kilometro bertikala berriro antolatuko zutela jakitean, mendian korrika hasi zen, gaur arte. Aurten sartu da Soronea-Ammma taldean. Kolazino Euskadiko Kopako lasterketa irabazi zuen, baita Garingoa ere, eta berriki Espainikoan altxa ditu besoak. Horrez gain, podiumean izan da Negu Trailen, Ordizian, eta Galdamesen jokatu zen Euskadiko Txapelketan, besteak beste.

Espero zenuen Espainiako Txapelketa irabaztea?

Joan nintzenean ez nuen halako aurreikuspenik. Lehen bost sailkatuen artean geratzeko aukerak ikusten nituen. Lasterketa hasi eta berehala oso ondo sentitu nintzen, eta irabaztea lortu nuen. Oso pozik amaitu nuen. Gainera, taldeka ere lehenak izan ginenez, asteburua biribila izan zen.

Eta Euskadiko Txapelketan bigarren egin zenuen.

Asier Azkarate irabazlearekin, ia ibilbide erdia batera egin nuen, gero aurretik jarri nintzen, baina bidean galdu egin nintzenez, bigarren bukatu nuen. Pena handia eman zidan, baina horrelaxe izan zen.

Erdi maratoiak korritu izan dituzu, baita zenbait irabazi ere. Txindokiko kilometro bertikalean laugarren egin zenuen…

Bai, 2022an Txindokiko Bertikala berrio antolatu zutenean, aitzakia horrekin hasi nintzen mendian korrika. Txindokin entrenatzen aritzen nintzen, eta aurrena lasterketa bertikalak korritzen hasi nintzen, gero motzagoekin jarraitu nuen, 15 bat kilometroko lasterketekin, eta orain, 25-30 kilometrokoak korritzen ditut. Gainera, aurten aurreneko aldiz maratoiko distantziara salto egin dut. Zegaman korritu nuen. Hala ere, 25-30 kilometroko lasterketetan, 2-3 ordukoetan, sentitzen naiz ondoen.

Zegaman lehen gipuzkoarra izan zinen. Zer moduz maratoiko distantzian?

Oso gogorra izan zen. Gainera, niretzat, korri egiteko bero handia egin zuen, hezetasun handia zegoen. Asko sufritu nuen, karranpekin ibili nintzen lasterketa erditik aurrera, eta bukaera oso-oso luzea egin zitzaidan. Sekulako esperientzia izan zen. Gainera, euskal selekzioarekin korritu nuen; lagunak eta familiakoak animatzen zeuden... Oso-oso polita izan zen.

Euskal selekzioarekin ere beste zenbait lasterketa korritu dituzu. 

Urte hasieran Malagara joan nintzen, eta iaz ere beste bi lasterketa korritu nituen Euskal selekzioarekin. Malagako lasterketa gaizki atera zen, aurrenekoz lasterketa bat utzi behar izan nuen. Asteburu honetan Irlandara noa, eta bi asteetara Asturiasera, Munduko Kopa korritzera, Sky Running-eko lasterketa bat da.

Euskal selekzioarekin halako lasterketetara joatea, saria izango da zuretzat, ezta?

Bai, sekulako saria da. Mendian korrika hasi nintzenean, ez nukeen hau imajinatuko. Euskal selekzioa urruti ikusten nuen, ez nuen horretan pentsatu ere egiten. Orain Euskal selekzioarekin lasterketetan ibiltzea, eta horrelako aukerak izatea kanpora joateko, lekuak ikusteko, esperientzia bizitzeko... Oso polita da.

Datorren urtean zer?

Azken bi urteetan ezin izan dut T2Tn parte hartu, eta gogoa dut egiteko. Beraz, datorren urtean T2T korritu nahi dut. Zegama ere egingo dut, dortsala baitaukat, eta ondo prestatu nahi dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!